Mikrofonoak eskuan hartuta eta bozgorailua alboan, Buenetxea tabernan eman zioten hasiera ekimenari 18:30ean. Eguraldi freskoa egin arren, establezimendu kanpoan kantatu zituzten lehen bertsoak Araitz Ramosek, Maddi Lasak Urko Arakistainek eta Leire Ormazabalek. Errimatutako lehen hitzak aireratuta, Ilargi tabernara lekualdatu ziren gero. Hor egin zuten saioaren bigarren geldialdia eta handik, berriz, Jalgira jaitsi ziren. Bertan, aurreko bi tabernetan egin bezala, mokadua jatera edota tragoa hartzera joandako herritarren aurrean aritu ziren. Giro atsegina antzeman zen; esku zartak jaso zituzten egindako lanaren eskertza keinu gisa.
Sariketa, Mirentxun
Gaur, berriz, Imanol Lizardi II. Bertsolari Gazteen Sariketa jokatuko dute Mirentxun, 18:00etatik aurrera. Sei bertsolari ariko dira jendaurrean: Urko Arakistain, Kattalin Arabaolaza eta Maddi Lasa (herritarra) gipuzkoarrak; Enara Gallastegi eta Ekhi Zuloaga bizkaitarrak; eta Jokin Onaindia arabarra. Gaiak jartzeaz, berriz, Olatz Zuazubiskar arduratuko da.