Bertsolaritzan eta euskalgintzan lan eskerga egin zuen Imanol Lizardi herritarraren izena daraman egitasmoaren helburu nagusia da diziplina horri emandako urteroko espazioa sendotzea. Norabide horretan, iaz aste osoko egitaraua antolatu zuten aurrenekoz eta "aurrerapauso bat" egin dute aurten, "adierazpide horri herritar guztiengana hurbiltzeko egin duen apustuan", Alkortak jakinarazi duenez. "Ekimen parte hartzaile eta irekien bidez euskara naturaltasunez bizitzea nahi dugu, dibertsiotik eta sormenetik".
Lau jarduera egingo dituzte hilaren 24tik 28ra, "bertso mundua herritarren eskura jarri eta batez ere gazteen artean euskal kulturarekiko interesa sustatzeko". Bertso Garbitzailea ikuskizunarekin irekiko dute programa: Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak, Sasoeta-Zumaburukoak nahiz Garaikoetxea-Landaberrikoak, kultur etxera joango dira 15:15ean. Estudianteak gerturatu nahi dituzte euskarazko inprobisazioaren alorrera. Hiru egun geroago, ostegun arratsaldez, Earra! eskolako ikasleek bertso-poteoa egingo dute erdigunean barrena, 18:30ean hasita. Eta hurrengo egunean Imanol Lizardi II. Bertsolari Gazteen Sariketa jokatuko dute Mirentxun, 18:00etatik aurrera. Sei bertsolari gazte hauek ariko dira finalean, iazko irabazle Hegoi Amabizkaren lekukoa nork hartuko: Urko Arakistain, Kattalin Arabaolaza eta Maddi Lasa (lasarteoriatarra da) gipuzkoarrak; Enara Gallastegi eta Ekhi Zuloaga bizkaitarrak; eta Jokin Onaindia arabarra. Olatz Zuazubiskar izango da gai jartzailea; epaimahaikideak, berriz, Unai Muniain eta Amaia Otxotorena.
Lehiaketa horrek fase orokor bat izango du eta horretan puntu gehien eskuratzen dituzten bi bertsolariak buruz buru ariko dira. Irabazleak 400 euro, saria eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 200 euro eta oroigarria. Antolatzaileek aurreratu dute gainerako partaideak, epaimahaikideak eta gai jartzailea ere sarituko dituztela.
Azkenik, bertso astea biribiltzeko, argazki erakusketa bat jarriko dute Jalgi Kafe Antzokian, hilaren 25etik 30era, 10:00etatik 22:00etara. Aukeratu dituzten irudien bidez Imanol Lizardi zenaren lana eta bertsolaritzak gure herrian utzitako arrastoa erakutsiko dute.
"Balio handiko tresna"
Earra! bertso eskolako ordezkari Joxe Krutz Labakak bertsolaritzaren garrantzia nabarmendu du: "Balio handiko tresna hezitzaile eta kulturala da: gazteen artean adierazpena, entzumena eta sormena sustatzen ditu". Ildo horretatik, euren xedea da bertsoak "bizirik" jarraitzea belaunaldi berriengan: "Horretarako, euskara hizkuntza hurbil, interesgarri eta erabilgarri gisa sentitu behar dute".
Labakak eta Alkortak jakinarazi dute antolatu dituzten ekimen guztiak "irekiak eta doakoak" direla. Hori horrela, lasarteoriatar guztiak parte hartzera animatu dituzte.
Egitaraua
Hilak 24, astelehena
- 15:15ean, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Bertso Garbitzailea ikuskizuna, LH5 mailako ikasleentzat.
Hilak 27, osteguna
- 18:30ean hasita, erdigunean barrena, bertso poteoa Earra! bertso eskolakoen eskutik.
Hilak 28, ostirala
- 18:00etan, Mirentxun, Imanol Lizardi II. Bertsolari Gazteen Sariketa.
Hilaren 25etik 30era (bi egunak barne)
- 10:00etatik 22:00etara, argazki erakusketa: Imanol Lizardi zenaren figura eta bertsolaritzak Lasarte-Orian utzitako arrastoa.