"Parte hartze arrakastatsua" izan duen Euskal Jaia izan da aurtengoa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 24a, 13:31

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak Euskal Jaiaren gaineko balorazio "oso positiboa" egin dute. "Parte hartze arrakastatsua, jai giroa eta herriko eragileen inplikazioa" nabarmendu dituzte

Euskal Jaia "indartsu" itzuli dela azpimarratu du Agustin Valdivia alkateak agerraldiari hasiera emateko, eta esan, herritarrek eta Lasarte-Oriako eragileek "gogotsu" hartu zutela parte festan. Gaineratu du giroa "paregabea" izan zela, eta zenbait unetan San Pedro Jaiak ziruditela. 

Hori hala izatearen arrazoiak zeintzuk diren ere azaldu ditu alkateak; bi nabarmendu ditu: egitarau erakargarria, eta herriko eragileen parte hartze izugarria. Azken horiek egindako esfortzua balioa jarri du: "Ahalegin hori ikaragarria izan da. Aurreratu genuen Euskal Jaia indartzeko eta erreferentziazko hitzordua bilakatzeko asmoa genuela, eta horretarako baliabideak jarri ditugu. Jardueren eskaintza izan da horren isla".  Udal ordezkariak emandako datuaren arabera, orotara 250 bat herritar inplikatu dituzte, eta horrek, festari "herri izaera eta nortasuna" eman diola. Era berean, etorkizuneko Euskal Jaiak antolatzeko bidea zein den erakutsi duela ere. 

Euskara saileko zinegotzi Estitxu Alkortak hitz egin du gero. Aurrera, etorkizunera begira jarri da, eta esan du Euskal Jaia sustraitzea nahi bada, ospakizun horrek jarraipena izatea eta erreferentziazko data bat edukitzea "ezinbestekoa" dela. Datozen urteetan ospakizunak segida izango duela ziurtatu du udal ordezkariak, eta esan, data zehaztu bezain laster iragarriko dutela. 

Askotariko jarduerak

Aurtengo jaian hamasei jarduera aurrera eraman dituzte antolatzaileek, eta horietako batzuk errepasatu ditu Alkortak. Kontatu du ekitaldi arrakastatsuenetariko bat izan dela Dinagu kolektiboak antolatutako Euskal Herriko emakume sortzaileen azoka; nabarmendu du horrek iraun bitartean, Okendo plazak "itxura paregabea" hartu zuela. 

Herri bazkariaz mintzatu da gero. Bertaratzeko salgai jarritako ehun txartelak egun gutxitan agortu ziren eta hori hala izanik, datorren urterako kopuru hori gehitzeko asmoa agertu du udal ordezkariak. 

Adierazi du, halaber, nabarmendu du arratsaldeko buruhandi eta trikitilarien kalejiran eta plaza dantza saioan herritar askok parte hartu zutela. 

Eguna agurtzeko antolatutako Gozategiren kontzertuaren gainean, berriz, esan du festari "amaiera bikaina" eman ziola: "Plazak sanpedrotako kontzertuen itxura hartu zuen, atzeraino beteta". 

Hobetzeko alderdiak

Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Mari Karmen Ormazabalek, berriz, Euskal Jaia euskal kultura, nortasuna eta euskara hauspotzeko helburuak ere badituela ekarri du gogora, eta nabarmendu, hori sustatzea ardura herriko eragileena bezainbeste dela norbanakoena ere. 

Datozen edizioetarako hobetu beharreko zenbait alderdi ere mahaigaineratu ditu Ormazabalek. Alde batetik, adierazi du jende gutxi animatu zela Euskal Jantzia janztera: "Herritarrak baserritar jantziekin parte hartzera animatzen ditugu. Badakigu ohitura berriak finkatzeak denbora behar duela, baina lanean jarraituko dugu betiko estetika ere ospakizun honen parte izan dadin”. Bestetik, aipatu du herriko hainbat eragilerengana ez iritsi izana; horren harira, datozen urteetara hutsune hori landu eta horiengana iristeko asmoa agertu du, Euskal Jaiak bezalako festa erraldoiak ahalik eta parte hartze handiena izan dezan.