Agustin Valdivia alkateak, udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Arkaitz Illarramendik eman dituzte Euskal Jaiaren gaineko xehetasunak. Dotore agertu da hirukotea, koadrodun euskal zapia lepoan jantzita.
Agerraldiari hasiera emateko Valdiviak hartu du hitza, eta esan egitasmoaren xedea dela hori herrian errotzea eta lasarteoriatarren agendan erreferentziazko hitzordu bilakatzea. Gaineratu du, hori hala izan dadin, Lasarte-Oriako eragileen lankidetza eta partaidetza ezinbestekoa dela, eta horiek guztiek izan duten jarrera eta parte hartzea balioan jarri ditu: "Oso eskertuta gaude, eta neurri handi batean, gaur aurkezten ari garen egun osoko egitaraua osatzeko ezinbestekoak izan dira".
Hala, jakinarazi du lankidetzak emandako emaitzarekin "oso pozik" dagoela, modu batean edo bestean eragileen parte hartzea "handia" izan delako. Horietako bakoitza ekarri du gero gogora; hauek dira: Hamaika doinu txistulari taldea, Pontxo eta Tomas txalapartariak, Xumela korua, Intza Pilota Elkartea, Telleria harri jasotzaileak, Landaberri eta Sasoeta ikastetxeak, Ostadar SKT, LOZET, Ttirriki-Ttarraka, Earra Bertso Eskola, Erketz EDT, Plaza dantza taldea eta Oaintxe in deu! txaranga, besteak beste.
Euskara saileko zinegotzi Estitxu Alkortak hitz egin du gero. Esan du hamabi orduko egitarau "erakargarria" ondu dutela, eta hori, !askotariko adin tarte eta publiko zabalari! zuzendutako jarduerez beteta dagoela, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dutelako. Gauzak horrela, lasarteoriatarrak antolatu dituzten ekimenetan parte hartzera animatu ditu, eta, noski, baserritar janztera ere gonbidatu ditu.
Valdiviaren hitzartzeari erreferentzia eginez, esan du herriko eragileek "nortasuna" emango diotela Euskal Jaiari. Dinagu Kolektiboak aurrera eramango duen azokaz mintzatu da. Azaldu du Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizleen 25 postu izango direla. Okendo plazan izango da hori, 11:00etatik 14:00etara arteko ordutegian. Era berean, iragarri du Okerra harriarekin erakustaldia egingo dutela harri jasotzaileek, eta aipatu du Mikel Bermejo umoregilearen bakarrizketa saioa ere. Nabarmendu du festa egunari amaiera emateko Gozategi taldearen emanaldia izango dela.
Euskara eragileei aintzatespena
Euskal Jaiak ez du, ordea, ospakizun festa soil bat izatera mugatu nahi; hala adierazi du Alkortak; euskal nortasuna, kultura eta hizkuntza sustatzeko helburua ere badu. Gauzak horrela, 14:00etatik aurrera, herriko euskara eragileek omentzeko aitortza ekitaldia egingo dute Okendo plazan. Horren guztiaren harira, honako adierazpenak egin ditu gero: "Guztion ardura da euskara sustatzea eta indartzea. Guri, udalari, dagokigu baliabideak eskaintzea, baina argi daukagu aurrera urratsak emateko, herritarren beharra dugula, eta hor, ardura partekatua da. Erabilerarena norbanakoen ardura eta hautua da, baina herriko eragileek bere eguneroko jardunean euskararen alde erakusten duten jarrerak, txanponaren alde batera edo bestera erortzea eragiten du".
Hori esanda, euskararen aldeko hautua egitera deitu ditu herritarrak, eta baita herriko elkarteak ere, eta horiek guztiek Ahobizi eta Belarriprest txapak janztera animatu, eta esan, horiek Euskal Jaiaren irudiarekin sortu dituzten merchandising produktuak saltzeko jarriko den mahaian banatuko dituztela.
Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Arkaitz Illarramendi izan da hirugarren eta azken hizlaria. Herri bazkariaz mintzatu da. 14:30ean izango da, Askatasunaren parkean, eta oraindik orain bertaratzeko txartelen bat edo beste badago; hori erosi nahi duenak, aipatu elkartera joan behar du bulegoko ordutegian (09:00etaik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara). 30 euro balio dute, eta bazkariko menua honakoa izango da: entsalada, zikiroa eta azkenburukoa.
Amaitzeko ohartarazi du aurten haurrentzako menu berezirik egongo ez bada ere, antolatzaileek mahaiak jarriko dituztela bertan haurrei bazkaria eman ahal izateko.