"Lasarteoriatar guztiek" gozatutako sanpedroak izan direla nabarmendu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 9a, 09:10

Ekainaren 26ko haurren txupinazoa jaurti ostean lehertu zen festa.

"Txantxetan ari garela irudituko zaizue agian, baina jada hasi gara 2026ko San Pedro Jaiak prestatzen". Agustin Valdivia alkatearen hitzak dira, aurtengo festak amaitu berritan Festak departamentuko zinegotzi Txus Alonsorekin batera egindako balantzean esandakoak. Ekain bukaerako bost egun horietan bizitako guztiaz osatuta, adin tarte guztietako lasarteoriatarrek gogotik gozatu dutela adierazi du alkateak, neurri handi batean, udalerriko gune desberdinetan ekimen ugari aurrera eraman dituztelako aldi berean. "Edozein larunbatetan" jazo zitezkeen liskar eta borrokak gertatu direla onartu badu ere, nabarmendu du eraso sexistarik ez dela gertatu: "Sanpedroez gozatzeko gogoa izan dute guztiek, betiere ingurukoak errespetatuta". 

Beste gauza bat ere azpimarratu du Valdiviak: Manttangorri hiribusak festetako gau guztietan emandako zerbitzua. "Parranda egiten hasteko adinean dauden seme-alaben gurasoek kalean geratu eta zoriondu egin naute. Joan-etorriak gauero egiteak eta Lasarte-Oria goialdean dauden auzoetara iristeak lasaitasuna eman die". Alonsori hitza eman aurretik, zinegotziak sanpedroetan zehar egindako lana eskertu dio: "Ez dakit nola egiten duzun, Txus. Zugatik ez balitz, bizi izan ditugunak bezalako festak ez lirateke posible izango".

Beroari aurre egiten

Jaietako protagonista nagusietako bat "beroa" izan zela adierazi du Alonsok, eta, alternatibak bilatzen saiatu diren arren, batez ere arratsaldeetarako programatutako ekimenetatik bakarra aldatu ahal izan zutela tokiz, Trapu Zaharra konpainiaren emanaldia hain zuzen. Hala ere, nabarmendu du programatutako jarduera guztiak egin ahal izan zituztela eta horietaz guztietaz gozatu zutela lasarteoriatarrek, batez ere (etxeko gaztetxoenek) ekainaren 29ko ur parkeez, Andatza plazan. "Hiru urtean aurrenekoz eguraldi ona egin zuen ekimen hori antolatu genuen egunean", adierazi du zinegotziak, umorez. 

Isla plazan egin zituzten emanaldietarako jarritako karpa ere aipatu du Alonsok: "Eguzkia ala euria, helburua izan da bertaratzen zirenak babestea eta oholtzatik ez aldentzea". Enparantza horretan eta beste batzuetan antolatutako kontzertu guztiak jendetsuak izan direla esan du, Oriarteko gazte esparruan 20:00etako ordu tartean egindakoak izan ezik. "Egia da ez zela joan espero genuen bezainbeste jende; datorren urterako buelta bat emango diogu". 

Garbitasuna izan da Festak saileko buruaren beste kezketako bat. "Eskerrak ematen dizkiet zerbitzua eman diguten enpresako langileei, kontratuan jasotako lanak baino gehiago egin baitituzte, baita Donostian erabiltzen duten ibilgailuetako bat gurera ekarri ere. Hori horrela izanagatik, ez ginen iritsi goizetan udalerri dena garbitzera". Horren harira, uste du kontua ez dela garbitzaileei are lan gehiago egiteko eskatzea, herritarrak kontzientziatzen jarraitzea baizik: "Harrigarria da festetan egon bitartean zenbat zabor sortzen dugun".

Hurbiletik jaurtitako suak

Aipatutako guztia "maisuki" itxi zuen Vulcano piroteknia etxeak, Andatza plazan, hurbiletik jaurtitako suen ikuskizunarekin. Ekimen horren harira zehaztapen batzuk egin ditu Alonsok, herritarrek kontuan izan ditzaten: "Ez gaude ohituta horrelakoak ikustera hemen, egia da hasieran inpaktatu egiten duela baina argi eta garbi esaten dut beti, ikuskizun segurua da eta beharrezko baimen guztiak eskuetan aurrera eraman genuen". Iragan urteko sanpedroetan jarduera berbera egin zuten eta hobetzeko detailetxo batzuk bildu zituzten, aurten konpondu egin dituztenak. Esate baterako, jaurtitako etxafuego guztiak bertikalak izan dira aurten.

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie udaltzainei, udaletxeko brigadei (argindar zerbitzukoei batez ere), sorospen eta larrialdi zerbitzuei, garbitzaileei eta baita udaleko Festak saileko langile guztiei ere. Halaber, egitaraua "aberastu" egin duten herriko eragile eta elkarte guztien ekarpena balioetsi du: "Egoera korapilatsua bada ere, asko lagundu gaituzte".