Jaietako azken arratsaldea, gozatzeko modukoa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 30a, 21:34

Mariatxien doinuak, erraldoi eta buruhandien agurra, Perli eta Koxkolo haurrentzako antzerkia eta Las Migas taldearen emanaldia... adin guztietako ekimenak izan dira San Pedro jaietako azken arratsaldean

Mexico Lindo mariatxi taldeak eman dio hasiera arratsaldeari. Udaletxe zaharertik Isla plazaraino bidea egin dute euren doinuak kaleetan barrena eskainiz. Aurretik, Brigitar mojen komentuan egin dute etenaldia. Plazara iristean oholtzara igo eta bertan zain zeuden ikusleen gozamenerako dantza eta kantuak nahastu dituen emanaldi ederra eskaini dute.

Bien bitartean, Blas de Lezoko lokaletik atera dire LOZET-eko erraldoi eta buruhandiak jaietako azken paseoa egitera. Oraingoan Ezpelur gaita jotzaileen laguntza izan dute. Beroari aurre egiteko ura lagun, itzaletan egin dituzte geldialdiak. Dantzak, zenbait korrikaldi eta etxeko txikiek erraldoiak ikusi eta agur esateko parada ere egon da.

Jaizkibel plazako itzaletan, aldiz, Perli eta Koxkolok abentura zirraragarria bizi izan dute altxor baten bila. Herrialdez herrialde joan dira pistak bilatzen eta haurrak dantzan edo kirola egiten jarri dituzte momento batzuetan.

Arratsalde amaitzeko Okendo plazan Las Migas taldearen flamenko fusioaz gozatu ahal izan dute herritarrek. Buleriak edo tangoak flamenkoko abesti ezagunak eguneratu dituzte emanaldian, euren azken diska den Flamencas-eko doinuak ere tartekatu dituzte eta bestelako estiloetako kantak ere oholtzaratu dituzte. Emakume palistinarren egoera salatu dute Libre abestiarekin hasi baino lehen eta herritarrak abesten eta txaloka jarri dituzte behin baino gehiagotan.