Hitza, musika eta argia San Pedro egunari amaiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 30a, 01:00

Zezensuzkoa, bertsolariak eta musika kontzertu anitzek eman diote amaiera San Pedro egunari

Atzoko atseden egunaren ostean, etxeko txikiak zezensuzkoa hasteko irrikan zeuden. LOZETeko kideek ez dute huts egin eta haur, gaztetxo eta gurasoak Kale Nagusia gora eta behera korrika jarri dituzte. Bigarren zezenak amaitzerakoan intzulinguruak egin ditu suak amaitu baino lehen eta herritarrek animoak eman dizkiote.

Kale Nagusiko argitik Manuel Lekuona kultur etxekora, bertan hitza izan da protagonista. Ane Labaka, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Maider Arregi, Beñat Gaztelumendi eta Andoni Egaña bertsolariek Amaia Agirreren gaiei aurre egin diete. Binaka edo bakarka Hernaniko jaietako istiluak, LGTBIQ+ fobia, onkologikoa... denetariko gai eta gertakarien protagonista izan dira bertsolariak.

Eta bitartean La Basuren rapen hitz eta erritmoek Okendo plaza bete dute. Abeslari bizkaitarraren emanaldian feminismoaren aldarria nagusi izan den arren, Palestina edo bestelako gatazkak ere izan dute euren tartea. Horrez gain, herriko emakumeak ere igo ditu oholtzara Bartolo abestian.

Dantzatzeko doinuak gustuko dituztenek, aldiz, Isla plazako karpan eta kanpoaldean izan dute aukera Duo Imperial taldearen eskutik. Rancherak, cha-cha-cha, boleroak edo gaur egungo kantek dantzan jarri dituzte plazara hurbildu diren herritarrak.

Eta gazteenek DJ Markelineren saioko doinuak abestu eta dantzatu dituzte. Oriako gaztegunea jauzika jarri du behin baino gehiagotan diska jartzaileak. Gazteek gainera opariak eskuratzeko aukera ere izan dute, hala nola, puzgarriak edo argia egiten zuten makiltxoak.