San Pedro goiz entretenitua izan dute lasarteoriatarrek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 29a, 15:42

San Pedro Eguneko Meza Nagusiak abiatu du patroiaren omenezko eguna, igandea; fededun ugari batu dira San Pedro Elizan. Erketz EDTko dantzariak ere bertan izan dira; Aurreskua dantzatu dute, eta ekitaldi erlijiosoaren amaieran, bertaratu diren sinestunei harrera egin diete

Bien bitartean, Xumela koruko kideen kantu jira izan da 11:30etik aurrera. Aurretik sabelak ondo bete eta indarrak hartzeko, hamaiketako ederra egin dute Jalgi kafe antzokiaren atarian, eta kantu-jiran ibili dira gero herriko kale eta txokoetan barrena. Giro ederra izan dute gaurkoan ere.

Coros y danzas La Encina taldearen emanaldiaz gozatu dute gero lasarteoritarrek Jaizkibel plazan, eta Extremadurako migak eta ardoa dastatu dituzte bertaratu direnek. 

Elizatze plazan, berriz, herri kirolen erakustaldia izan da. Harria jasotzen, ingudean eta aizkoran ibili dira, besteak beste, bertaratu diren kirolariak, eta tenperatura beroari aurre egiteko zale ugariren animoak jasota, erakustaldi ederra eskaini dutek denek.

Urrezko neskak, protagonistak

Goizeko protagonista nagusiak, ordea, Urrezko Neskak izan dira; aurtengo sanpedroetako omenduak. Festei hasiera ematen dien txupinazoa jaurtitzeaz gain, udalak aintzatespen instituzionala ere egiten die urtero omenduei. Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan izan da hori, eta bertan izan da hamabikoa. Zero Setteko akordeoi jotzaileak eta LOZETeko erraldoiek egin diete ongietorria. Ostean, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza, eta protagonistei hitz batzuk zuzendu dizkie. Eurak deitu ditu gero berarekin batera agertokira, eta herriko armarria duen zapi bana jarri die lepotik zintzilik. Xole Agirre aipatu emakumeen taldeko kideak hitz egin du gero. Kontatu du 60 urte daramatzala lagun taldeak elkarrekin,  laguntasunak batuta jarraitzen dutela talde gisa, eta, euren taldekide izandako hildako bi lagun gogora ekarri ditu. Talde osoaren izenean mintzatu da, eta eskerrak eman dizkio herriari eurak kontuan hartu eta omentzeagatik. 

Arratsaldeari hasiera eman aurretik, eta indarrak biltzeko asmoz, Sasoeta Sasoian elkarteko lagunek herri bazkaria aurrera eraman dute Tximistarreta parkean.