Ostean, egeurdirako ordu laurden falta, Gure Patxintxi sariak banatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak. Udaletxeko udalbatzar aretoan aurrera eraman du egitasmo hori aipatu euskara elkarteak, baina, aurretik, udaletxe zaharreko balkoira irten dira omenduak: Maria Jesus Diaz eta Pako Elizetxea. Danborradak jotako piezak bertatik-bertara ikusteko ohorea izan dute, eta, ostean, une hunkigarriak bizi izan dira. Kontatu dute, adibidez, Orian jaioa dela Diaz, eta Brunet frabrikan egin zuela lan. Elizetxea, ere lantegi berean hasi zen lanean, eta gerora, ATCn aritu zela. Bitxikeria ugari kontatu dituzte, eta giro atseginean igaro dute aintzatespenerako tarte hori. Ohi bezala senide eta gertukoak lagunduta bertaratu dira aurtengo omenduak, eta pozik agertu dira denak ala denak.
Juan Luis Eizmendiren omenez
Elastiko berriak soinean, Lasarte-Oriako Hamaika doinu txistulari taldea kalejiran ibili da herriko jaietako larunbatean egin ohi duen moduan. Okendon amaitu ohi du emanaldia, baina, aurtengoa, zinez hunkigarria izan da; izan ere, taldekide zen Juan Luis Eizmendi gogoan izan baitute.
Herritar andana batu da omenaldira, eta, noski, bertan egon dira Eizmendiren senideak ere. Biribilketa batekin hasi dute agerraldia txistulariek, eta, ostean, Erketz Dantza Taldeko eta Eizmendi zenaren kuadrillako zenbait lagunek, elkarrekin. Agurra dantzatu dute. Gizatasuna eta aritzeko prestutasuna goraipatu dute bera oroitzeko ekitaldi xume horretan hitza hartu duten ordezkariek (Txistulari taldea, Ttakun KE, Erketz EDT, Landaberri Guraso Elkartea eta Zurrapak kuadrilla), eta guztiek esker hitzak zuzendu dizkiote. Hunkituta agertu dira guztiak; hitzartzeari eustea ere zaila egin zaie zenbait unetan.
Eizmendiren omenez, txistulari taldeko kide Bixente Beltranek sortutako pieza ere jo dute musikariek (gitarra eta bonbardino jotzaile bana ere aritu dira) lehenengoz: Juan Luis gogoan izena jarri diote, eta pieza horren partitura jaso du familiak opari gisa.
Omenaldia amaitzeko, berriz, Gure sorterria kantua jo dute, eta kalejira batekin dantza egin dute. bertan bildutakoek.
Kilkerband txarangak ere hartu ditu herriko kaleak, eta izan da musiaz han eta hemen gozatzeko aukera. Lasarteoriatarrek erakutsi dute festen hirugarren eguna izanagatik, indarra badutela oraindik ere.