Kulto Kultiboren emanaldiak eman dio hasiera helduen gauari. Jaizkibel plazako oholtza gainean eman du aipatu taldeak kontzertua, eta ikus-entzule ugari batu da enparantza horretan taldea ikusi eta eurekin batera abestu eta dantzatzeko asmoz. Aurreikusi baino beranduago hasi dute emanaldia, baina zaleak zintzo itxaron dute.
23:30ean, aldiz, Puro Relajo taldeak Isla plaza dantzan jarri du; doinu mexikar ezagun ugari ekarri ditu boskote nafarrak Lasarte-Oriara. Arrakasta handia duen musika taldea da Puro Relajo, eta antzeman da hori hala dela herrian ere; zale ugari batu da plazan eta gogoz astindu dituzte gorputzak emanaldiak iraun duen tartean. Dantzara ere animatu dira asko.
Oriarteko gazteen musika gaua, aldiz, gauerdian hasi da; DJ Blessiverekin egin dute parranda.