Arratsaldea su artean hasi dute sorginek. Hamar bat talde jo ta ke aritu dira, patata tortila txapelketan, Okendo Plazan. Sei tipula, arrautzak eta patatak izan dituzte osagai parte hartzaile guztiek. Gustora, lagun artean izateko beta gogotsu aprobetxatu dute.
Ordu eta erdi luzez kozinatzen aritu ondoren, antolatzaileek kozinatzeari uzteko agindua eman eta tortila guztiak epaileei gerturatu dizkiete. Balorazioarekin hasi aurretik, babesleei eta laguntzaileei eskerrak eman nahi izan dizkiete; hots, Euskaberri, Patxi Larrañagari, Etxezarreta eta Balerdi Harategiei eta Orema Amari. Epaimahaia honako hauek osatu dute: June Egaña, Izar Mate, Iker Elizegi eta Amaiur Izagirrek. Patata tortila zaleek eta sukaldaritzako ikasleek. Zaporea, itxura eta testura izan dituzte kontuan, puntuatzerakoan, 20, 10 eta 10 punturekin, hurrenez hurren. Kostata erabaki dute, baina azkenean hiru hoberenak izendatu dituzte.
Zortzirak aldera, bertso poteoari ekin diote, Ilargi tabernatik abiatuta. Xuban Urdalletak gai jartzaile lanak egin dituelarik, Buenetxea eta Okendo Plazatik barrena ere aritu dira Earra! Bertso Eskolako zenbait kide. Euren bertsoak entzuteko irriketan, publiko mordoa juntatu da geldiune guztietan.