"Lasarteko garai haiek" testuinguruan jarri ditu Mujikak: "Geltoki kalean bizi izan nintzen haurra nintzela eta langile auzo hori hiruzpalau kalek osatzen zuten: Geltoki bera, Blas de Lezo eta Iñigo de Loiola, batez ere. Etxebizitzak txikiak ziren eta umez beteta zeuden. Etxe barruko zorabioan egotea baino, kalera irtetea nahiago izaten genuen". Denboraren makina batean bidaiatu berri izan balu bezala gogoratzen du gaztetxoek horrenbeste maite zituzten karrika horiek zer-nolakoak ziren: "Jendea, kamioiak, Usurbil aldera Michelin lantegi ikaragarri eta zaratatsua... baita ere Joxe Mari jatetxea, eta, aurrean, Alguazilaren bodega izenez ezagutzen genuena, ardo porroi eta kakahueteekin".
Umea zenean, kinta bertsuetako gaztetxoekin jolas ugaritan aritu zen Mujika, denbora pasatzeko: Txorro-morro deitzen ziotena, lapurrak eta poliziak, harrapaketa, kanikak, kromoak... eta sokasaltoan ere bai, "oso noizbehinka". Koxkortu ahala zenbait bihurrikeria ere egin zituzten, irribarretsu oroitu dituenak: baratzetako tomateren bat edo beste lapurtu, Coca-Cola edariak ekartzen zituen banatzailea despistatzen zenean botilaren bat ostu, Zubieta aldeko sagastietan sabelak eta sakelak bete, eta abar. Haur, gazte nahiz heldu, auzo "oso bizia" zela nabarmendu du herritarrak eta "pertsona oso anitzak" bizi zirela orduan ere, gaur egun bezala.
Etxaide, bolatokian
Mujikak ongi asko azaldu duenez, garai horretako haur lasartearrak oso mugituak ziren. Egunean eguneko jolas eta bihurrikeriez gain, askok entrenatu egiten zuten. Michelinen hondartzako ekipoarekin jokatu zuen berak, Mitxelo Olaizola entrenatzaile zuela. "Entrenatu bitartean, gugandik oso gertu han ikusten nuen Julian [Etxaide], bola eta toka jokalari eta bertsolaria". Antza denez, Okendo plazaren ondoan zegoen Lasarteko aurreneko bolatokia, Ostatu Berri tabernan: "Alegia, herriaren erdi-erdian". Michelinera eraman zuten azpiegitura eta, Mujikaren ustez, Etxaide bera izan zen horren sustatzaileetako bat.
Esan bezala, hasieratik "oso pertsonaia berezia" iruditu zitzaion Etxaide, berari bezala auzoko gainerako haurrengana ere hurbildu zena. "Herriz herri eta auzoz auzo aritu nintzen; 1974an Gipuzkoako bigarren izan nintzen, eta, urtebete geroago, txapeldun", adierazi du Mujikak. Mende erdi igaro eta gero, berarekin jokatzen zutenetako batzuk gaur egun txapelketetan aritzen direla gehitu du: "Josu eta Joxean Lasa anaiak edota Josean Montes, esate baterako".
Bolatokian hasi eta berehala sartzen hasi zen Mujika euskal giroan. "Jolasten erakutsi zizkidan euskarazko lehen hitzak, batzuk oso gogoan ditut. 17 urterekin hasi nintzen euskara serioski ikasten baina lehenagotik beti izaten nituen belarriak prest", gogoratu du. "Beti esaten zidan: 'Birlak jarri!'. Eta lagunek, gero: 'Creo que ha dicho que pongas los bolos". Azkar asko ikasi zuen baita ere zer esan nahi duen txaparro hitzak: "Gipuzkoako bolatokitan, bederatzi birla handi jartzen dituzte eta erdian txiki, borobil eta potolo bat, hamargarrena. Gaizki botatzen baduzu normalean jo egiten duzu edo ezkerraldetik igarotzen da bola. Zero puntuko botaldia izaten denez, kontuz horrekin". Teknikoak diren beste termino batzuk ere barneratu zituen, hala nola gurpila eta etzanda. Mota bateko eta besteko botaldiei erreferentzia egiten diete.
Bertso bilduma, postontzietan
Etxaidek bertsolaritzan egin zuena helduagoa zenean ezagutu zuen Mujikak. "Hil baino lehen, egindakoa jasota utzi nahi zuen eta grabatutako zinta bat eman zidan, bere zenbait bertsorekin". Hori hartu, eta, egilearen heriotza eta bi urtera, 1987an, liburuxka bat argitaratu zuen Lasarte-Oriako Euskara Azpibatzordea deitu zioten talde eragilearen laguntzarekin. "4.000 bat ale inprimatu eta herriko postontzi guztietan euskaraz soilik idatzitako idazki bat banatu genuen, zer izan zen hura! Agian, udalerri independente gisa eratu berri zen Lasarte-Orian lehen aldia izan zen. Erreakzioak denetarikoak izan ziren".
Mujikak berak hitzaurrean eman zituen Etxaideri buruzko datu ugari. Esaterako, Añorgan jaio zela, 1911n, eta 1940an etorri zela Lasartera, "gogoz finkatu eta lan egitera". Gizon "zuzen eta apal" gisa definitu zuen, bizitzaren gauzez serio jardunda ere "solasalditan txantxetarako beti prest" zegoena. "Euskal Herria desioz maite zuen eta gizarteko injustiziak gogor salatzen zituen". Horrez gain, euskal kulturaren "bultzatzaile amorratua" izan zen, batez ere, kirolan eta bertsolaritzan.
Etorburutik.... etorbidera liburuxkan bildutako bertsoak gai askotakoak dira: gerraostea eta langileen egoera, natura, maitasuna, sagardotegiko giroa... Ospakizun herrikoietan abestu ohi zuen, baita Eibarren 1949an egin zuten afizionatuen txapelketan ere; bigarren saria irabazi zuen. Hona hemen egun horretan bota zuen bertsoetako bat, Etxaidek biziki maite zituen euskal ohiturei erreferentzia egiten diena:
'Gaur ikusten ditut
arpegi alayak
txit poz girua sortu
du bertsolariyak
alkarganatu gaitu
maitetsu anayak
gure Euskal Erriko
oitura garbiyak
garai oek ditugu
goguangarriyak'.