JAIETAKO ALDIZKARI BEREZIA

Prest gaude festarako

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 20a, 06:57

Iristear daude San Pedro Jaiak eta Sorgin Jaiak, iristear daude lasarteoriatarrentzako egun handienak. Hilaren 25etik 30era ospatuko ditugu herriko festak eta horren aurretik argitaratu dugu 1.714. zenbaki berezia, ospakizun horiei buruzko informazioarekin eta hainbat eduki berezirekin. 

Aldizkari berezi horren orrietan kontsultatuko dituzue udalak eta eragileek edota herriko sorginek prestatutako egitarauak, irakurriko duzue omenduak izango diren Urrezko Nesken hitzaurrea edota Sorgin Jaietako txupinazoa jaurtiko duten LOOPA plataformako kideen hausnarketa, baita erreportaje eta elkarrizketa ugari ere: sustrai bereko doinuekin herria alaitzen duten Oaintxe in deu! eta Arranopola txarangak, Scooter Club Euskadi eta aparkatu ezin den zaletasun bat, Yon Pavon munduko ron zerbitzari onenaren gomendioa jaietarako, bola jokoari buruzko bitxikeriak eta kirol hori herrian sustatu zuen Julian Etxaideren istorioa, bera hil eta 40 urtera... Festak bezalatsu, herritik eta herriarentzat prestatu du TXINTXARRI-k aipatu ale hori. Gozatu!