San Pedrock egitasmoa aurkeztu du Andatza Plaza tabernak, ostiral honetan. Ekimena hilaren 28an eta 29an eramango da aurrera, aurretiaz aipatutako enparantzan. Programaren sustatzaile Javi Morak jakinarazi du San Pedro Jaiekiko "kutsu alternatiboa" izango duela, rocka erdigunean jartzeko, Lasarte-Orian. Horrekin batera, herritarrak bertaratzeko gonbitea zabaldu du.
Hainbat taldek eta eragileek hartuko dute parte jai honetan. Festa Saito Gimnasioko Patrik hasiko du, rock generoko abestiekin batera, Zumba Rock saioa egingo baitu, larunbata 28ko bazkaldorduan. Egun bereko arratsaldean, The Noisemakers talde lasartearrak Plateroren eta Barricadaren bertsioak joko ditu, eta haien ostean, herriko Kalean talde beteranoa oholtzaratuko da. Igande goizean ez da ekitaldirik izango, jaia arratsaldean itxiko baita Bamms eta Besark taldeen erakustaldiekin, hurrenez hurren.