Agustin Valdivia alkateak eta Jaietako zinegotzi Txus Alonsok gaur goizean ezagutarazi dute 2025. urteko San Pedro Jaiak iragarriko dituen afixa. Horren berri ematearekin batera, azaldu dute orotara 30 lan aurkeztu direla, nahiz eta horietatik guztietatik 28k parte hartu duten lehiaketan (gainerako biak ekimenetik kanpo utzi dituzte, oinarrietan zehartutako berdintasunari dagozkion parametroak ez errespetatzeagatik).
Horien guztien artean, berriz, Diego Gil Hernandoren Identitatea izeneko afixa izan da epaimahaiaren gustukoena. San Pedro Jaietako zenbait elementu esanguratsu erakusten ditu lanak, hala nola, Sorgin Dantza, danborrada eta erraldoi eta buruhandiak.
Parte hartze prozesua
Udalak, azken urteetako dinamikari eutsita, herritarrei kartelen gaineko iritzia emateko aukera eskaini die aurten ere, parte hartze prozesu baten bitartez. Lan guztiak jasota, bi astez izan zituen erakundeak bere web atarian eskegita. Horrela, herritarrek horiek ikusi eta gustukoenaren aldeko bozka emateko parada izan dute. Udal ordezkariek azpimarratu dute azken erabakia aurrez izendatutako epaimahai profesionalarena izan bada ere, herritarren iritziak kontuan hartu dituztela.
Artista irabazlea zoriontzearekin batera, udal ordezkariek eskerrak eman dizkiete euren iritziak eman dituzten herritarrei. Noski, epaimahaia ere gogoan izan dute eta haiei ere esker hitzak zuzendu dizkiete.