Elkar mugituz egingo dugu leloa aukeratu dute aurtengo Euskaraldirako eta Lasarte-Orian ekimen hori antolatzen ari den koordinazio guneko kideak ari dira mugitzen, bai. Norbanakoen izen ematea zabaldu berritan, agerraldia egin dute Valdiviak, Alkortak eta Salaberriak, herritarrak Ahobizi edo Belarriprest izatera animatzeko eta apirilaren 28ra arte martxan egongo den bideo lehiaketaren xehetasunak azaltzeko.
Belarriprest rola aukeratu du alkateak. Txapa identifikagarria janzterakoan beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek berari hizkuntza horretan egitea nahi du eta horixe eskatuko die modu esplizituan. Are gehiago, hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa horrek iraungo dituen 11 egunetan soilik ez, urte osoan zehar berarekin jarrera hori izateko eskatu die herritarrei: "365 egunetan izango naiz Belarriprest". Alkorta, berriz, Ahobizi izango da eta aurreneko hitza euskaraz egingo du beti. Ikusten badu parekoak ulertzen duela eta hizkuntza horretan solasteko gai dela edo gutxienez ulertzen duela, euskaraz segiko du hizketan berarekin. Ariketa sozialean izena eman nahi dutenek sarean egin dezakete, Euskaraldiaren atarian nahiz Lasarte-Oriako Udalaren webgunean. Nahiago badute aurrez aurre inskribatu, herriko zenbait establezimendu eta egoitzatan (kultur etxea, udaletxea edota Ttakun KEren bulegoa) eskuorriak eta kutxak topatuko dituzte.
Berrikuntza nabarmenena, bideo lehiaketa
Lasarte-Oriako Euskaraldiaren Koordinazio Gunea osatzen dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakunek. Azken horretako kudeatzailea da Salaberria eta aurtengo berrikuntza nabarmenenaren berri hitz egin du, apirilaren 28ra arte martxan dagoen bideo lehiaketaz. Helburua da herritarrak ariketa sozialera erakartzea, edonork erraz parte hartzeko moduko jarduera horren bidez.
Interesa dutenek lehiaketaren oinarrietan topatuko dituzte xehetasun guztiak. Horietako batzuk aletu dituzte agerraldian, Ihitten elkarteko kideek prestatu duten promozio bideoa erakutsita. Banaka edo binaka, familian edota taldeka parte hartu ahalko dute herritarrek, sakelako telefonoa hartu eta gehienez ere minutu bat iraungo duen ikus-entzunezko bat grabatu eta bidalita. Merezi du Euskaraldian parte hartzea! izango da bideoetako mezu nagusia.
Hiru kategoria prestatu dituzte: banakako edo binakakoa, familiakoa (modalitate honetan sartzen dira 16 urte edo gutxiago dituztenak ere) eta talde edo kuadrilletakoa. Maila horietako bakoitzean bina sari emango dituzte antolatzaileek. Bideo bozkatuenaren egileek 500 euro poltsikoratuko dituzte, eta, epaimahaiaren sariak eskuratzen dituztenek, 1.000 euro.