Otsailean landatzen hasi, maiatzean loratzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko ots. 13a, 10:15

Hiru hilabete baino ez dira falta hizkuntza ohiturei astindu bat eman eta euskararen erabilera sustatzerako mugimendu sozialari ekiteko, hau da, Euskaraldiaren laugarren aldiari, maiatzaren 15etik 25era arte. Lasarte-Oriak izena eman du ekimenean eta hori koordinatzeko gunea osatzen dutenek bide orri bat prestatu dute ariketa horren aurreko eta osteko egun, aste eta hilabeteak girotzeko. Elkarteetako eta eragileetako ordezkariekin batera egin dute aurreneko urratsa.

Neguaren erdian hasi dira udaberri betean loratuko diren haziak landatzen. Gero eta jende gehiagok hartu aitzurra, orduan eta lore gehiago, ederrago eta koloretsuagoak. Horren jakitun, gure herrian Euskaraldia prestatzen ari diren Lasarte-Oriako Udaleko eta Ttakun Kultur Elkarteko kideek garbi dute herritarrak aktibatzeko estrategia zein den: "Ezinbestekoa da elkarteen eta eragileen indarra; norbanakoengana iristeko taldeetatik abiatu nahi dugu".

Maiatz bukaerara arteko bide orri bat prestatu dute koordinazio gunea osatzen dutenek, eta, norabide horretan, ez da kasualitatea aurreneko mugarri gisa entitateetako ordezkariekin aurkezpen bilera bat egin izana. Udaletxeko multimedia gelan elkartu dira dozena pare bat pertsona, bazkalostean. Aurki urdinen gainean topatu dituzte karpeta marroiak, Euskaraldia hitza letra larriz zeramatzaten pegatina zuri batzuekin. Irekitzerakoan, are kolore gehiago barruan, Euskaraldiaren antolakuntza orokorreko kideen asmoaren adierazgarri: ahalik eta Euskaraldi deigarriena irudikatzea, inoiz baino parte hartzaile gehiago anima daitezen.

Agustin Valdivia alkateak egin die harrera gonbidatuei eta bileran zehar landu dutena testuinguruan jarri du: "Dakizuen bezala, maiatzaren 15etik 25era egingo dugu Euskaraldia; gezurra dirudi, baina, konturatzerako, laugarren aldia iritsi zaigu. Udalak izena eman du dagoeneko eta entitateok ere baduzue horretarako aukera". Elkarte eta eragileak, beraz, inskriba daitezke ariketa sozial horretan dagoeneko; norbanakoek, berriz, martxoaren 15etik aurrera izango dute horretarako aukera.

Epe luzerako erronka

Udaleko Euskara zerbitzuburu Ana Labakak hartu du hitza ondoren, Euskaraldiaren helburuak zeintzuk diren gogorarazteko: "Euskararen erabilera handitzea, biziberritzea eta hizkuntza gutxitu izatetik normalizatu izatera igarotzea. Erronka epe luzerakoa da". Beste alor askotan gertatzen den bezala, esatea errazagoa denez egitea baino, xede horien peskizan jarraitzeko entrenatu beharraren garrantzia azpimarratu du: "Euskaraldiaren laugarren aldia egingo dugu, hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera sustatzeko mugimendu soziala. Horretarako, norbanakoak nahiz eragileak aktibatuko ditugu, pauso bat gehiago emateko".

Jarraian, Euskaraldian zehar kontuan izan beharreko lau jarraibideak izan ditu hizpide: edonon eta edonorekin lehen hitza euskaraz egitea; hitz egin ez baina ulertzen dutenek eurei euskaraz egiteko eskatzea; hizkuntza horretan mintzatzeko gai direnek gaztelaniaz, ingelesez edo beste edozein modutan ez hitz egitea; eta bakoitzaren rola (Ahobizi edo Belarriprest, aurreko aldietan bezala) identifikatu eta erakusteko txapak eskuratu eta janztea. Udalerrian, batez ere, bigarren profil hori indartu nahi dute, hau da, euskaraz ulertu bai baina hizketaldi bat gauzatzeko gai ez den jendearena, "horrelako asko ditugulako".

Entitateak, aliatu

Koordinazio gunekoek behin baino gehiagotan egin diote elkarri galdera hau, orain arte burutu dituzten bileretan: "Nola irits gaitezke jende gehiagorengana?". Bide horretan, argi dute "aliatuak" behar dituztela eta asko lagun dezaketela elkarteek eta eragileek, edo, bestela esanda, entitateek. "Gako zarete eta horregatik jo ditugu zuen ateak", azaldu du Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaile Haritz Salaberriak. "Hiru gauza" eskatuko dizkiete: "Ekimenaren berri ematea, kideak Euskaraldian parte hartzera gonbidatzea eta mugimendu horri ikusgarritasuna ematea, biltokietan nahiz kaleetan". 

Maiatz amaierara arteko mugarriak zeintzuk diren esplikatu du segidan. Hilabete honetakoa, esan bezala, entitateengana jo eta egitasmoaren berri ematea izan da. Martxoko ekimen nagusiak norbanakoen izen emateko epea irekitzea eta bideo lehiaketa martxan jartzea izango dira. Azken jarduera horri buruzko xehetasunak emateko tarte bat hartu dute Salaberriak eta Labakak,  Lasarte-Oriako Euskaraldiko berrikuntza nabarmenena izango baita. Martxoaren 10etik maiatzaren 4ra parte hartu ahalko dute herritarrek, hiru modalitate hauetan: banaka edo binaka, taldeka edota familian. Minutu bateko ikus-entzunezkoak grabatu (sakelako telefonoarekin) eta bidali beharko dituzte. Bi sari irabazi ahalko dituzte, herritarrek gehien bozkatu duten lanarena edo epaimahaiaren sariak. Xehetasun denak laster emango dituzte, baina aurreratu dute sariak "oso erakargarriak" izango direla partaideentzat.

Mugarriekin jarraituta, jakinarazi dute apirilaren 12an Euskaraldiaren gune ibiltaria etorriko dela, eta egun hori baliatuko dutela herritarren izen ematea hauspotzeko. Egun batzuk geroago hasiko da Aste Santua eta bi aste horietan atseden pixka bat hartuko dute, baita hirugarren batez ere (Maiatzaren 1eko zubia tarteko), txanpa zirraragarri baina aldi berean ahalegin gehien eskatuko dienari ekiteko: bideo lehiaketaren amaiera, Euskaraldia hasi aurreko egunak girotzeko ekimen eta argazkiak, maiatzaren 15eko hasiera ekitaldia, 11 eguneko ariketa edo mugimendu soziala bera eta horren balorazioa, Benetako hasiera ekitaldia deitu dutena. 

Aurkezpen bilera giro onean eta animatuta amaitzeko, Bulego taldeak Euskaraldirako espreski ondu duen Gure bihotzaren taupadak abestiaren bideoklipa erakutsi dute. Hirukote azkoitiarraren kantu horren letra aproposa da erronkari gogotsu heltzeko: 'Elkarrekin mundua aldatu dezakegu' esan zenidan; zu nire hauspo izango zara, ni zure babestokia; ta hitzez hitz, etorkizuna berreraiki; ta hitzez hitz, dena aldatzen ikasi...