"Imajinazio handiko Inauteri koloretsuak" izan dira aurtengoak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 5a, 12:00

Konpartsek egindako lana eta mozorroak nabarmendu dituzte udal ordezkariek. Aurtengo zintzarria Sasoeta Sasoianek (irudian, kide batzuk, desfilatzen) irabazi du.

Agustin Valdivia alkateak eta Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok pozarren baloratu dituzte Inauteriak: "Giroa oso ona izan da egun guztietan eta primeran pasa dugu denok". Egindakoagatik kontent baina beti hobetu daitekeela jakitun, larunbat gaueko disko festako karpa handitzea eta astelehen goizeko puzgarriak tokiz aldatzea baloratuko dute. Halaber, konpartsetako kideekin bilduko dira, aurtengoa errepasatu eta datorren urteko ospakizunera begira lanean hasteko.

INAUTERIETAKO KRONIKA, ALBISTE ETA BIDEOAK, KANAL BEREZI HONETAN

Valdiviak ekin dio agerraldiari eta inoren esku ez dagoen faktoreetako bat nabarmendu du, eguraldiarena. "Hotza egin du baina ona izan da eguraldia, horrek are kolore gehiago eman die egun hauetako ekimen guztiei". Hori esanda, adierazi du "ederra" izan dela giroa, hasi eta buka, eta larunbat gauean ez zela arduratzeko moduko ezer gertatu, udaltzainek ordezkari politikoei berretsi dietenez. "Primeran pasa dugu guztiok".

Jarraian, Alonsok aletu ditu udalaren egitarauko jarduerak, kronologikoki eta banan-banan. Joan den ostegun arratsaldeko kontzertu bufoa errepasatzetik hasi da: "Asteburuan etorriko zen guztiaren aurrekari bikaina izan zen eta ederki aritu ziren Udal Musika Eskolako ikasleak". Aipatu du baita ere ostiraleko egitarau moldatua: "Uste dut asmatu dugula Euskal Inauteriak eta gaztetxoentzako mozorro festak uztartzen; arrakastatsuak izan ziren eta herritar ugari bildu ziren Okendo plazan". 

Ostiralean baino are pertsona gehiagok bete zuten enparantza hori larunbatean, Inauterietako egun handian. "Giroa bikaina izan zen goizean goizetik: aurkezpen emanaldi ikusgarriak egin zituzten konpartsek [Biyak Bat, Jalgune, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian eta La Tribu]". Goizeko lanak eginda elkarrekin bazkaldu zuten karpan, "goxo-goxo, kalean ez bezala barruan bero zegoen". Indarberrituta, arratsaldeko desfile koloretsuari ekin zioten. Partaide guztiak zoriondu ditu Alonsok: "Asko espero nuen konpartsengandik baina nire espektatibak gainditu dituzte, benetan lan ona egin dute mozorroekin eta karrozak apaintzen". Guztiek jaso zuten sariren bat, baina ikonikoena, zintzarria, Sasoeta auzoan gordeko dute datorren urtera arte. Mozorro lehiaketako partaideek ere aitortzak jaso zituzten. Horrez gain, aintzatespen berezi bat egin zioten Aitziber Arruti herritarrari, "sormen handiena" duenaren saria emanda: "Berari esker berreskuratu dugu sardinaren ehorzketa, azken hiru urteetan egin dugu. Gero eta arrakastatsuagoa da, hein handi batean, Aitziberrek egiten duen antzezpenagatik". 

Karpa handiago bat

Gaztetxoentzako disko festarekin amaitu zen larunbata. Aurreko urteetakoa ikusita, karpa handiago bat jarri zuten Antonio Mercero alboan, baina hori ere txiki geratu zitzaien. "Buelta bat eman beharko diogu datorren urterako", onartu du Alonsok. Udaltzainekin hitz egin dutela ere esan du eta parranda gau horretan "garrantzizko ezer" gertatu ez zela jakinarazi, poliziek egindako txostenean irakurri dutenez.

Egun handiaren biharamunean, igandean, giroa ere "oso alaia" izan zen Jaiak saileko zinegotziaren hitzetan: "Herritarrak erakartzen dituen ikuskizun bat sortu dute LOZET elkarteak eta Oaintxe in deu! txarangak". Arratsalde horretan DJ Nikok egin zuen musika emanaldiak ere hurbilarazi zituen herritarrak, ez horrenbeste adinekoak (jarduera horiei zuzenduta zegoen), baizik eta hurrengo egunean eskolarik ez zuten gaztetxoak. 

Azkeneko egunean, astelehenean, larunbat gaueko disko festako arazo berbera izan zuten Loidibarren pilotalekuko puzgarriekin: toki falta. "Garai hauetan eguraldia ez da oso ona izaten, eta, badaezpada ere, estalpean dauden tokiak aukeratzen ditugu. Hori esanda, egia da, frontoia txiki geratu zaigu", hausnartu du Alonsok. Arestian esan bezala, sardinaren hileta eta erreketa ospatuta itxi zuten egitaraua arratsalde horretan. Arrain horren gorpua kiskali zuten garrak itzali bezain pronto piztu zituzten zezensuzkoak LOZET elkartekoek eta Kale Nagusian barrena lasterka egin zuten. Euren aurrean, dozenaka haur eta guraso.

Udal ordezkarien eskertza

Egitarauko jarduerak errepasatuta, Inauteriak koloreztatzen parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete udal ordezkariek: "Konpartsetako kideei, herritarrei, boluntarioei, udal langile guztiei eta bereziki udaltzainei, kale garbiketa zerbitzuko beharginei, Aterpea elkarteko kide diren eta urtero epaimahaikide lanak egiten dituztenei... Guzti-guztiei, eskerrik asko". 

Prentsaurrekoa bukatu aurretik Valdiviak hartu du hitza, alboan zuen Alonsori ere eskerrak emateko. "Zure lanagatik ez balitz, ezingo genituzke horrelako jarduerak aurrera eraman".