Disney faktoriak sortutako pelikuletan ohikoa da hasierak triste samarrak izatea; bukaerak, ez horrenbeste. Bada, gaur grabatu eta proiektatu duten istorioa ez da bukatu bertaratu direnek nahi bezala, sardina gaixoa ehortzi eta sutan erre dutelako, Inauteriak bukatu diren seinale. Azken urteetan berreskuratu dute ohitura zahar hori eta Frenetik konpainia arduratu izan da jarduera aurrera eramateaz. Aurten ere bai.
Okendo plazan elkartu dira hil berri den arrainaren senideak, arropa beltzak soinean, zapi zuriak eskuetan eta malkoak begietan. Aieneka egin dute sardina zendu egin dela iragartzeko ibilbidetxoa, Kale Nagusira atera eta berehala Brigitarren komentu alboko plazatxora sartzeko. Ahateen parketik aurrera jarraitu, Askatasunaren parkera heldu eta zuzen-zuzen egin dute enparantza erdira. Ordurako jendetza zegoen pilatuta, izakiari azken egurra emateko prest.
Sardinaren gorpua erretzeak sortutako garrak itzali bezain pronto piztu dituzte LOZET elkartekoen zezensuzkoen txinpartak. Lasterka ibili dira Kale Nagusian barrena, eta, metro batzuk aurrerago, haurrak eta gurasoak, eurengandik ihesean.