KONPARTSEN DESFILEA

Inauteri larunbata: arratsalde koloretsua

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 3a, 11:04

Inauterietan parte hartu duten bost konpartsetako kideek (Biyak Bat, Jalgune, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian eta La Tribu) herrian barrena desfilatu dute, mozorrotutako lasarteoriatar ugari eta musikadun furgoneta atzetik zituztela.

Okendo plazara itzultzean, konpartsen erakustaldiko eta mozorro lehiaketetako sariak banatu dituzte, Aterpea merkatarien elkarteko bazkide diren establezimenduetan erabiltzeko erosketa bonuak. Eragile horretako zenbait dendarik osatu dute epaimahaia aurten ere, eta, lehiaketan parte hartzerik ez zutelako, bestela sariren bat irabazteko moduan izango lirateke, mozorro benetan ederrak egin baitituzte.

Aurtengo konpartsa onenaren saria, brontzezko zintzarria, Sasoeta Sasoianeko lagunek irabazi dute, Mary Poppins pertsonaiaren bueltan girotutako mozorro, karroza eta dantzengatik. Aitortza gehiago ere banatu dituzte: La Tribu izan da konpartsa parrandazaleena; izenagatik agian sari horretarako hautagai nagusia zen Intzak Parranda, originalena; Jalgune, jatorrena; Biyak Bat, dantzariena; eta Sasoeta Sasoian, alaiena.

Ondoren, mozorro lehiaketako aintzatespenen txanda izan da. Banakako kategorian Manuel Carballes (Edurnezuri pelikulako erregina) eta Inda Rivera (Toy Story filmeko Buzz Lightyear pertsonaia) saritu dituzte. Taldekakoan, berriz, Piratas del Caribe ikus-entzunezkoan oinarritutako pirata taldea, izozkailutik ateratako Walt Disney buru zuten Disneyko pertsonaia kuadrilla eta produkzio enpresa horren gaztelu ikonikoaren bueltan antolatu den lagun multzoa, bakoitzak pertsonaia bat hautatuta.