"Etorkizuneko herri bizia eraikitzeko" urrats bat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko aza. 1a, 08:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatu Irune Berasaluze, atzo arratsaldeko aurkezpenean.

'Tokiko demokrazia bidegurutzean' ikerketa liburua aurkeztu dute Oreki fundazioko kideek, "Lasarte-Orian partaidetzak bizi duen egoera hobeto ezagutzeko" tresna eta erreferente izan nahi duen lana. Lasarte-Oriako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ondu dute.

Udalerria gorputz bilakatuko bagenu, eragileak izango lirateke bihotza. Eta, behin hasita, baita birikak ere, garuna, besoak, zangoak... Auzolanean jardun, jarduten eta jardungo dutenek ekarpen nabarmena egin diote Lasarte-Oriaren bizitzari, arlo ugaritan: euskara, memoria historikoa, kultura, feminismoa, ingurumena, tokiko merkataritza... eta abar luze bat. Txanponaren aurpegia da hori.

Txanponek, ordea, beste alde bat ere badute: ifrentzua. Lasarte-Oriako partaidetzaren egoerari buruz kezkatzeko arrazoiak badaude, Oreki fundazioko kide Julen Cocho eta Andoni Eizagirrek nabarmendu dutenez. azken urtean biek ondu duten Tokiko demokrazia bidegurutzean ikerketa liburuan: "Elkarte askok belaunaldi arteko errelebo falta eta indibidualismoa bezalako arazo larriak daudela adierazi dute". Orain arte egindakoa asko eta oparoa izanagatik ezin dela inor erlaxatu, alegia. Zentzu horretan, egileen xedea da proiektu hori "etorkizuneko herri bizia eraikitzeko urrats bat" izatea. Azterketa kualitatiboa eta kuantitatiboa egin dute.

Gaiaren garrantziaren tamainako aurkezpen ekitaldi bat aurrera eraman dute Antonio Mercero aretoan. Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Agustin Valdivia alkateak eta Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak parte hartu dute, hurrenez hurren. Ondoren, ikerketa txostenaren egileek lanaren nondik norakoak azaldu dituzte, Cochok eta Izagirrek, hain justu. Amaitzeko, egitasmoan parte hartu duten norbanako eta eragile nahiz erakunde batzuetako ordezkariekin mahai inguru bat egin dute: Nagore Duran (Lasarte-Oriako Udaleko Parte Hartze zinegotzia), Julen Basterra (musikaria), Ketxus Marcos (Danok Kide elkarteko ordezkaria), Encarni Baztan (Nagusilan-eko boluntarioa) eta Mari Karmen Ormazabalek (Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria) jardun dira. Halaber, bertaratutako herritarrek ekarpen eta galderak egin dituzte.

Valdiviak onartu du ikerketaren emaitzak "kezkagarriak" direla eta erakusten dutela herritarrek partaidetzarekiko duten gaitzuste "gero eta nabarmenagoa". Edonola ere, "baikor" izan nahi du: "Areto honetan elkartu garenok sinesten dugu beharrezkoa dela herritarrak inplikatzea, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki. Elkarrekin lan egiteko gai bagara eta mezu egokiak ematen baditugu, Lasarte-Oria parte hartzaileago bat lortuko dugu". 

Berasaluzek hartu du hitza gero, lehenik eta behin, ikerketaren egileak zoriontzeko: Benetan interesgarria eta garrantzitsua iruditzen zait egin duzuena; txalotzekoa". Halakoa iruditzen zaio Tokiko demokrazia bidegurutzean, besteak beste, erakundeei eta bereziki Aldundiari "abiapuntu sendoa" ematen diolako "erabakiak hartu eta estrategiak abian jartzeko". Horien guztien oinarria "ongizate kolektiboa" dela azpimarratu du Gobernantza diputatuak: "Gipuzkoa kohesionatuago, demokratikoago eta hobeago bat eraikitzeko gakoa da".

'Berrikuntza politikoa esploratzen' egitasmoa

Parte hartzearen higadura aztertzeko helburuarekin martxan jarri zuten Berrikuntza politikoa esploratzen ikerketa egitasmoa: batetik, udalerriko zenbait eragilerekin elkarrizketa eta mahai inguru batzuk aurrera eraman zituzten, eta, bestetik, egoeraren "diagnosi zehatza" egin dute 305 herritarri inkestak eginda. Azken horren adibide gisa, datu bat: galdetuak izan direnen %81,7k uste du politikariei "gutxi edo batere ez" axola zaiela herritarren iritzia. Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aldiz, hamarretik sei pasatxok (%64 eta %67, hurrenez hurren) pentsatzen dute hori.

"Lasarte-Oriako inkesten emaitzak Gipuzkoako eta EAEko datuekin alderatuta zeinu larriak ikusi ditugu udalerrian: partaidetza maila baxua, demokraziarekin asebetetze txikiagoa, politikarekiko interes eskasa, auzotarrekiko konfiantza gutxi eta politikan eragiteko gaitasun falta handiagoa", azpimarratu dute Cochok eta Eizagirrek.

Hori esanda, herriko partaidetzari buruzko iritzi orokorrak "baikorrak" izan direla adierazi dute. Hori bai, horren barruan "emaitza kezkagarriak" aurkitu dituzte partaidetza motaren arabera, esaterako, generoaren alorrean: "Elkarte edo ekimenen batean parte hartzen duten emakumeen %51,5ek zaintzarekin zerikusia duten arloetan egiten du; gizonen portzentajea, aldiz, %22,2koa da". Antzera gertatzen da politikagintzarekin, izan ere, %11,1 dira gizonak, eta, emakumeak, %3.

Hiru herritar mota

Beste emaitza "adierazgarri" bat aipatu dute agerraldian: "Hiru lasarteoriatar mota identifikatu ditugu: atxikimendu falta nabarmena dutenak, konfiantza zibikoa erakusten dutenak eta asebetetze falta dutenak". 

Atxikimendu falta nabarmena duten herritarren ezaugarriak dira erakundeen eraginkortasunarekin "oso atsekabetuta" egotea, pertsonen arteko harremanetan konfiantza handirik ez izatea eta "batere interes politikorik ez izatea". Konfiantza zibikoa erakusten duten biztanleek, ostera, "iritzi ona" dute sistema demokratikoaren eraginkortasunarekiko, interesatzen zaizkie politika gaiak, baikorragoak dira herriaren egoerari dagokionez eta "konfiantza handiagoa" dute auzotarrekiko. Azkenik, asebetetze falta dutenek "kristikoki" baloratzen dute erakundeen eraginkortasuna, eta, interes politiko "altua" izan arren", demokraziarekiko asebetetze falta nabarmena dute". 

Cochok eta Izagirrek nabarmendu dute "desiragarria" izango litzatekeela hiru herritar multzo horien arteko oreka, "baina atsekabea eta lilura eza sentitzen dutenen kopurua handiegia dela erakutsi du ikerketak". Horri buelta emate aldera, aurkeztu duten lanak "herritar, eragile eta erakundeen arteko elkarrizketa" sustatu nahi du, "konfiantza edo asebetetze faltatik ekarpenak egin ditzan bakoitzak, komunitate sendoago bat eraikitzeko bidean". Hori da, Orekiko bi kide horien iritziz, "tokiko demokrazia indartzeko beharrezko baldintza".