Herriko partaidetza bere zentzurik zabalenean ulertzeko asmoarekin gazte, elkarte eta erakundeen ahotsa jaso du Oreki fundazioak. Horrela, saioaren lehen zatian, Julen Basterra musikari lasarteoriatarra, Ketxus Marcos Danok Kide eta Lasarte-Oriako Bizikidetza taldeko kidea eta Nagore Durán Partaidetza eta gardentasuna saileko arduradunak gaiarekiko haien hausnarketak partekatu dituzte, bakoitzak bere esperientziatik. Ondoren, bertaratutako lagunei eman diete hitza; ekimen kulturalak aurrera eramateko zailtasunak, kultur elkarteen bilakaera, belaunaldi arteko txandakatzearen beharra eta administrazioaren eta eragileen arteko deliberazioaren premia mahaigaineratu dituzte.
Hilaren 22an izango da hurrengo hitzordua, Ttakunenean elkartean, 18:30ean. Partaidetzaren egoera landuko dute, euskalgintzaren ikuspegitik.