Mikel Laboaren Izarren hautsa abesti ezagunaren doinupean sartu dira Ttakuneneara hizlari eta ikus-entzuleak. Artista donostiarraren kantu horren letra aproposa izan daiteke euskalgintza zer den laburbiltzeko: "Eta horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera, kate horretan denok batera gogorki loturik gaude...". Bozgorailuaren bolumena jaitsi eta Orekiko kide Julen Cochok hartu du hitza, aurrera eramaten ari diren proiektua zertan den esplikatzeko. Planteatzen dutena da elkartegintza eta partaidetza sustatu aurretik beharrezkoa dela gaur egungo egoeraren "diagnosi egoki bat" egitea. Horretarako, ikerketa kuantitatibo nahiz kualitatibo bat burutzen ari dira eta azken alor horren barruan daude asteotan egiten ari diren mahai inguruak. Azkenekoan euskalgintza izan dute hizpide, betiere partaidetzaren ikuspegitik.
Ttakun Kultur Elkarteko Kuadrillategi egitasmoaren koordinatzailea eta eragileko lehendakaria dira Iker Artetxe eta Mari Karmen Ormazabal, hurrenez hurren. Hirugarren gonbidatuak, Iñaki Arrutik, harreman estua du euskara elkarte horrekin (sorreran parte hartu zuen, besteak beste) eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiten du, hainbat urtez Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko buru jardun ostean. Cochok euskalgintza eta partaidetza uztartu dituen zenbait galdera bota dizkie eta bakoitzak beretik erantzun, ordu eta erdi inguruko saio bat egiteraino.
"Zerk motibatu zaituzte euskalgintzan parte hartzera?", izan da aurreneko galdera. "Nire kasuan, barruko behar pertsonal batek", erantzun du Arrutik. "Euskararekiko kultura, praktika eta egiteko modu jakin batzuk jaso genituen, gero ikastolan indartu zirenak. Ondoren, ordea, kalera atera eta jabetu ginen ezin genuela ginenak bezalakoak izan". Horren aurrean bi jokabide daudela azaldu du euskara teknikariak: "Itsasora salto egiten baduzu enbor modura, korronteak itsasoraino eramango zaitu; izokinaren jokabidea baduzu, aldiz, ibaian gora egin behar duzunez parte hartze sozialean aritzen bukatuko duzu, baldin eta egoera eraldatzeko gogo eta indarra baduzu".
"Ez zegoena sortzeko beharrak" bultzatu zuen Ormazabal Ttakun Kultur Elkartearekin harremantzera. "Begirale ikastaro bat egiten hasi nintzen eta mundu, ibai berri batekin topo egin nuen, ni bezain eroak zeuden beste izokin batzuekin". Beste premia batengatik murgildu zen Artetxe euskalgintzaren uretan: "Beharra dugu oraindik ere euskara bultzatzeko, sartu nintzenean hori sentitu nuen eta horren alde lan egiteak motibatu egiten nau, niri eman zidatena gaur egungo gazteei emateak".
Partaidetza gaur egungo gizartean
Gizartea nola, edozein ekimen aurrera eramateko parte hartzea ere aldatu egin da azken hamarkadetan. Horri buruz ere hausnartu dute gonbidatuek. Arruti: "Tristea da horrela esatea baina iruditzen zait partaidetza soziala balore dekadente bilakatzen ari dela gaur egun, ez euskalgintzan soilik: horrenbeste lerratzen ari gara indibidualismoarekin non ez dagoen ongi ikusia norberaren interesaren gainetik talde edo kolektibo batenak jartzen dituen pertsona".
Ormazabalek hasierako ideiarekin lotu du gogoeta, ez dagoen zerbait eratzearekin eta hori egin ostean gertatzen denarekin: "Uste dut, neurri batean, erlaxatu egin garela, zerbait sortu ondorenean normaltzat hartzera iritsi garelako. Edonola ere, euskararen aurkako zartakoak jasotzen jarraitzen dugu handik eta hemendik eta borrokatzen jarraitu behar dugu; oraindik ez gaude salbu".
Esan bezala, Kuadrillategi egitasmoa koordinatzen du Artetxek eta 12 eta 16 urte arteko gazteekin aritzen da batez ere. "Euskara erabili beharraren premia ez dute belaunaldi zaharrek bezainbeste sentitzen, hizkuntza galtzeko arrisku hori ez dute ikusten, egoera normala da beraientzat. Ttakunek lan asko du egiteke norabide horretan".
Jarrera ala egoera estrukturala?
Hiru hizlariek bat egin dute: pertsonen jarrera ala unean uneko egoera estrukturala garrantzitsuak dira baina gehiago eragiten du bigarrenak. "Egiturazko erabakiak hartzea da gakoa; eraldatzeko nahiaren hazia behar duzu baina horrekin bakarrik ez du balio", nabarmendu du Arrutik. Ildo horretatik, saretzeko beharraz mintzatu da Ormazabal: "Edo antolatzen gara edo egoerak irentsi egingo gaitu". Artetxek onartu du "kosta" egiten dela gazteak euskarara erakartzea: "Zailagoa da euskararekiko jarrera positiboa izatea, gustatzen zaiena ez dutelako hizkuntza horretan jasotzen". Etxarri Aranatzen (Nafarroa) emandako ikastaro batean, adibidez, gazteek esan zioten euskarazko hizkera informala faltan botatzen dutela. Edonola ere, Artetxek baditu etorkizunerako baikor izateko arrazoiak, euskalgintzan erreleboa ikusten duelako: "Ttakuneko erabiltzaile izan diren gazteetako batzuk euskara normalizatzearen alde ari dira lanean orain".