Herriko partaidetza bere zentzurik zabalenean ulertzeko asmoarekin gazte, elkarte eta erakundeen ahotsa jaso nahi dute Orekiko kideek. Horregatik, saioaren lehen atalean Anne Ugarteburu (politikagintzan eta herriko hainbat ekimenetan parte hartu duen gaztea), Ramon Ormazabal (Lasarte-Oriako elkartegintzan eskarmentu handia duen herriko merkataria) eta Estitxu Alkortak (lehen Lasarte-Oriako Udalean eta orain Eusko Jaurlaritzan ardura politikoak dituen ordezkaria) haien diagnosiak partekatu dituzte, bakoitzak bere bizipenetatik. Ondoren, hitzaldira bertaratu direnei eman diete hitza euren iritzi, iradokizun eta proposamenak partekartzeko. Gai ugariri buruz hitz egin dute, hala nola, gazteen antolatzeko modu berriez, elkarteen profesionalizazioaz edota ekimenak gauzatzeko garaian herritarrek topatzen dituzten traba burokratikoez.
Datozen asteetan beste lau solasaldi aurrera eramango dituzte aipatu zikloaren barruan, beste alor batzuk jorratuta: kulturgintza, euskalgintza, boluntariotza eta aktibismoa, hain zuzen.