Berrikuntza politikoa esploratzen: Lasarte-Orian parte hartzearen kultura biziberritzeko ikaskuntzak izeneko trenak bidea urratzen jarraitzen du eta Biyak Bat nasan sartu ostean egin du laugarren geltokia: zaintza alorreko boluntariotza. Oreki fundazioko kide Julen Cochok gidatzen dituen bagoietara igo dira Aspaceko boluntario Rosabel Ausin, Adinkiden ari diren Mario Diaz zein Justo Juan Alberdi eta Nagusilanen parte hartzen duen Encarni Baztan.
Aipatutakoaren aurretik hiru egonaldi egin ditu ibilgailuak: auzogintza, kulturgintza eta euskalgintza. Geltoki bakoitzak bere ezaugarriak izanagatik norabidea beti da berbera: alor bakoitza partaidetzaren ikuspegitik aztertzea, gure herrian zeregin horren egoera zer-nolakoa den diagnostikatzeko.
Ildo horretatik, Cochok galdetu die gonbidatuei ea zer den beraientzat parte hartzea eta zergatik erabaki zuten horretan hastea. Ausinek hartu du hitza eta argi mintzatu da: "Ahal dudan guztian lagundu nahi izan dut beti, ezer ez galdu, han eta hemengo egitasmoetan parte hartu". Zaintzaren alorrari dagokionez, gogoratu du duela hiru hamarkada pasatxo gaur egun ibilbide oparoa duen Jalgune elkartea eratzeko lanetan ibili zela metro gutxitara zuen Baztanekin batera. Urte batzuk geroago hasi zen Aspacen, duela 22 bat-edo, eta "oso gustura" ari da: "Konturatu naiz babesa behar duten pertsonei laguntzen diegunok jasotzen dugula gehien".
Mario Diaz argentinarrak urte eta erdi darama Euskal Herrian eta konturatu da adineko pertsonekiko tratua desberdina dela: "Han ez ditugu gure zaharrak bakarrik uzten inoiz". Hona etorri zenean ikasketa soziosanitarioak egin zituen eta orduan jabetu zen bakarrik zeudela pertsona asko. Horren harira, Adinkiderekin harremanetan jarri eta boluntario gisa dihardu gaur egun. "Oso interesgarria da euren egunerokotasuna aurrera eramaten laguntzea, asko ikasi dut beraiengandik".
"Oso gogorra da bizitzaren amaierari aurre egitea, bai prozesu horretan dagoenarentzat, bai ingurukoentzat", hausnartu du Justo Juan Alberdik. Gogoeta horrekin batera, herriko partaidetzaren egoera jarri du datutan eta esan 80 eragile baino gehiago (2017ko datuak) daudela herrian. "Teorikoki badaude eragile nahikoak Lasarte-Orian baina kontua da horietan zer-nolako ezaugarriak dituen partaidetzak".
Azkenik, Baztanek esan du "bete" egiten duela boluntario lanetan aritzeak eta "ahal duen guztian" laguntzeak. Euskal Herrian nahiz atzerrian (Frantzian, kasu) bizitako abenturak eta aurrera eramandako egitasmoak kontatu ditu, gazte garaietan zuen grina berberarekin. Lasarte-Oriara bizitzera etorri zenetik makina bat proiektutan aritu da buru-belarri, adibidez, Gurutze Gorrian, Jalgune elkartearen sorreran edota Nagusilanen bertan.