Prentsaurreko izaten hasi dena lagunarteko elkarrizketa bat bilakatu da azkenean, Makelurreko kideek asteroko entseguetan egiten duten bezala. Antzerkia heldulekutzat hartuta euren sentimendu, kezka, grina eta bestelakoez jarduten dute, gero kultur etxean urtean behin edo bitan antzezten dituzten obrak prestatzeaz gain.
Hemezortzi urte bete berri dira talde sortu berriak La boda antzezlanarekin ibilbide oparo bat ekin zionetik: 2006ko ekainaren 1ean estreinatu zuten aipatu lan hori, Arantzazuko Ama elizan. Lau egun geroago argitaratutako aldizkarian jaso genuenez, "performance dibertigarri" gisa definitu zuten egindakoa eta "urduri" zeudela obra estreinatu aurretik, parrokia horretan aritu ziren hamahiru kideetatik gehienentzat "lehenengo esperientzia" izan zelako. Beste hamasei lan estreinatu dituzte ordutik, azkena, aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunean: Escuela de princesas.
Hortik asko du Makelurren egiten dutenak: beldur, lotsa eta aurreiritziak alde batera utzi eta eguneroko gaiak jorratzen dituzte, emakumeekin eta feminismoarekin zerikusia dutenak batez ere, umore ukitu batekin. "Gai sakonak lantzen dituzte eta euren emanaldiak zuzenean ikusi eta gero, indartuta ateratzen zara pertsona bezala", adierazi du Valdiviak.
Hemeretzi proposamen
Omendua hautatzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu Jaietako zinegotzi Txus Alonsok. Parte hartze prozesu bat abian jarri zuten otsail amaieran eta horren bitartez hemeretzi proposamen jaso zituztela zehaztu du. Ondoren, Udal Gobernua osatzen duten kideetako bakoitzak botoa eman eta erabaki dute Makelur omentzea aurten. "Lan zaila izan da, hautagai guztiek merezi dutelako horrelako aitortza bat".
Horren ostean, Makelur taldea "familia" bat dela adierazi du Alonsok eta eskerrak eman dizkie agerraldira bertaratu diren hamaika antzezle (hamalau dira guztira) eta Maria Aguirre zuzendariari, herriaren alde egindako lan guztiagatik.
Omendua izatea, "ohorea"
Udal ordezkariek esateko zituztenak entzun ostean protagonistek hartu dute hitza, Makelurreko zuzendariak eta antzezleek. Horrelako aitortza bat jasotzea "ohorea" izan dela adierazi dute eta argi erakutsi dute umorea ongi erabiltzen dakitela, Valdiviari eta Alonsori abisatu dietelako txupinazorako balkoia egokitzeko. "Asko gara taldean eta ia denak joateko asmoa dugu!". Horietako batek, Yolik, ezin izango du zuzenean gozatu aitortzaz, alaba Grezian duelako eta beregana doalako. "Dena den, berdin-berdin bizituko dut, herrian egongo banintz bezala".
Esan bezala, hamalau aktorek osatzen dute Maria Aguirrek zuzentzen duen taldea. Kideak "oso anitzak" direla nabarmendu dute eta belaunaldi desberdinetakoak direla, 40-45 urtetatik 80 urtetik gorakoetara. 2006tik daramate zenbaitek eta geroago hasi dira besteak, baina guztiek osatzen dute Makelurren familia.
Pasadizo, anekdota eta gogoeta ugari partekatu dituzte agerraldiak iraun duen ordu erdian. Horietako ugari datorren asteko zenbaki berezirako prestatuko dugun erreportaje berezian argitaratuko ditugu, Makelurren ibilbidearen bilakaera erakusten duten zenbait material grafikorekin batera.