Hirugarren eguna, punk-rock erritmora

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 31a, 09:28

Gaur arratsaldean jaitsiko da Teresa Sorgiña Zabaleta auzora eta ongietorri beroa egingo diote auzotarrek, bakoitzak bere motorra ere tenperatura horretara duelako dagoeneko. Horretan dezente lagundu du The Noisemakers taldeak txosna gunean emandako kontzertuak.

"Ikusi, entzun, usaindu, dastatu... Denok batera hau da Zabaleta!", auzoko abestietako baten (Gas, gas eta Fruta yan dira beste bi dantzatu eta kantatuenak) estribilloa Buenos Aires aldapara igotzen hasi aurreko biribilgunetik entzuten zen, exageratu gabe. Auzotarrek motorrak bero-bero dituzte gaurtik igandera arte jaiez topera gozatzeko. Lehen hiru egunak berotzeko izan dira nagusiki, baina, txosna guneko eta inguruko giroa ikusita, hori baino gehiago ere izan dira. Presta zaitez, Teresa Sorgiña...

Atzoko arratsaldeari eskulanak egiten ekin zioten haur eta gurasoek: orri markagailuak, argazkietarako markoak eta abanikoak egin zituzten, frontoian. Metro gutxi batzuetara instrumentuak eta eztarriak prest zituzten The Noisemakers herriko taldeko laukoteak: Javi Mora (gitarra eta ahotsa), Julian Tokero (baxua), Oier Tokero (gitarra eta koruak) eta Urtzi Furundarena (bateria). 80. hamarkadako talde ospetsuenetako batzuen abestiak bertsionatzen iaioak direla erakutsi zuten beste behin eta Zabaleta abestiaren punk bertsioarekin ere ausartu ziren, Ane Jimenez trikitixa jotzailearen laguntzarekin. 

Asteburu luze eta ederra aurretik

Arestian esan bezala, gaur arratsaldean jaitsiko da auzora Teresa Sorgiña. Ongietorri beroa egingo diote arratsaldeko zazpietan, ekimen hauek aurrera eramanda: jaietako pregoia, Jalguneren dantza emanaldia eta Sorgin Dantza herrikoia. Hau izango da igande iluntzera arteko egitaraua:

Gaur, hilak 31

  • 19:00etan, Teresa Sorgiñari ongietorria: jaietako pregoia, Jalguneren dantza emanaldia eta Sorgin Dantza herrikoia.
  • 19:30ean, festetako dantzak, goxorraketak eta buruhandiak.
  • 21:00etan, afari auzotarra, norberak berea ekarrita.
  • 23:30ean, Euskal Dantza Sorkuntza ikuskizuna, Kukuka eskolakoen eskutik.
  • 00:00etatik aurrera, musika festa: Andoni Ollokiegi eta Auskalo taldea.

Bihar, ekainak 1

  • 09:00etan, diana.
  • 11:00etan, margoketa tailerra eta txokolatada.
  • 11:00etan, Xumela koruak auzoan barrena abestuko du.
  • 12:30ean, Zapotxin pailazoaren emanaldia.
  • 15:30ean, Jose Migel Aranzadiren oroimenezko XV. Mus Txapelketa, Caddie tabernaren laguntzarekin.
  • 16:00etan, saskibaloi partidak.
  • 17:00etan, LOZET elkartearen erraldoi, buruhandi eta dultzaineroak.
  • 18:30etik 20:00etara, pilota txapelketako finalak.
  • 20:00etan, goxorraketak eta buruhandiak.
  • 20:00etan, Elektropottotte elektrotxarangaren emanaldia.
  • 20:30ean, herri afaria. Afalostean, Lierni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko bertsolarien emanaldia izango da. Afarirako txartelen prezioak hauek dira: 25 euro helduentzat eta 15 gazteentzat (12 urte arte). Arima tabernan eta auzoko dendan salgai daude tiketak.
  • 23:30ean, akelarre dantza.
  • 23:50ean, zezensuzkoa LOZET elkartearen eskutik.
  • 00:00etan, kontzertuak: Txili Pipar, Sinergy eta DJ Fantasia.

Etzi, ekainak 2

  • 09:00etan, diana.
  • 10:30etik 11:00etara, patata tortilla txapelketa, Avenida taberna-jatetxearen laguntzarekin.
  • 11:00etan, Euskal Dantza erakustaldia, Kukuka eskolakoen eskutik.
  • 12:00etan, herri kirolak.
  • 12:00etan, Oaintxe in deu! txaranga auzoa girotzen hasiko da.
  • 12:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandiak.
  • 13:00etan, proba misto nagusia.
  • 14:30ean, herri bazkaria, eta, ondoren, bingo aldrebesa eta txarangaren emanaldia. Bazkarirako txartelen prezioak hauek dira: 22 euro helduentzat eta 10 gazteentzat (12 urte arte). Arima tabernan eta auzoko dendan salgai daude tiketak.
  • 18:00etatik 20:00etara, Malkogarriyak erromeria taldearen emanaldia.
  • 18:30ean, toka txapelketa herrikoia.
  • 20:30ean, azken traka eta Teresa Sorgiñari agurra.

Zabaletako jaiei buruzko eduki denak kanal berezi honetan biltzen ari gara.