Buruhandiak, goxorraketak eta aparra, gozatu dute barra-barra!

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 30a, 08:00

Zabaletako jaietako bigarren egunean ere auzoko haurrak izan dira protagonista nagusiak eta gogotik gozatu dute haientzako antolatutako ekimenetan: apar festa, goxorraketak eta buruhandiak. 

Teresa Sorgiñak edabe magikoak prestatzeko erabiltzen duen pertza zirudien txosnaren ondoko kantxak, aparrez beteta. Bitsez lepo, eta baita jendez ere, Zabaleta auzoan gero eta herritar gehiago bizi diren seinale. Haurrak handik, gurasoak hemendik... alde batetik bestera joateko ia-ia akrobaziak egin behar bazituzten ere, ez zen kexatu inor, gogotik gozatzen ari zirelako eta eguraldi beroari aurre egiteko plan bikaina izan zelako. Asmatu zuten antolatzaileek jarduera egunez aldatzen, gaurko iragarpen metereologikoa ez baita horren ona, inondik ere.

Aparra zerien baita ere txosnan atera dituzten garagardo freskoei. Zerbitzari lanetan aritu ziren bizilagunen batek edo bestek agujetak izango ditu gaur agian, txapa irekigailua aspertu arte erabili baitzuten. Jo eta su lan egin zuten barran nahiz sukaldean eta bigarren eguna besterik ez zen... 

Arratsaldeko zortzietan puntuan hiru suziri jaurti zituzten zerura txosna atzealdean. Une berean eta metro gutxitara, eszenatokian, goxokiak jaurtitzen ari ziren teniserako erraketak erabilita: "Goxorraketak" deitzen diete. Zabaletarrei bururatzen ez zaienik...

Bururatu zituzten buruhandiak auzoko zenbait gaztetxok eta adinez parekoak ziren beste hainbaten atzetik ibili ziren, maskuriak eskuetan. Beharbada ez dute helduek bezain fuerte astintzen, baina haiei baino dezente geroago agortzen zaizkie pilak. Bakoitzak erabaki dezala zer eta nor nahiago duen...

Umeek jantzi zituzten oilarra, zerria, pailazoa... Buruhandiak txosnan jarri zituzten ikusgai arratsalde osoan, trofeoak bailiran. Alboan, gazta bat, poltsa batean. Beherago, paretari itsatsita, galdera ikurdun erronka bat auzotarrentzat : zenbat pisatzen ote du? Hona hemen proposamentxo bat antolatzaileentzat: jar dezatela beste folio bat alboan, eta galde dezatela ea zenbat balio duten Zabaletakoak bezalako jai auzotarrek. Hementxe erantzun bat, boligrafoa hartu eta apuntatzeko: infinitu. Hartuta dago?