Haurren txupinazoarekin hasi dira Zabaletako Jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 29a, 11:00

Haurrak izan dira Zabaleta auzoko lehen jai egunaren protagonista nagusiak. Txupinazoa jaurti dute auzoko haur eta gaztetxoek, ederki aritu dira horren ostean auzo elkarteak antolatutako jardueretan. Apar festaz, antzerkiaz eta beste hainbat egitasmotan parte hartu ahal izango dute gaur. 

Zabaletan, haurren eskutik hasi dira aurtengo auzoko jaiak. Haurren txupinazoa egin dute lehenengoz. Auzoko haur eta gazteek hartu dute oholtza, eta mikroak elkarri eutsiz, festei hasiera emateko pregoia irakurri dute, txandaka. 

Bertaratutakoak agurtzearekin batera, auzotar izatearen nortasuna azpimarratu dute. Azaldu dute inork nongoak diren galdetzen dienean, Zabaletakoak direla erantzuten dutela, eta harro daudela bertakoak izateaz. 

Auzoko jaiek zein garrantzia duten ere nabarmendu dute., eta horiek martxan jarri zituztenak ekarri dituzte gogora: "auzoko nagusiak". Horiek landatutako hazia "asko loratu dela" ere aipatu dute, auzoa handitu dela, eta bertan bizi diren guztien artean ari direla "komunitate eta bizitza berria eraikitzen". 

Auzo elkarteko batzordekideei eskerrak eman dizkiete, bereziki jai batzordekoei urtero jaiak antolatzeko egiten duten lanagatik, eta gazteei ere zuzendu dizkiete hitz batzuk. Gaztetxoek aipatu dute euren eredu direla, eta "alai, positibo, jostari, dantzari eta jator-jatorrak" behar dituztela. 

Amaitu aurretik aipatu dute ondo pasatzeko prest daudela, eta ez direla ezerekin eta inorekin pasako. Lekua hartuko dutela, eta egin ere egingo dutela. 

Pregoia irakurri ostean, musika aireratu da bozgorailuetatik, eta koloretako puxika eta serpentinek koloreztatu dute festa eremua. 

Dantza eta kanturako tartea

Urtero bezala, aurten ere kamisetak serigrafiatzen aritu dira auzo eta herriko gazte zein helduak, eta lan horiekin batera, dantzan eta kantuan ere aritu dira asko, agertokian. 

Talentu bila ekimenean parte hartu dute askok, eta, esan beharra dago, sekulakoa azaldu dutela denek. Ondo entseatutako koreografia, monologo eta kantu saioak erakutsi dizkiete ikus-entzuleei. Gorputza eta ahots kordak ongi astinduta, eta lehen jai giroari amaiera emate aldera, buruhandiekin aritu dira jolasean gaztetxoak, eta goxorraketekin jaurtitako karameluak poltsikoratuta joan dira etxera. 

Gaurko egitarauan, aldaketa

Gaur arratsaldean izango du jarraipena festak. 18:00etan Kukuka eksolako kideen antzerki emanaldiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ostean, 18:30etik 20:00etara apar festa aurrera eramango dutela iragarri dute. Jarduera hori ez zegoen gaurko aurreikusia, baina egun hauetarako eguraldiaren iragarpena dela-eta, aldaketa egitea erabaki dute antolatzaileek. Etxeratu aurretik, ohi bezala, auzoko abestia dantzatuko dute, eta goxorraketak ere ez dira faltako. 

Erlazionatuak