ZABALETAKO JAIAK

Ongietorri beroa egingo diote Teresa Sorgiñari

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 21a, 19:31

Hilaren 28tik ekainaren 2ra ospatuko dituzte Zabaleta auzoko festak. Ohi bezala, adin tarte guztietako herritarrentzako programa oparo eta anitza prestatu dute. Teresa Sorgiñari 31n egingo diote ongietorria, 19:00etan. Zabaleta Auzolan elkarteak antolatu ditu jaiak, Lasarte-Oriako Udalaren dirulaguntzarekin: 3.588 euro eman dizkio erakundeak eragileari.

Zabaleta Auzolan elkarteko kide Fede Otaegi, Txanpi Baztarrika, Asier Gorostegi, Oihan Agirretxe eta Antton Garin bertaratu dira agerraldira eta auzoko jaiak aurkeztu dituzte Agustin Valdivia alkatearekin eta Jaietako zinegotzi Txus Alonsorekin batera. Azken horrek eskerrak eman dizkio eragileari festak antolatzeagatik: "Zuen lanagatik ez balitz ez litzateke posible izango jaiak ospatzea". 400 euro gehiagokoa izango da aurtengo laguntza, "gastu gehigarriei" aurre egiteko. Zehazki, datorren astean erabiliko duten materiala garraiatzeko furgoneta bat alokatzeko.

Egitarauan ez dira faltakoa proba mistoa, bertsolarien emanaldia eta Teresa Sorgiñari ongietorria bezalako ekimen klasikoak. Aurtengo jaietan makina bat jarduera gehiago aurrera eramango dituzte, ordea, datorren astearte arratsaldeko haurren txupinazotik hasita. 

Egitaraua

Hilak 28, asteartea

  • 18:00etan, haurren txupinazoa.
  • 18:00etatik 20:00etara, haurren jolasak: Talentu Bila eta kamisetak serigrafiatzeko tailerra.
  • 20:00etan, festetako dantzak, goxorraketak eta buruhandiak.

Hilak 29, asteazkena

  • 18:00etan, antzerki emanaldiak Kukuka eskolakoen eskutik.
  • 18:30etik 20:00etara, haurren jolasak: apar festa.
  • 20:00etan, festetako dantzak, goxorraketak eta buruhandiak.

Hilak 30, osteguna

  • 18:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolasak: eskulanak, hankapaloak eta herri kirolak.
  • 19:00etatik 20:30era, pintxo potea txoznan.
  • 19:00etan, The Noisemakers rock taldearen kontzertua.
  • 20:30ean, festetako dantzak, goxorraketak eta buruhandiak.

Hilak 31, ostirala

  • 19:00etan, Teresa Sorgiñari ongietorria: jaietako pregoia, Jalguneren dantza emanaldia eta Sorgin Dantza herrikoia.
  • 19:30ean, festetako dantzak, goxorraketak eta buruhandiak.
  • 21:00etan, afari auzotarra, norberak berea ekarrita.
  • 23:30ean, Euskal Dantza Sorkuntza ikuskizuna, Kukuka eskolakoen eskutik.
  • 00:00etatik aurrera, musika festa: Andoni Ollokiegi eta Auskalo taldea.

Ekainak 1, larunbata

  • 09:00etan, diana.
  • 11:00etan, margoketa tailerra eta txokolatada.
  • 11:00etan, Xumela koruak auzoan barrena abestuko du.
  • 12:30ean, Zapotxin pailazoaren emanaldia.
  • 15:30ean, Jose Migel Aranzadiren oroimenezko XV. Mus Txapelketa, Caddie tabernaren laguntzarekin.
  • 16:00etan, saskibaloi partidak.
  • 17:00etan, LOZET elkartearen erraldoi, buruhandi eta dultzaineroak.
  • 18:30etik 20:00etara, pilota txapelketako finalak.
  • 20:00etan, goxorraketak eta buruhandiak.
  • 20:00etan, Elektropottotte elektrotxarangaren emanaldia.
  • 20:30ean, herri afaria. Afalostean, Lierni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko bertsolarien emanaldia izango da. Afarirako txartelen prezioak hauek dira: 25 euro helduentzat eta 15 gazteentzat (12 urte arte). Arima tabernan eta auzoko dendan salgai daude tiketak.
  • 23:30ean, akelarre dantza.
  • 23:50ean, zezensuzkoa LOZET elkartearen eskutik.
  • 00:00etan, kontzertuak: Txili Pipar, Sinergy eta DJ Fantasia.

Ekainak 2, igandea

  • 09:00etan, diana.
  • 10:30etik 11:00etara, patata tortilla txapelketa, Avenida taberna-jatetxearen laguntzarekin.
  • 11:00etan, Euskal Dantza erakustaldia, Kukuka eskolakoen eskutik.
  • 12:00etan, herri kirolak.
  • 12:00etan, Oaintxe in deu! txaranga auzoa girotzen hasiko da.
  • 12:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandiak.
  • 13:00etan, proba misto nagusia.
  • 14:30ean, herri bazkaria, eta, ondoren, bingo aldrebesa eta txarangaren emanaldia. Bazkarirako txartelen prezioak hauek dira: 22 euro helduentzat eta 10 gazteentzat (12 urte arte). Arima tabernan eta auzoko dendan salgai daude tiketak.
  • 18:00etatik 20:00etara, Malkogarriyak erromeria taldearen emanaldia.
  • 18:30ean, toka txapelketa herrikoia.
  • 20:30ean, azken traka eta Teresa Sorgiñari agurra.