Korapiloak askatzen saiatzea aukeratu dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 16a, 12:27

Borobilean Elkarteak eta Hiruki Larroxa kolektiboak elkarrekin aurrera eraman dute 'Gizonak parekidetasunaren bidean: aukerak eta korapiloak' hitzaldi-tailerra. Dozenaka gizon bertaratu dira Oriarte Landaberri institutura eta ariketa praktiko batzuk egin dituzte lantzeko gaia testuinguruan jarri bitartean. Harremanetan jarraitzeko datuak bildu eta etorkizunean saio gehiago egitekotan geratu dira.

Borobileaneko kide Joxe Mari Agirretxek egin die ongietorria Hiruki Larroxako kide Ibai Fresnedori eta hitzaldi-tailerrera etorri diren dozenaka gizonei. Azaldu du gaia jorratzeko premia ikusi dutela eta horregatik erabaki dutela otsaileko saioa horri buruz egitea, Oriarte Landaberri institutuan, gizonek parekidetasuna erdiesteko bidean gaur egun jokatzen duten paperaz eta etorkizunean bete beharrekoaz gogoeta egiteko. Jarraian, Fresnedori galdetu dio ea zenbat kilometro egin dituen Euskal Herrian barrena aste honetan: "1.400", erantzun dio. "Hori bada gaiak sortzen duen interesaren eta lantzeko premiaren seinale", esan du Agirretxek.

Fresnedok hartu du hitza segidan. "Hau arrakasta, ez nuen horrenbeste jende espero, egia esan", adierazi du. Horren ondoren Hiruki Larroxak gaur egun aurrera eramaten dituen lan ildoen berri eman die parean izan dituenei. Eragile horrek hainbat prozesu ditu martxan herri ugaritan, "urte osokoak". Haur eta gazteekin ere lanean ari dira hezkuntza zentroetan eta "arazo handiak" daudela adierazi. Dagoeneko jorratzen dituztenei beste lanketa bat gehituko diete laster, Zaballa eta Martuteneko kartzeletako presoekin biltzen hasiko direlako.

Gizonek parekidetasunaren bidean dituzten korapilo eta aukerez hitz egiten hasi aurretik, ariketa praktiko bat egitea proposatu die partaideei: bakoitzak bere izena esatea elkar ezagutzeko eta jorratu duten gaiarekin lotura duen kontzeptu bat botatzea. Hona hemen batzuk: erronka, kontraesanak, pribilegioa, protagonismoa, bidea, zaintza, ardura, desikaskuntza, berdintasuna, etorkizuna... Saioan aurrera egin ahala hizpide izan dituzte horietako asko.

Lau korapilo

Lehen bilera hori, batez ere, gaia testuinguruan jartzeko baliatu dute. Gauzak horrela, lehen aipatutako ariketatxo praktiko batzuk eta hitzartze batzuk egin dituzte, baina, batez ere, Fresnedo arduratu da azalpenak emateaz. Lehen zatian korapiloei buruz aritu da, zehazki, lau hauetaz: aurrerapen feministen aurrean agertzen ari diren erantzun eta mugimendu erreakzionarioak, berdintasun faltsuaren paradigma, polarizazioa eta subjektua. Ideia bakoitza garatu eta adibideak eman ditu.

Plazaratu dituen hausnarketetako bat izan da gizonek "gerraren klabean" ulertzen dituztela berdintasuna eta feminismoa: "Irabazi egingo dute batzuek eta galdu besteek". Ikuspuntu hori baztertu eta eraldaketa sozialaren bidetik ulertzea da gakoa Hiruki Larroxako kidearen ustez, azpimarra jarrita "onuran, erantzukizunean eta askapenean". Horren ildotik, berebizikoa iruditzen zaio "berdintasun formala eta erreala" desberdintzea, bigarrena erdiesteko oraindik bide asko dagoelako egiteko. "Parekidetasun erreala lortu dugunaren sentsazioa faltsua da. Iruditzen zaigu emakumeak lan merkatuan sartu izanagatik eta etxeko lan batzuk egitearekin dena egin dugula eta asko geratzen zaigu egiteko estrukturalki eta sinbolikoki".

Ordu eta erdi inguruko hitzaldi-tailerraren ostean parte hartu dutenen datuak bildu eta etorkizunean bilera gehiago egitekotan geratu dira Oriarte Landaberrira bertaratutakoak.