Gaur egungo eta etorkizuneko zaintza ereduaz hausnartu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 24a, 12:56

Zaintzaren arloa jorratzen duten profesional, ordezkari politiko eta erabiltzaileak gonbidatu ditu Borobilean elkarteak bigarren saio irekira, alor hori ardatz izango duen greba feminista orokorraren atarian. Jakin mina piztu du gaiak herritarren artean eta txiki utzi dute Oriarte Landaberri ikastetxeko gela.

Zaintza lanak "bizitza sostengatzeko ezinbestekoak" direla nabarmendu dute Borobilean elkarteko kideek eta zeregin horiek gaur egun "feminizatuak, ikustezinak, prekarizatuak eta pribatizatuak" direla. Ildo horretatik, eredu pribatura mugatzen den eredua eraldatzeko egin beharrekoaz gogoeta eragiteko saio bat aurrera eraman du, pertsona hauek Oriarte Landaberri ikastetxera gonbidatuta: Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta, Maitelan kooperatibako kide Elisa Pereda, Atsobakar egoitzako langile Esti Amantegi eta Margari Ibeas, Zorroaga Fundazioko behargin Sorkunde Agirre, Izan Iñurri elkarteko kide Sandra Barkaiztegi eta Norma Andrade, Asunak talde feministako kide Susi Sanz, Olatz Arozena sindikalista eta zaintza prestazioak behar izan dituen pertsona baten senide Patxi Azpiroz. Borobileaneko kide Ixiar Arteagak moderatu du solasaldia.

Mahai inguruari ekiteko, Arteagak banan-banan aurkeztu ditu gonbidatuak eta bakoitzari bere alorrarekin zerikusia duten galdera batzuk egin dizkie. Solabarrietak, esate baterako, Usurbilen alor horren bueltan egiten ari direna azaldu du: "Oinarrietatik sistema oso bat aldatzen ari gara, urte luzetako lana eskatzen du horrek". Zentzu horretan, nabarmendu du "beharrezkoa" dela ez bakarrik borondate politikoa, baita ere eragile eta komunitateko kideak inplikatzea, eraldaketa gauzatzeko nahia hauspotu eta hori aurrera eramateko espazio aproposak emanda. Egindako guztiaren adibideetako bat da datorren urte hasieran martxan jarriko duten Txirikorda egitasmoa, belaunaldi desberdinetako usurbildarrentzako hamasei etxebizitza izango dituena. "Guztiok izango gara zainduak gure bizitzan zehar eta premiazkoa da arreta hori behar dutenak pertsona gisa ikustea, ez zenbaki bezala; haien beharrak zeintzuk diren ezagutu behar ditugu, haien bizitzak nolakoak izan diren". 

Zaintzaren gainean "lau urteko master intentsibo bat" egina duela adierazi du Solabarrietak, "asko" ikasten ari dela "jendearen bizitza aldatu eta hobetzeko bidean". Halaber, eskerrak eman dizkie Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileei, "motore" baitira lanketa horretan guztian. Zaintza eredua eraldatzeko helburu horretan geldialdirik egin gabe, martxan jarritakoa ebaluatzea "berebizikoa" dela iruditzen zaio eta onartu du "gabezia batzuk" detektatu dituztela, hala nola, prozesu horretako partaide gehienak 60 urte baino gehiagoko emakumeak direla. "Edo lortzen dugu komunitateko kide guztiak eta batez ere gizonak bide honetan inplikatzea, edo salatzen ari garen hori erreproduzituko dugu bestela beste behin, zama emakumeena izatea". 

Maitelan, langileen batasunaren adibide

Esan bezala, Elisa Pereda izan da hizlarietako bat. 2020an abian jarritako Maitelan kooperatibako kideetako bat da bera, "zaintza lanei kolektiboki erantzuteko" tresna baten partaide. Eragile horren sorrera nolakoa izan den azaldu du: "Emakume zenbait elkartu ginen, migratzaileak gehienak, gure lan baldintzez eta pertsonen arretaz hitz egin eta horiek hobetzeko helburuarekin". 

"Ezinbestekoak ditugu zaintza lanak gure bizitzan zehar", azpimarratu du Peredak. "Lan horiek, hala ere, ez dira modu parekidean banatzen, nagusiki emakumeak eta zehazki migratzaile eta arrazializatuak garenak arduratzen garelako horretaz, modu zaurgarri eta prekarioan". 

Bi ordu inguruz aritu dira solasean gonbidatu guztiak eta saiora bertaratutako herritarrek aukera izan dute hizlariekin euren gogoetak partekatzeko.