Gotzon Huegun lasarteoriatarrak Askatasunaren parkean jarritako Geroaren memoria eskulturaren bueltan bildu dira ekimena martxan jarri duten herritarreko batzuk, Borobilean Elkartea zertan den azaltzeko. Honako manifestu hau irakurri dute:
"Oteizak borobilaren interpretazio poetiko eta antropologiko ederra utzi zigun. Cromlecharen irudia eta sinbologia erabili zuen hori adierazteko, mairu-baratzarena, alegia, jentil-baratzarena. Horren arabera, borobila ez litzateke bakarrik figura geometriko bat; borobilak harremantzeko modu espezifiko bat islatzen eta proposatzen digu. Borobilaren ertz bakoitzak, puntu bakoitzak, indibidualitate bakoitzak azkenean, bere berezko eta errepikaezinak diren koordenadetatik, harreman zuzen eta berdintasunezkoa sortzen du beste subjektibitateekin, beste ikuspegiekin. Berdinen geometria sortzen baitu borobilak, alegia, ez baitu ez erpin nagusirik ez ertz mailaketarik, ez goia ez behea, ez aurrea ez atzea, ez hurbilago edo urrutiago, denak erdigunearekiko distantzia berean. Borobilean jarrita, denek denak elkar ikusten dituztelako, denak denen aurrean jarrita elkarren berri zuzena dutelako, ertz ikusgaitz edo ikusiezinik ez dagoelako. Borobila ez da perfektua, baina borobila da munduak duen berezko forma naturala, guk gustukoen dugun forma, hain zuzen.
Ezen, eta Oteizari jarraituz, borobilak hutsa sortzen du. Baina hutsa ez da ezereza. Hutsa, borobilaren barneko espazio inmateriala da, erpin guztiek, subjektibitate guztiek, komunean duten espazioa da: komunitatearen espazioa, alegia. Huts horretan, plaza horretan, definitzen da eta egikaritzen da komunitatea. Horregatik dugu borobilean aritzeko bokazioa: definitzen eta egikaritzen gaituelako. Borobilean elkarri begira, elkarrekin hitz eginez, elkarri entzunez, elkarrekin ekinez, elkarri sentituz, elkarrekin pentsatuz eta hausnartuz, elkarrekin partekatuz, elkarrekin heziz eta osatuz, elkarrekin... Elkarrekin komunitatea eraikiz berdinetik berdinera.
Komunitatea osatzen dugula eta komunitateak osatzen gaituela sinesten dugulako jarri dugu bueltaka Borobilean Elkartea. Lasarte-Oria 20.000 erpinetako cromlecha, mairu-baratza, jentil-baratza, bilakatzea dugu amets. Hori hasteko".
Borobilean egoteko arrazoiak
Joxe Mari Agirretxe, Zigor Iriondo, Olatz Arozena, Ixiar Arteaga, Pablo Barrio, Sandra Barkaiztegi eta Josu Agirretxe izango dira Borobilean Elkarteko kideetako batzuk. Egitasmoaren aurkezpenaren ostean, ekimen horretan parte hartzeko dituen arrazoiak eman ditu partaide horietako bakoitzak:
Solasaldi gehiago
Borobileaneko kideek azpimarratu dutenez, Sarrionandiarekin batera egingo duten komunikazioari buruzko hitzaldiaren atzetik etorriko dira gehiago. Arozenak aurreratu du azaroaren 23an zaintzari buruzko solasaldi bat prestatzen ari direla, hilabete horretako 30eko greba feminista orokorraren atarian.