Aurreikusi zitekeen moduan, harrera bikaina izan du hitzorduak; aulki bakar bat ere ez da hutsik geratu. Areago, izan dira eserlekutzat zorua hartu behar izan duten entzule apur batzuk. Aulkiek, gainera, borobila osatu dute; berariaz kokatu dituzte horrela elkarteko kideek, ezin baitzen beste modu batera. Horrek, bete du elkartearen helburuetako bat, hau da, aretoan bildu direnak "elkar ikusi eta begiratzea".
Saioari hasiera emateko, ekimeneko kideetako batek hartu du hitza, Ixiar Arteagak, eta elkartearen aurkezpen labur bat egin ostean, bi gonbidatuak aurkeztu ditu: Iñaki Petxarroman eta Joseba Sarrionandia. Urte luzez kazetari lanetan ari den kazetari lasarteoriatar gisa aurkeztu du lehena, eta hiru hamarkada pasatxo erbestean egin dituen idazle "irakurri, ezagun eta maitatu" bezala, bigarrena. Lan horiek amaituta, eurei eman die hitza; kazetaria izan da hitz egiten lehena.
Gaiari eutsi aurretik, zoriondu egin du elkartea, uste baitu ekimena "ederra" dela, eta Sarrionandiaz hitz egin du jarraian. Eman ditu idazlearen gaineko hainbat datu, besteak beste, oso gustuko izan duela bere liburuak irakurtzea, "batez ere gaztetan". Eta Martuteneko espetxetik ihes eginda, erbestean emandako urteez ere mintzatu da; hari horri tiraka kontatu du Habanara egindako lan-bidaia batean ezagutu zutela elkar. "Kultura baten parte, sinbolo handi" gisa definitu du protagonista, eta hitzartze hori amaituta, hari eman dio hitza.
Galdera eta erantzunak
Sarrionandiak hitza hartu orduko, aipatu du "oso garrantzitsua" dela komunikazioa, eta hori, "lagunartekotik" hasten dela. Eta, jarraian ikus-entzuleei jakinarazi die ez dela gai bati buruzko hitzaldi bat ematera etorri, baizik eta "gure gizarteko gai zailenei buruzko" galderak planteatzera. Eta helburu horrekin, lehena zuzendu die bertaratu direnek hausnar zezaten eta, noski, elkarrizketa bat sortu asmoz. Nazioa zer den galdegin du, eta izotza apurtu eta elkarrizketa bat sortu asmoz, Petxarromani eman dio erantzuteko lehen txanda. Berehala etorri da kazetariaren hausnarketa. Azaldu du, berak hitz hori hizkuntzarekin lotzen duela, euskararekin. Horren ostean partekatu dute zenbait ikus-entzulek euren gogoeta; askotarikoak izan dira, horien artean, izan da Petxarromanenarekin bat egin duenik, edota horren aurka agertu denik ere, eta baita emozioekin lotura egin duen bakarren bat edo beste. Lerro hauetara ekartzea zaila den hausnarketa saio polita egin dute denen artean. Elkarrizketak bere bidea egin ahala, beste hainbat kontzeptuz hausnartzeko parada ere izan dute, hala nola, demokraziaz.
Hitzordua amaitu aurretik, pago zuhaixka bana oparitu diete bi gonbidatuei, eta mokadutxo bat egin dute etxeratu haurretik, denek elkarrekin.
Hurrengo hitzordua
Sarrionandia eta Petxarromanekin batera egindako lehen saioaren atzetik etorriko da bigarrena. Azaroaren 23rako zaintzari buruzko solasaldi bat prestatzen ari dira, hilabete horretako 30eko greba feminista orokorraren atarian. Horretara ere bertara daitezen deitu dituzte herritarrak.