Mahai ingurua antolatu zuen eragileko kide Ixiar Arteagak moderatu zuen solasaldia, eta, gaiari heldu aurretik, berriki hildako taldekide Aitziber Ugartemendia izan zuen gogoan. "Berak proposatu zuen egitasmo honi Borobilean izena jartzea". Ondoren, ekimenaren ardatza zein den gogoratu zuen, hau da, hilean hileko gaiari buruz begietara begira eta elkarrekin gogoeta egitea, norberak bere iritzia libreki eta errespetuz emanda. Hilabete honetako hausnarketagaia osasun sistema publikoa izan da, eta, zehazki, Osakidetza.
"Kaos izugarria dago"
Olatz Mercaderri bularreko minbizia diagnostikatu zioten 2020an eta orduan bilakatu zen Onkologikoko paziente. Ordutik bizitakoa partekatu zuen parean zituenekin: "Minbizia izatea ginkana bat da, proba guztiak ez dituztelako Onkologikoan bertan egiten. Gainera, mediku ona izanda ere estrukturalak dira kontsultara sartzeko atzerapenak, bizpahiru ordukoak. Kimioterapia jasotzekoak, berriz, hiruzpalau ordukoak gutxienez". Zerbitzua gero eta okerragoa izateak arduratuta, paziente eta erabiltzaileen batzordea eratu zuten, euren aldarriak lau haizetara zabaltzeko. "Kaos izugarria dago eta pazienteak kinka larrian gaude, baita profesionalak ere: konprometituta daude, baina erreta".
Onkologikoan ez, Lehen Arreta zerbitzuan 32 urtez lan egin du Ina Idarreta sendagile hernaniarrak. Beharrean hasi zenean, 80. hamarkadan, "dena" zuten egiteke, eta "ilusioz" heldu zioten erronkari, perfektua izan ez arren arreta zerbitzu duin bat lortu arte. Hori loratzen ikusi zuen moduan, ordea, usteltze prozesua ere gertutik bizi izan du: "Koordinazio falta izugarria dago, burokrazia gehiegi, goi kargudunak mediokreak dira, pazienteak bezero bilakatu dira... eta arduradunei ez zaie batere inporta hori guztia". Sistemaren "sintomak" zeintzuk diren aletu eta gero, honako galdera hau bota zuen: "Utzikeria izan da ala pribatizazioaren mesedetan aurrera eramandako estrategia bat?".
Uberak argi du aurrez diseinatutako estrategia bat izan dela, azken urteetan Eusko Jaurlaritza kudeatu duten EAJ eta PSE-EE alderdiek aurrera eramandako politika "zementuarena" izan delako, ez pertsonena. Hau da, langile eta baliabide gehiago behar zituzten ospitale edota osasun zentroak indartu baino, beharrezkoak ez ziren eraikin ugari eraiki dituztelako. "Osakidetzari gizatasuna kendu diote: planifikazioa txarra da, eta, antolaketa zaharkitua".
"Entzun dugun guztia entzunda, nork jartzen du zalantzan herritarren plataformak beharrezkoak direla egoerari aurre egiteko?", bota zuen Rebollok. DOPAren sortzaileetako bat da bera, eta, jardunean daramatzan urteetan "asko egin eta ikasi" duela esan zuen, "osasun publiko duin eta euskaldun" baten aldeko borrokan. Erronka hori "zaila baina polita" dela nabarmendu eta lasarteoriatarrak horrelako eragile bat eratzera animatu zituen. Bestalde, aurreratu zuen Euskal Herri osoko taldeak hiru manifestazio prestatzen ari direla martxoaren 16rako; Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiruburuetan egingo dituzte.