Joselontxo txarangak esnatu du Lasarte-Oria gaur goizean. 10:00etarako hitzordua jarria zuten, eta puntual-puntual ekin diote herria girotzeko lanari. Ordubete geroago, 11:00etan hasi da San Pedro Eguneko Meza Nagusia; San Pedro Elizan elkartu dira fededunak. Otoitz egitearekin batera, Alboka abesbatzak zenbait abesti kantatu ditu, eta Erketz Euskal Dantza Taldeko kideek, ohi bezala, aurreskua dantzatu dute.
Xumela koruko lagunak, berriz, 11:30ean abiatu dira Sagardotegi plazatik, eta Oaintxe In Deu! txarangak lagunduta giro ederrean abestu eta dantzatu dituzte hainbat abesti ezagun.
Herri kirolek ere ez dute hutsik egin. Elizatze plazan elkartu dira kirolariak, eta denek ala denek erakustaldi bikainak egin dituzte. Aizkolariak izan dira lehenak, eta horien atzetik ingudearekin aritu dira. Harri jasotzen ere trebetasun ederra erakutsi dute bi emakume kirolarik.
Omenaldi hunkigarria, kultur etxean
Goizeko egitarauari amaiera eman eta bazkaltzeko tartea heldu aurretik, omenaldia egin diote Txema Valles Viguera kazetari erretiratuari. Zero Setteko akordeoilariek eta Lasarte-Oriako erraldoiek egin diote harrera omenduari. Musikariek pare bat musika pieza jo, eta dantza egin dute gero erraldoiek. Ez horiek bakarrik, ordea. Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariak ere agertokira irten baitira, eta aurreskua dantzatu diote Vallesi. Akordeoi jotzaileek ere eskaini diote doinu berezi bat.
Ostean, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza. Vallesen bizitzaren hainbat zertzelada kontatu, eta. finean, herritarraren 40 urtetako dedikazioa eta egindako lana eskertu eta aitortu dizkio. Lasarte-Oriako zapia jarri dio lepoan, eta Vallesek hartu du hitza gero. Bere ibilbide profesionalaz hitz egin die aretoan bildutako herritarrei, eta, nola ez, gogoan izan ditu lau hamarkadetan ondoan izan dituen senide, lankide, eta lagun guztiak, baina horien guztien artean, emaztea, bi alabak eta pasa den hilabetean zendutako Imanol Lizardi laguna bereziki.
Hitzartzea amaituta, omenduaren oroigarria jaso du alkatearekin eskutik, eta bertaratu diren gainerako udal korporazioko kideekin batera, Lasarte-Oriako ereserkia abestu dute, eszenatokian.
Aretoa utzi aurretik, herritar ugariren zorion agur eta maitasun keinu ugari jaso ditu; pozarren eta eskertuta agertu da.