Dena prest dute aurtengo akelarrerako

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 16a, 21:00

Tentuz aukeratutako osagaiekin prestatu du aurten ere Sorgin Jaiak-ek festazaleentzako edabea. Ostiral arratsaldean egindako agerraldian  zerrendatu dituzte guztiak, eta bost egunez luzatuko den arao alaian parte hartzera dei egin diete lasarteoriatarrei. Jai alternatiboen lehen txinparta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek piztuko dute hilaren 27an,  20:00etan, Okendo plazan. 

Abian da atzera kontaketa. Erratzak prestatu, blusak atera, lepoaren bueltan zapiak jantzi eta gozatzeko unea iristeko egun gutxi falta dira. Urte osoko lanaren ondoren, Lasarte-Oriako kaleak eta plazak "kolorez betetzeko prest" daude Sorgin Jaiakeko kideak, beste behin "oztopo guztien gainetik", aisialdi eredu alternatiboen aldeko aldarria plazaratzera datoz.

Uxue Anabitartek eta Sara Etxeberriak ezagutarazi dituzte aurtengo jaien nondik norakoak, sorgin talde batek babestuta. Lehen hitzak, hain justu, Sorgin Jaiak errealitate bihurtzeko lanean "ibili diren, gabiltzan eta ibiliko diren denei" aitortza eta eskerra adierazteko izan dira. 

Urteak dira Sorgin Jaiakek euskaran, feminismoan, herritarren parte hartzen eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako eskaintza osatzen duela eta kideek ez dute horretan "amore emateko asmorik". Hala, hilaren 27an hasita, gazteak erdigunean jarrita, adin guztietarako egitaraua prestatu dute eta herriko sorgin guztiak gonbidatu dituzte beraien festetan parte hartzera. "Sorgin Jaiak beti izango dira zuen etxea". 

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek piztuko dute jaia leherraraziko duen suziria. "Urte guzti hauetan zehar Lasarte-Oriako euskalgintza, herrigintza eta irrigintzaren ikur zein eredu. Haur ginenetik gazte bihurtzeraino gure buru, bihotz eta eskuak martxan jartzeagatik, eskerrik asko". 


EGITARAUA, EGUNEZ EGUN

Hilak 27, asteartea. PIJAMA EGUNA

  • 18:30. Kuadrillen jaitsiera, Kale Nagusia.
  • 20:00. Txupinazoa, Okendo plaza.
  • 22:00. Kinada, Okendo plaza.
  • 23:00. Ameba, Okendo plaza.
  • 00:30. DJ Fantasia, Okendo plaza.

Hilak 28, asteazkena

  • 18:00. Mejillon tigre kolektiboaren Hitz esana antzezlana, Gaztelekua.
  • 20:00. Sexu askapenaren aldeko manifestazioa, Kale Nagusia eta Okendo plaza.
  • 23:30. Mirua, Okendo plaza.
  • 01:30. Lukiek, Okendo plaza.

Hilak 29, osteguna. SORGIN EGUNA

  • 12:00. Bizipozaren akelarrea, Okendo plaza
  • 14:30. Sorgin bazkaria, Okendo plaza
  • 17:00. Sorgin konoa, Okendo plaza 
  • 20:00. Elektropottotte, Okendo plaza eta Kale Nagusia
  • 22:00. Lizartxo erromeria, Okendo plaza
  • 01:30. DJ La Fulana, Okendo plaza

Hilak 30, ostirala. ELKARTASUN EGUNA

  • 18:00. Bertsopoteoa, Okendo plaza eta Kale Nagusia
  • 19:00. Presoen aldeko manifestazioa
  • 21:00. Afaria, Okendoko aterpean

Uztailak 1, larunbata

  • 12:00. Sorgin azoka. Askatasuna plaza eta Kale Nagusia
  • 16:00. II.Tortilla txapelketa, Okendo plaza
  • 18:30. Ankoker, Okendo plaza eta Kale Nagusia
  • 22:00. Rukula, Okendo plaza

Txosna gunearen muntaketan hilaren 26an, astelehena, egingo dute, eta kentzea, berriz, uztailaren 2an, igandea.