Txema Valles Viguera kazetari erretiratua (Lasarte-Oria, 1958) omenduko du Lasarte-Oriako Udalak aurtengo San Pedro Jaietan. 40 urteko ibilbide profesionala amaituta, bere jaioterriari emandakoa aitortu nahi dio erakundeak. Festei hasiera emango dien txupina jaurtitzeko ohorea izateaz gain, udal ordezkarien omenaldia ere jasoko du hilaren 29an, kultur etxeko auditorioan. Omendua izatea nola sentitu duen kontatu dio TXINTXARRI-ri.
Nola jaso duzu omendua izatearen berria?
Sorpresa handia hartu dut. Sei hilabete daramatzat erretiratuta eta ez nuen espero. Poz handia izan da; erabateko gogobetetasuna sentitu dut nire jaioterriak egingo didan aitortzagatik. Munduko herririk onenak omenaldi hau egitea zoragarria da. Eskertuta nago lasarteoriatarrekin, eta hori helaraziko diet.
Zer uste duzu dela omenaldi honekin aintzatetsiko dizutena?
40 urtez egin dudan lana aitortuko zaidala uste dut. Erabateko dedikazioa izan dut nire lanbidearekiko eta herriak hori eskertzen badu, ni pozik egindakoarekin. Kazetaritza modu askotara egin daiteke; nik, nire izateko eragatik egin dut egin dudan moduan. Eta horrek zenbait ondorio izan ditu nigan. Familiarekin egon ahal izateko denbora, adibidez, galdu egin dut. Oso denbora gutxi eskaini ahal izan diet emazte eta bi alabei. Eta, nola ez, eskertu behar diet nirekiko izan duten jarrera, azken batean, Kristinak [emazteak] onartu edo ez onartu, ulertu du nire egoera, bestela ez baikinen hainbeste urtez elkarrekin egongo. Kazetari lanetan ari nintzela ezagutu genuen elkar… eskertuta nago etxekoekin ere.
Nire lana egin ahal izan badut, Lasarte-Oriari eta berau osatzen duten norbanako eta kolektibo guztiei esker izan da, hortaz, esker hitzak baino ez ditut horientzat guztientzat ere.
Nolakoa izan da zure lan ibilbidea?
Denetarik izan du. Lan gogorra, sakrifikatua eta dedikazio handikoa izan da, baina polita ere bai; bete nau. Herriaren sorrera eta nire kazetari ibilbidea elkarrekin dira. 1986. urteko otsailaren 15ean sortu zen Lasarte, eta ni, 1983an hasi nintzen korrespontsal lanetan La Voz de Euskadi-n. Urtebetez aritu nintzen bertan, eta ordutik aurrera, El Diario Vasco-n (DV).
Nola hasi zinen kazetaritzan?
Ezustean. Elektronika ikasi nuen, eta Michelin lantegian egiten nuen lan, baina kirolarengatik lan hori utzi behar izan nuen. Soldaduska egiteko garaia iritsi zitzaidanean, kanpoan eman nuen urtebete, eta handik herrira itzuli nintzenean, La Voz de Euskadi-n aritzeko aukera eskaini zidaten. Ez genuen sosik irabazten, ordea, eta halako batean, nire betiko lagun Imanol Lizardiri esker izan nuen DVn hasteko aukera. [Gogoan izan du, maiatzean hil baitzen gaixotasun baten ondorioz]. Bidenabar, elkarrizketa hau baliatu nahi dut esateko aitortza hau berarentzat ere izango dela. Nire aurretik berak egiten zuen lan DVrentzat, baina euskara irakaslea ere bazen eta Segurako barnetegian lanean hasi behar zuelako utzi zuen korrespontsal lana. Horrela hartu nion lekukoa nik.
Ez da herriak omenaldia egingo dizun lehen aldia.
Hala da. Lehena 2013an egin zidaten; Semblante Andaluz elkartearen ekimenez etorri zen orduko hura. Elkarte eta norbanakoak gehitu ziren, eta oso aitortza polita izan zen. Orduko hartan ere ondoan izan nuen Imanol [Lizardi], Joxe Krutz Labakarekin batera bertsoak abestu zizkidan, bere semeak gitarra jotzen zuen bitartean. Zoritxarrez aurten ezingo gara elkarren ondoan egon, baina nirekin egongo da. Ostadar bere 40 urteurrena ospatzen ari da, eta Auzolan saria niri eman didate aurten. Eskertzekoa da hori ere.
Nire kazetari ibilbidean ez dut apenas ekimenik bazter utzi, eta sentitzen dut egin dudan lana eskertu duela herriak. Ereiten duenak jasotzen duela dio esaerak; hortaz, jasotzen ari naizena zerbait erein dudalako izango dela pentsatzen dut.
Eta dedikazio horrek utzi dizu tarterik sanpedroez gozatzeko? Edo lana baino ez duzu egin herriko jaietan orain arte?
Intentsitate handiz, baina bazterretik bizi izan ditut beti, lanean. Uste dut inkontzienteki egin dudan zerbait izan dela; egitarauko jardueren berri eman behar nien herritarrei, eta hori hala izan zedin lan eta lan baino ez dut egin. Ekimen guzti-guztietan egotea ezinezkoa izan da, baina gehienen berri eman dut beti.
San Pedro Jaietan kazetari gisa lan egitea maratoi bat da. Erabateko dedikazioa eskatzen du, ez dakit jendea zenbateraino ohartzen den hortaz. Lanordu luzeak izaten dira egun horietakoak, baina aurretik egin beharreko prestaketa lana ere ez da makala; eromena.
Eta aurtengoak orduan ezberdinak izango direla aurreikusten duzu? Gozamenetik gehiago izango dute?
Zalantzarik gabe. Hasteko aitortzagatik; emozionalki inoizkoak izango dira. Halere, aitortu behar dut ez dudala lana erabat alboratu ezta horretarako asmorik ere. Aritzen naiz tarteka argazkiak ateratzen eta informazioa biltzen, eta aurtengo herriko festekin ere berdin egingo dut; artxibo historikoa osatzen jarraitu nahi dut. Lan egingo dut, baina beste erritmo batera. Gozatuko dut jarduerez ere bai, noski.
Artxibo historikoa aipatu duzu. Kazetari lanarekin batera, horrekin ere aritu zara, eta altxor eder bat osatu duzu zure bulegoko sotoan.
Beti esaten dut hirugarren alaba bat dudala nire bulegoan: artxibo historikoa. Korrespontsal aritu naizen urteetan egunero ordu erdi edo ordubeteko tartetxoa eskaini diot horri. Lasarte-Oriaz idatzi dudan guztia eta beste lankideek idatzi dutena artxibatzen aritu naiz denbora guzti horretan, eta hori guztia hemen dago, argazkiak ere bai. Sekulako lana da, baina merezi du eta uste dut horri ere eutsi behar diodala. Hau herritarren eskura jartzea da nire ilusioa, gal ez dadin. Horretarako udalarekin hitz egin behar dut gaiaz.
Sanpedroetako ekimenen artean, danborrada berezia da zuretzat.
Txikitatik bizitu dudan jarduera bat da, oso berezia niretzat, bai. Haurren danborradan parte hartu nuen lehenik, hamabi bat urte izango nituen. Aitzindaria izan zen gure herria danborradarekin. 18 urterekin aritu nintzen lehen aldiz helduen danborradan.
Korrespontsal aritzeak ere mugatu du bertan parte hartzeko nire aukera, baina modu batera edo bestera beti egon naiz hor. 1999. urtean hartu nuen barrilak zuzentzeko ardura, hamar urtez aritu nintzen horretan ere. Eta 2008an, berriz, ATLO sortu zen, eta lehen idazkaria izan nintzen.
Lankide izan zaitudan denboran plazera izan da zurekin partekatutako guztia, baina aitortu behar didazu puntualtasuna gutxitan errespetatu duzula. Garaiz iritsiko zara zure omenaldira, ezta?
Espero dut baietz, baina ezin dut hitzik eman [kar, kar, kar]. Hori ere lan erritmoaren ondorioetako bat izan da. Hainbeste ekimenen berri eman nahi izan dut, ezen horrek denborarik gabe ibiltzea ekarri didala.
Kristina, Joana eta Enara - Emazte eta alabak
Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizugu, aita. Eskerrik asko jarraitu beharreko eredu izateagatik eta sakrifizioaren balioa erakusteagatik. Zure lana funtsezkoa izan da gure herria informatuta eta gure inguruko gertaera garrantzitsuenekin konektatuta egoteko. Lasarte-Oria eta gure familiarekiko erakutsi duzun konpromisoa bihotzean eramango dugu beti. Zurekiko sentitzen dugun harrotasuna eta esker ona ere adierazi nahi dizkizugu: kazetaritzarekiko zure dedikazioa eta gutariko bakoitzarekiko maitasunaren erakusle da hori. Zorionak jasoko duzun merezitako omenaldiagatik; guretzat inspirazio iturri izaten jarraituko duzu beti. Erretiroaren alde ona da, orain denbora gehiago eskaini ahal izango diezula hain zoriontsu egiten zaituzten beste hainbat gauzei, hala nola, zaldi lasterketei edo txirrindularitzari. Detaile txiki horiekin erraza da nolakoa zaren jakitea; atsegina, apala eta bihotz onekoa, besteak beste. Hainbeste esfortzu eta denbora eskaini diozun lanbideak bere saria ekarri du, eta senideon izenean, azken gauza bat esatea gustatuko litzaiguke: munduko aitarik onena zara.
Jexux Mari Egizabal - Danok Kide eta Lasarte-Oria aldizkariko kidea
Modu garratzean aurreratu dizute erretiroa, berrogei urtez Lasarte-Oriako korrespontsal gisa aritu ondoren. Gera zaitez aintzat hartu zaituen herriak egingo dizun aintzatespenarekin; Lasarte-Oriak eskertzen dizu egunero gertatzen zen guztiaren berri eman izana. Ondo ulertu zenuen herriko korrespontsalaren ardura zein zen, eta ez duzu etsi gure herriak sortu eta antolatu duen jardueren berri emateko informazio guztia bildu eta azaltzeko ahaleginean. Beste zeregin bati eutsi behar diozu orain; zure artxibo historikoa eguneratu eta Lasarte-Oriaren esku jartzeari.
Eskerrik asko, Txema Lasarte-Oriaren berri emateko egin duzun ekarpenagatik, gure herriaren bizitza eta historia ezagutzeko eman diguzun aukeragatik. Zorionak!
Maria Cortes - Kazetari lankide ohia
Etxean erakutsi didate esker oneko izatea beti dela ona eta horregatik, txintxarri-k ematen didan aukera hau aprobetxatuz, zalantzarik gabe zuretzat berezienak izango diren San Pedro Jaien atarian, eskerrak eman nahi dizkizut. 2008ko udazken hartan, Madrilen ikasten eman nituen urteen ondoren Donostiara bueltatu berritan, Lasarte-Oriako kronikan zurekin lan egiteko lehen aukera eman zenidan. Udako bekengatik ezagutzen nuen egunkariaren funtzionamendua, baina asko ikasi nuen zure ondoan. Nik maite nuen udalerria zen Lasarte, betiko lagun bat bertakoa zelako; beraz, niretzat plazera izan zen bi urte horiek zurekin partekatzea.
Eta nolakoa den bizitza; hamahiru urte geroago, Juanekin batera, erreleboa hartu dizugu. Espero dugu pozik egongo zarela lekukoa guk hartu izanarekin. Gauza askotan ezin izango zaitugu ordezkatu; askok esaten digute Lasarte-Oriaren parte zarela, baina, ziur asko, puntualtasunean nabarituko dutela aldea [kar, kar, kar].
Javier Zatarain - ATLO-ko kide ohi eta laguna
Gure arteko adiskidetasuna 90eko hamarkadan hasi zen. Ordurako Lasarte-Orian bizi nintzen eta zu herriko DVko korrespontsal lanetan aritzen zinen. Garai hartan hedabide horretako Andoaingo korrespontsal grafiko kargua nuen nik 2009. urtean, berriz, ATLOn hasi nintzen, eta bi urte geroago ordezkatu zintudan idazkari lanetan; hala ere, zuk, zuzendari lanetan jarraitu zenuen elkarte horretan. Urte askotan hipodromoan ere bat egin dugu argazkigintzari esker, eta irudiak ere trukatu dizkiogu elkarri.
Denbora honetan guztian, pertsona irekia, langilea, kolaboratzailea eta, batez ere, zintzoa izan zarela sentitu dut; inoiz ez duzu aurpegi txarrik erakutsi, nirekin ez behintzat. Egunero jasotzen zenituen eskaera ugariei erantzuten saiatu zara urte luzez (erreseinak, oharrak, argazkiak, etab.), eta zure lana kontu handiz egiten ahalegindu zara, dena ondo atera zedin. Zurekin bizitakoen oso oroitzapen onak dauzkat, gaur egunera arte mantentzen ditudanak.
Ostadar Zikloturismoa - Taldekideak
Nork esan behar zigun denbora hain azkar igaroko zenik, Txema. Gogoratzen dituzu igandetan bizikleta irteerak egiten hasi gineneko garaiak? Egutegia antolatzen aritzen ginen, bizikleta saioak egitera joateko nagitasunik ez izateko. Pedalari ematen genion bitartean, batzuetan zertxobait sufritzen genuen, baina izaten genituen elkarrizketak ere ez ditugu ahaztu... zenbat barre eta adar jotze....ondo pasatzen genuen, ezta? Familia bazkariak antolatzeko tartea ere hartzen genuen. Eta orain, beste fase batean gaude: erretiroan. Zer da hori; aspertzeko, lasai egoteko, bazkariak egiteko nahi adina denbora daukagu orain, beste erritmo batean maite dugunaz gozatzeko aukera. Orain bai, Txema, orain ez daukagu bizikleta bazter uzteko aitzakiarik, beraz, esan nahi dizugu zure zain gaudela! Ondo-ondo izan eta zorte on bizitzaren etapa berri honetan.