'Lasarte-Oriako ereserkia' koreografiatu duzu. Nolatan?
Pandemiaren aurretik jo zuen nigana Olatz Telleriak, ATLO elkarteko zuzendaritza berriko kideetako batek. Orduan hartu zuten aurrekoen erreleboa, eta esan zidan gogoa zutela danborrada berritzeko, bazituztela ideia batzuk; horietako bat, Lasarte-Oriako ereserkia koreografiatzea. Ilusionatuta zegoela nabaritu nuen berarekin hitz egin nuenean, eta baietz esan nion, egingo nuela.
Pandemiaren eraginez, geldirik utzi behar izan genuen proiektua. Iazko jaietarako prestatzeko aukera izan zuten, baina ni beste egitasmo batzuekin nenbilen. Hala ere, esan nien nahi bazuten aurrera egiteko, baina ezetz esan zidaten, itxaron egingo zidatela; eskertuta nago horregatik. Aurten estreinatuko dugu, azkenean.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Indibidualagoa, elkarte batek egindako eskaera bat izan delako. Euskal dantzan oinarritutako koreografia bat da, baina pausoak moldatu egin behar izan ditut apur bat, melodiarekin bat egin zezaten. Abestia bidali zidaten, eta, ezagutzen nuen arren, atentzioz entzundakoan jabetu nintzen badituela ñabardura berezi batzuk eta urratsen purutasuna mantentzea ez zela erraza izango.
Behin koreografia sortuta, dantzariekin jarri nintzen harremanetan eta pausoak ikasteko materiala bidali nien. Geroago, elkartzen eta entseatzen hasi ginen, zalantzak argitzen, ñabardurak fintzen... Agenda estuak ditugu guztiok eta ez gara astero elkartu, baina ongi moldatu gara.
Nortzuk izango dira dantzariak?
Hasieratik argi nuen ez zirela asko izango, uste dudalako eleganteago geratzen dela erakusterakoan; lau eta sei artean nituen buruan. Lau izango dira azkenean. Gainera, asmatu dugu, Okendo plazan izango dugun tokia ez delako zabala izango: danborjoleak, kantinerak, musika banda, gu... Asko izango bagina, komeriak izango genituzke.
Banan-banan deitu nien eta oso pozik nago. Iruditzen zait, modu natural batean, gure herrian euskal dantzarekin lotura dutenak ordezkatuko ditugula: Dabid Egizabal, esaterako, Plaza Dantzarekin lotzen dut nik; Ruben Arranz, Erketz EDTrekin; Uxue Odriozola, Kukuka eskolako irakasle da gaur egun; eta Garazi Iparragirre aukeratu izana keinu bat da herrikoak izan, baina kanpoan dantzatzen dabiltzanei. Azken bi horiek, gainera, gazteak dira; belaunaldi desberdinak ere lotuko ditugu.
Egun gutxi falta dira estreinaldirako. Nola doaz entseguak?
Ondo, uste dugu ongi funtzionatuko duela eta herritarrei gustatuko zaiela. Ilusionatuta gaude. ATLO elkartekoak pozik daude, dantzariak ere bai... asko pozten nau horrek. Argi nuen ez nuela koreografia oso zail bat egin nahi, halakoa izan balitz elitista gisa ikusiko luketeelako herritarrek, ziurrenik. Nire asmoa da, nahi badute, herritarrek pausoak ikasi eta dantzatu ahal izatea. Aurten sortu dugunak gero zer ibilbide izango duen ez dakit, zuzendaritzak esan zidan urtero egiteko asmoa dutela, baina agian dantzariak aldatuko dira, beste abestiren bat landuko dugu... Ikusiko dugu.
Lasai gaude, egin beharreko lana ongi gauzatu dugulako. Nirekin lan egiten duten dantzariei beti esaten diet gauza bera, ez ditudala salduta utziko; duintasunez erakutsiko dugula egindakoa espazio eszenikoan. Hortik aurrera, zuzenekoan gure esku ez dauden mila gauza gerta daitezke, baina badakit ez dela izango gu nahikoa saiatu ez garelako. Zorrotza naiz horrekin.
Proiektu gehiago dituzu esku artean?
Nire ibilbide profesional guztia dantzako irakasle eta formatzaile gisa egin dut, horrekin sentitzen naiz identifikatuen. Uneotan, emakumeen etxeetan lan asko egiten ari naiz, jabetza eskoletan, tailerrak ematen: helburua da partaide bakoitzak bere gorputza ezagutzea eta horren bidez mugimendu askeak egitera iristea. Autoezagutza, ahalduntzea, burujabetza, ongizatea... Horrelako kontzeptuak lantzen ditut haiekin eta oso gustura ari naiz. Hori guztia, betiere, dantzaren enkoadre baten barruan. Dantza organiko saioak dira, norberak bere lengoaia propioa gara dezan.
Etorkizunean zer? Ez dakit, baina egitasmo, proposamen eta ideia berriak etorriko dira, ziur. Gogoa daukat proiektuak lantzen jarraitzeko, egin izan ditut aurretik konpainia eta talde desberdinentzako koreografiak. Bestalde, gorputz terapiari buruzko formakuntza bukatzen ari naiz.
Garrantzitsua al da norberak bere gorputza lantzea?
Izaki gorpuztuak gara, gorputza gurekin doa toki guztietara. Beti esaten dut ez duela gezurrik esaten, informazioa eta mezuak bidaltzen dizkigu uneoro: gure barne munduaren isla da, tenplu bat. Ahaztu egiten zaigu hori askotan, eta, horregatik, ongizate eta autoezagutzara iritsi nahi badugu, landu egin behar dugu.