Danborrada prestatzen ari dira lasarteoriatarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 22a, 13:17

Urtero lez, ATLO elkarteak beteranoen danborrada antolatu du hilaren 28rako. 23:00etan hasiko dira danborrak astintzen, Okendo plazan. Gogotik ari dira entseatzen aurreko egunetan, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Aurtengo berrikuntza azpimarragarriena hau izango da: Maider Oiartzabal Zigandaren eskutik, koreografia sortu diote Lasarte-Oriako ereserkia abestiari. 

Astebete baino gutxiago falta da sanpedroak hasteko eta herritarrek danborrak jotzeko. Nabaritzen da entsegu batzuk egin dituztela honezkero, atzokoan fin aritu baitziren Sasoetako gimnasioan elkartu ziren ehun bat herritarrak. Bertan izan ziren kantinerak ere, bandera koloretsuak astintzen. 

ATLO elkarteak jakinarazi duenez, berrikuntza nabarmen bat izango du aurtengo ikuskizunak, izan ere, Maider Oiartzabal Ziganda herritarrari eskatu diote Lasarte-Oriako ereserkia abestiari koreografia egiteko. Lau dantzari arduratuko dira dantzatzeaz: Ruben Arranz, Dabid Egizabal, Uxue Odriozola eta Garazi Iparragirre. Atzoko saiora bertaratu eta hiru bider entseatu zuten danborradako kideekin batera. Ez dugu spoiler-ik egingo, baina itxura benetan bikaina du. Egitasmo honen harira Oiartzabal elkarrizketatu dugu; biharko aldizkari berezian argitaratuko dugu.

Erlazionatuak

Sanpedroetako danborrada prestatzen ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2023 eka 21 Gizartea