Txema Valles: "Nire artxibo historikoa herritarren eskura jarri nahi dut"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko urt. 27a, 08:47

Bulegoko beheko pisuan gordeta ditu Txemak kronika, argazki eta egunkari zaharrak, besteak beste. Argazki historiko ugari ere bai, esaterako, eskuinean agertzen direnak, bere guraso eta familiarenak.

TXEMA VALLES - BERRIEMAILEA

"Dedikazio handiko lana" aurrera eraman du Txema Valles herritarrak ia 40 urtez: Lasarte-Oriaren egunerokoaren bozgorailu izatea, hitz eta argazkien bitartez. El Diario Vasco egunkarian kronikak argitaratzeari utzi badio ere, ez zaio lanik falta: bere bulegoko beheko pisuan gordetzen duen artxibo historikoa lasarteoriatarrei nola erakutsi pentsatzen ari da.

Txema Vallesen (Lasarte-Oria, 1958) lankide izan garenoi arraro egiten zaigu prentsaurreko, ekitaldi, ospakizun eta gure herrian gertatzen den beste edozertara berarekin ez joatea. Antolatzaileak ere, apurka-apurka, ohitzen ari dira argazkietarako jarri eta bere aginduak ez jarraitzera. Ez da harritzekoa, azken ia lau hamarkadetan Lasarte-Oriaren eguneroko jardunaren lekuko eta idazle izan baita, El Diario Vasco egunkarian, herriz herriko sailean. 39 urte erdi eta gero, atseden hartzeko unea heldu zaio: iragan urteko abenduaren 30a izan zen bere azken laneguna.

Elkarrizketatzaile izatetik elkarrizketatua izatera igaro da Txema, eta ederki moldatu da. Bukatzean, animoak eman dizkio kazetariari: "Kontatzen zidatena transkribatzea izan da beti lanbide honetako zeregin nekagarrienetako bat". 

Ia hilabete igaro da zure azkeneko lanegunetik. Ohitu zara bizimodu berrira?

Lasarte-Oriako kronista ez naiz honezkero, baina kotizatzen jarraitzen dut oraindik. Akordio adiskidetsu batera iritsi nintzen El Diario Vasco-rekin baina lan harremana ez dugu eten oraindik. Bilera bat izango dut laster Gizarte Segurantzakoekin, erretiroa hartu ala langabeziara joan naizen ikusteko, haiek esango didate. Aukera bat edo bestea, nire egoera ez da ia aldatuko, ekonomikoki pixka bat agian, baina gainerako guztian, ez.

Gure herriaren berri emateaz gain publizitate agentzia bat ere izan dut, eta iragarleekin zenbait kontratu ditut oraindik, zerbitzua ematen segitzen dut. Horrez gain, denboraldi hasieran konpromiso bat hartu nuen Gipuzkoako zenbait areto futbol talderekin, kontratu moral moduko bat, eta udarara arte haien partiden berri ematen jarraituko dut, informazio hori El Diario Vasco-ren Kirolak sailari bidaltzen. 

Ia 40 urtez gure herriaren berri ematen... Artxibo ederra izango duzu, ezta? Zer egingo duzu horrekin?

Bizirik mantendu nahi dut artxibo historikoa, elikatzen jarraitu. Oso gustura egingo dudan lan bat da, nire benetako pasioa hori baita. Jakin behar dut zehazki zer daukadan gordeta, eta aztertu nola jar dezakedan herritarren eskura: Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean zerbait antolatu, liburu bat edo batzuk idatzi, argazki erakusketak prestatu... Ikusiko dugu. Pausoz pauso joango naiz, pixkanaka.

Bilduma historiko hori elikatzen segi nahi duzula esan duzu. Ekitaldietara joaten jarraituko duzu, beraz?

Guztietara ez, nire eguneroko jarduna bukatu da, kitto. Hori bai, ekitaldi garrantzitsu batzuk apuntatuta ditut: San Pedro Jaiak, Santa Ana, Inauteriak, Nazioarteko Krosa, Hipodromoko zaldi lasterketak... Joango naiz, baina beste ikuspuntu batetik egingo ditut argazkiak, edo hori uste dut. Orri bat ordu jakin baterako prestatu beharraren presiorik gabe. Erlaxatuago egongo naiz. Neurrian, baina iruditzen zait ona dela martxa mantentzea, den-dena egiteari utzi beharrean. Niretzat ona da noski, eta kasu honetan, gure herriaren historiarentzat ere bai, artxiboa osatzen jarraituko dudalako.

Azken lau hamarkadetan aurrera eraman izan duzun jardunetik, zer botatzen duzu faltan?

Herritarrekin izan dudan harremana, esango nuke. Egia da kexatu izan naizela batzuetan, bulegora etorri direlako eta lan martxa moztu didatelako, baina oso gustura aritu naiz guztiekin, jende asko ezagutu eta lagun pila egin ditut. 

Horrelako gauzengatik pena ematen dit bukatu izanak, baina argi utzi nahi dut poza ere sentitzen dudala, nekatuta nagoelako. Urte asko izan dira, egunero lanean, hara eta hona, geratu gabe. Argi nuen geratu egin behar nuela, denbora libre gehiago izan, familia, kirola egin... Gorputzak eskatu egiten zidan hori guztia.

"Pena ematen ditu bukatu izanak, baina argi utzi nahi dut poza ere sentitzen dudala, nekatuta nagoelako"

Lanbide honen erruz, zer galdu duzu?

Gauza eta momentu asko. Familia dut nik, emaztea eta bi alaba; oso denbora gutxi igaro dut haiekin, etxean gutxitan ikusi naute. Anekdota bat kontatuko dizut. Alaba zaharrena, Joana, jaiota zegoen ordurako. Ostirala zen, eta Oñatira joan behar nuen, 22:00etan, areto futbol partida bateko argazkiak ateratzera, DV Kirolak gehigarrirako. Bi ordu lehenago iritsi nintzen etxera eta alaba nire zapatetako sokak askatzen hasi zen: behin, bitan, hirutan. Emazteak esan zidan, 'Ikusten? Ez du zu lanera joatea nahi'. Hala ere, joan egin behar... A zer nolako lanak egiten genituen! Merezi izan ote du horrek guztiak? Ez dakit... Horrelakoa naiz ni, beti saiatu naiz ahalik eta profesionalena izaten. Egunez egun aurrera, bizimodua atera eta familia mantentzeko. Dedikazio handiko lana izan da nirea.

Eta zer irabazi duzu?

Beste gauza asko, noski, alor askotan. Bizipenak, oroitzapenak... Eskertuta nago, joan naizen toki guztietan ireki didate atea, eta denek agurtzen naute kaletik. Ereiten baduzu, beti jasoko duzu fruitua, euri gehiago edo gutxiago egin. Ahalik eta gehienei ahotsa ematen saiatu naiz, haien bozgorailu izaten, harrotasunik gabe, pertsona normala izaten, egunero zerbait ikasten saiatzen. Izan ere, azken finean, pertsonak gara guztiok. Ideologia, ildo eta pentsakeren gainetik, elkar laguntzeko gaude.

Elkarrizketatuei banku honetan atera izan dizkie argazkiak Txema Vallesek. Oraingoan, bera jarri da argazkilariaren aurrean.

Herritarrei ahotsa emateko helburuz lan egiten dugunokin ere horrela jokatu izan duzu, esaterako, TXINTXARRI aldizkariarekin.

Asko lagundu zaituztedala esaten duzue, bai, eta zuek niri? Askotan! Beharbada bidea ireki dut urte gehiagotan lan egin dudalako: saiatu naiz tokiko berriemaileen balioa aldarrikatzen. TXINTXARRI-ko kideak, nirekin bulegoan aritu diren langileak... Denok izan zarete lankideak. Uste dut askoz atseginagoa dela dena talde lanean arituz gero, lehiarik gabe.

Elektronika ikasketak egin zenituen. Nolatan hasi zinen berriemaile lanak egiten?

Kasualitatez. Kirolari esker hasi nintzela esango nuke. Elektronika ikasi, eta Michelin fabrikan hasi nintzen lanean. Garai horretan futbolean jokatzen nuen, kategoria altuetan. Tolosak fitxatu ninduen, eta bertara joan behar nuenez entrenatzera, ezin nituen eskatzen zizkiguten orduak sartu, eta erabaki zuten ezin nuela han jarraitu. Nork daki, agian mesede bat egin zidaten. 1977a zen.

Horren ostean, futbolean fokua jarri eta Alacant-era (Herrialde Katalanak) joan nintzen aurrena, Cartagenara (Murtzia) gero... Esperientzia horien ostean, etxera itzuli nintzen, Texas Lasartearra taldera. Txukun ari bazen ere, babesleek laguntza emateari utzi, eta gehiago ez jokatzea erabaki nuen. Hala ere, kirola egiten jarraitu nuen, bizikletarekin. Orduan, La voz de Euskadi hedabidetik jarri ziren nirekin harremanetan: 'Aizu, kirolei buruz idazten ongi moldatuko zara zu, ziur'. Urte eta erdiz idatzi nuen han, pezetarik kobratu gabe. 

Egun batean, nire lagun min Imanol Lizardik esan zidan El Diario Vasco-ren Lasarte-Oriako kronika nik hartu behar nuela, behintzat ordaindu egiten zutelako. Bertako kazetariak lana utzi behar zuen eta Egin egunkarikoak ere bai, baina lehenengoa aukeratu nuen, pagatu egiten zutelako. 1983ko abenduan hasi nintzen. Garai horretan, sei bat hilabete edo urtebetez aritzen ziren lanean kronista gehienak.

Gogoan duzu aurreneko kronika?

Inuzente egunaren bezpera zen, abenduak 27. Diplodocus dinosauro baten hezurrak ahateen lakuan azaldu zirela idatzi nuen, garai horretan institutuaren parean zegoen. Aurreneko albistea inozentada bat izan zen! Katxondeo pixka batekin hasi nintzen (barreak). 

Aipatu duzunez, tokiko kazetari eta berriemaileek ez zuten luzaroan lan hori egiten. Hasi zinenean zuk ere hori zenuen buruan?

Ez, ez dut uste. Azken finean, bizimodua ateratzeko era bat zen. Hori bai, egia da oso gaizki ordaintzen zigutela: bi afari, kotxearen gasolina eta gutxi gehiago ordaintzeko, ez gehiago.  Urteak aurrera joan ahala alor gehiago lantzen hasi nintzen, Publibrock publizitate agentzia ireki nuen, gero eta eragile, komertzio eta pertsona gehiagorekin harremantzen... Berriemailea bakarrik ez, saltzailea izan naiz, argitaratzen nituen albisteak finantzatzeraino: gero eta jende gehiagori ahotsa emanez gero, orduan eta irakurle gehiagorengana irits zaitezke, egunkari eta iragarki modulu gehiago saldu... Denetik egin dut: artikulua idatzi, publizitatea saldu, maketatu, argazkiak atera, eta abar. 

Lehen esan dudan bezala, pozik nago, nire barruak esaten zidana aurrera eraman dudalako: herritarren bozgorailua izan naiz, ahalik eta gehienei ahotsa eman diet, hori izan da nire estiloa. Satisfazio ikaragarria eman izan dit Lasarte-Oriako kronikaren orria hartu eta bederatzi albiste ikusteak. Orain, beste aire bat eman nahi diote eskualdeen sailari, erreportaje eta elkarrizketek hartuko dute pisua. Nire ustez, zertxobait herren gera daiteke.

"Satisfazio ikaragarria eman izan dit Lasarte-Oriako kronikaren orria hartu eta bederatzi albiste ikusteak"

Kronista izateari utzi diozunetik, herritarren mezuak jaso dituzu?

Bai, jaso ditut, espero nituenak eta ez nituenak. Beti sentitu izan naiz baloratua. Uste dut ez dudala horren gaizki egin, herritarrek eskerrak eman izan dizkidatelako; estimatu dute nire lana. Horren adibideetako bat izan daiteke 2013ko urrian egin zidaten omenaldia, hasi nintzenetik 30 urte bete zirenean. Lasai bukatu dut, uneoro egin behar nuena egin dudanaren sentipenarekin.

Ahalik eta gehienei ahotsa emateko, ahalik eta toki gehienetara joan zara. Ia edonora, herri honetan.

Bai, egia da. Beste herri batzuetan aritu diren lankideek esan izan didate: 'Toki guztietara joaten zara'. Niri hala lan egitea gustatu izan zait beti, egunean eguneko argazkiak egitea. Lasarte-Oria udalerri independentea denetik, inor baino pleno gehiagotara joan naiz, adibidez; beti berandu, baina bertaratu naiz.

Erdi txantxetan, erdi serio, udalbatzarrak ez ziren hasten Txema iritsi arte. Entzun izan dut esaldi hori.

(Barreak). Noizbait pasa izan da hori, bai. Bilkura baten aurretik beste ekitaldi baten berri ematen ari ginen, eta udalbatzarra hastear zegoen. Alkatea bertan zegoen, eta bukatu aurretik joan zen aretora, saioari ekiteko. Handik gutxira joan ginen kazetariak, eta itxaroten ari ziren! Barre egiten zuten zinegotziek, 'Txema iritsi arte ez gara hasiko', brometan.

Anekdotaren bat edo beste kontatu duzu honezkero. Liburu bat idazteko adina izango dituzu...

(Pentsakor geratu da). Bai, asko... Hunkitu nauten gertaerak ere bai, Miguel Angel Blanco edo Froilan Elespe erail zituztenekoak, adibidez. Edo Hipodromo etorbideko zubi berria eraikitzen ari zirenekoa; itota hil zen Gurutze Gorria-ko boluntario bat. Beti gorroto izan dut horrelako gertakariei buruzko albisteak idatzi beharra: erailketak, suizidioak istripuak... Beti.

"Beti gorroto izan dut horrelako gertakariei buruzko albisteak idatzi beharra: erailketak, suizidioak, istripuak... Beti"

Une latzak bai, eta zirraragarriak ere bai. 1986ko otsailaren 15ekoa, adibidez, Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratu zutenekoa? Laster beteko dira 37 urte.

Bai, dudarik gabe. Izugarria izan zen herritarrontzat: beti sentitu gara Lasarte-Oriakoak, herri izaera hori izan dugu, ordura arte udalerri gisa eratu ez baginen ere. Gogoratzen naiz Ama Brigitarren komentuan egin zuten udalbatzarraz, han nenbilen ni, erdian, horri buruz informatzen... Zaila izan zen kontzentratzea, sentimendu asko nituelako barruan.

Lasarte-Oriaren bilakaeraren lekuko eta idazle izan zara ia 40 urtez.

Udalerri moderno bat sortu dute, baina uste dut esentzia galdu egin dela. Dorre etxean jaioa naiz ni, Plazaolako bidea pasatzen zen gure etxe gainetik, parean errementeria zegoen... Lasarte-Oriako sarrera zen hori niretzat, alde zaharraren ataria. Hori guztia desagertu egin dela ikustea, ez dakit ba. Iruditzen zait herriaren historiaren elementu ikonikoak mantendu egin behar direla. Ezin dugu ahaztu gure aurretik beste belaunaldi batzuk bizi izan zirela hemen.

Lasarte-Oria asko aldatu den bezala, zure lan egiteko modua ere bai?

Erabat. Informadores de bolígrafo ginen gu hasieran: koadernoa, boligrafoa eta kamera hartu, eta albistearen bila. Artikuluak idazmakinarekin idazten genituen, Olivetti markako bat neukan nik. Gero, idatzitakoaren bi kopia egin, horietako bat gutunazal batean sartu eta Maite liburu dendara edo Ilargi tabernara eramaten nuen, El Diario Vasco-koek jaso zezaten, 15:00ak baino lehen. Bestalde, argazkiak kamera analogikoekin ateratzen genituen. Karreteak etxean bertan errebelatzen nituen, komunean, Ilford markako materialarekin: negatiboak atera, lehorgailuarekin hezetasuna kendu... Echarri argazki dendakoek laguntzen zidaten gauza batzuekin. Garai horretako irudiak ikusten ditudanean, harrituta geratzen naiz ateratzen zenarekin!

Asko harritu nau beti egin izan dudan lanaren eta denbora librearen arteko proportzioak. Begira zenbat gauza kontatu dizkizudan, ba hori guztia egin eta gero aisialdirako tarteak izaten nituen. Modernizazioarena eta digitalizazioarena engainu hutsa izan da: esan ziguten errazagoa izango zela dena eta lehenago amaituko genuela, baina ez da horrela izan. Gero eta denbora gutxiago eta exijentzia gehiago.

"Modernizazioarena eta digitalizazioarena engainu hutsa izan da: esan ziguten errazagoa izango zela dena eta lehenago amaituko genuela, baina ez da horrela izan. Gero eta denbora gutxiago eta exijentzia gehiago"  

Gure herria aktiboa dela uste duzu?

Juan Manjarres eta Maria Cortesek hartu dute nire lekukoa, eta esaten didate mugimendu izugarria dagoela Lasarte-Orian. Herri gaztea da, baina oso mugitua, egunero dugu zerbait! Prentsaurrekoak, antzerki emanaldiak, zinema, kirol partida eta lehiaketak, ospakizunak... Azpimarratzekoa da herritarrek egiten duten lana, bakarka zein taldeka. Izugarria da.

Herri mugitua bai, baina egia da garaiak eta garaiak izaten dituela... Batzuetan, komeriak den-dena egunkarian sartzeko, eta beste batzuetan larri, orri bat betetzeko.

Bai... Ongi legoke jarduerak zertxobait gehiago banatuko balituzte urtean zehar. Gertatu izan zait asteburu batzuetan goizeko bederatzietan etxetik atera eta goizaldera arte ez bueltatzea, horrenbeste gauzaren berri emateagatik kirol partida batzuetara joan ezin izatea adibidez... Eromena. Baina gero, abuztuan batez ere, harrien azpian begiratu behar izan dut askotan, gairen bat kronikara ekartzeko. Zaldi lasterketei eskerrak, behin baino gehiagotan libratu naute.

Txikitatik gustatu izan zaizkizu zaldi lasterketak, ezta?

Nire pasioetako bat da, dudarik gabe. Askotan esan dut diru nahikoa izango banu zalditegi bat erosiko nukeela, baina... Txiki-txikitatik hazi naiz giro horretan, Hipodromoaren bueltan, hori arnastu dut, bere garaian herriko golf zelaiaren bueltan ibili zirenen antzera. Klase altuko jendea etortzen den lasterketak ikustera, ahal genuen guztian egiten genuen lan guk txanponen bat patrikan sartzeko, gero barrura sartzen ginen sarrerarik ordaindu gabe, probak bukatzen zirenean harmailetara joan eta oso tolestuta ez zeuden aldizkariak hartzen genituen etxera eramateko... Izugarria zen hori guztia haur ginenontzat. 

Badago jendea apustuengatik joaten dena Hipodromora. Niri ere gustatzen zait noizean behin  baten bat egitea, baina aukerarik ez balego ere berdin-berdin joango nintzateke. Asko atsegin dut zaldiak lasterka ikustea. Begira argazki asko atera ditudala, baina uste dut irudi perfektua ez dudala lortu oraindik. Hori egiten dudanean, dena utziko dut (barreak). Helmugara iristen direneko unea harrapatzea ez da erraza. Egia da horretarako material berezia behar dela.

Hipodromoan argazki perfektua ateratzearena izan daiteke erronka bat etorkizunerako, baina ez bakarra.Esan duzun bezala, artxibo historikoa lantzea ere bai. Irakurleek irudika dezaten, zer da zehazki bulegoko beheko pisuan gordetzen ari zarena?

Hasierako urteetako kronikak liburuki batzuetan jasota ditut eta apaletan gordeta. Beste karpeta handi bat ere badut, argazki analogiko eta negatibo mordo batekin. Gaika sailkatu, eskaneatu, digitalizatu eta artxibatu egin behar ditut, lan asko izango dut hor. Bestalde, 1990etik aurrerako orriak PDF formatuan eskura daitezke, sarean. Eskerrak eman nahi dizkiot Javier Zataraini, asko lagundu didalako alor hori lantzen, programa informatikoekin. 

Horrez guztiaz gain, Plazaolako trenbideari buruzko historia daukat, nire arbasoetako batzuk trenetan lanean ibili zirelako; Nazioarteko Krosarena ere bai, 1956tik, sorreratik, Ken Norris atletak irabazi zuenetik; Michelin lantegiarena ere eman didate... Zerbait egin nahiko nuke horrekin.   

Hala ere, beste ezeren aurretik, daukadan guztia aztertu behar dut, zehazki zer den jakin ahal izateko. Denbora gehiago dut horretarako orain, lan egin izan dudan bitartean, batere ez. Ahal izan dudan moduan gorde dut, eta horren ondorioz, pasa izan zait argazkiren bat edo beste aurkitu izana. Pena izugarria ematen dit irudi bat ezin topatzeak.

Zein argazki aurkitu ezinak ematen dizu horrenbesteko pena?

Jon Tecedor herritarrak oparitu zidan bat, sinadura eta guzti. Halterofilia egiten zuen, oso-oso ona zen, Sidney-ko (Australia) Joko Olinpikoetan parte hartu zuen 2000. urtean. Pertsona bikaina zen, bihotz handikoa, atsegina, beti laguntzeko prest zegoena... Tamalez, ezkondu eta hilabetera hil zen, trafiko istripu batean, 2008an. Begira eta begira ibili naiz, baina irudi hori ez dut aurkitzen.

Harreman berezia duzu Lasarte-Oriako beste kirolari askorekin. Esate baterako, Maialen Chourraut piraguistarekin.

Txikia zenean ezagutu nuen, piraguarekin hasiberritan. Aita etortzen zen bulegora, artikuluren bat-edo idatzi behar nuela alabari buruz. Oso handia da Maialen. Lehen domina olinpikoa irabazi zuenean, Londresen (Erresuma Batua), 2012an, nori deituko lehenengo, eta niri! Esan nion 'Jo Maialen, izango duzu beste norbait niri baino lehenago deitzeko, ezta?'. Ezetz esan zidan berak: 'Txema, zutaz gogoratu naiz, oraindik inor ez nintzenean zuk lagundu ninduzulako beste inork baino lehenago'. Atzo izan balitz bezala gogoratzen ditut bere hitzak.

Azken galdera: urte askotan elkarrizketatzaile izan dena nola sentitu da elkarrizketatua izatean?

Ondo, gustura, pertsona garrantzitsu bat izango banintz bezala (barreak). Beti gustatu izan zaizkit galderak egin eta zehatz erantzuten duten pertsonak, berehala harira etortzen direnak. Ni, zentzu horretan, zaila naiz, asko hitz egiten dudalako, gauza pila bat kontatzen ditudalako. Lanbide honen zeregin nekagarrienetako bat elkarrizketak transkribatzea iruditu izan zait beti. 

Solasaldia ordu eta erdikoa izan da. Harrituta begiratu dio grabagailuaren pantailari kazetariak, azkar batean pasa direlako 90 minutu horiek. Bat egin du Txemaren hausnarketarekin: badaude elkarrizketa bat ordenagailura pasatzea baino gauza atseginagoak ofizio honetan. Zeregin hori aurrera eramateko indarrak hartze aldera, elkarrizketatuaren gonbidapena onartu eta Ilargi tabernara joan dira biak. Futbol porraren orria hartu eta asteburuko emaitzen iragarpena egin du: Real Madril 2-2 Reala; Celta 1-1 Athletic; Osasuna-Atletico Madril, berdinketa, 'X' bat kinielan. Asmatzen badu, zalditegi bat erostearen ametsa betetzetik gertuxeago egongo da.