'NEURE KABUZ'

Ziklo olinpikoa

Maider Galardi 2021ko uzt. 30a, 08:00

Ustekaberik ezean, lau urtez behin jokatzen dira Joko Olinpikoak. Eta kirolzale izan ala ez, uztail-abuztuko aste horietan telebistari eta albisteei begira egoten gara gimnastikaren edertasunarekin liluratuta, korrikalarien azkartasunarekin harrituta eta aurten bai, aurten piraguan ibili nahi duzula konbentzituta. Baina ez da gauza bera Kontxako badiaren uretan paseoan ibiltzea edo Maialen Chourrautek bezala hirugarren domin olinpikoa kolkoratzea.

Lau urtez behin izaten da, halaber, Euskararen Maratoia. Eta horretan ere, eguneroko praktikan euskaltzaleago izan ala ez, berrogei orduz aritzen gara herritarrak herriko plaza eta kaleak hartuta euskara mihian dantzan eta gorputzak safriduo-ren eta rarararara gora euskara edo bero bero-ren doinuekin astintzen. Ez da posible izan oraingoan, pandemia madarikatua tarteko.

Eta, atzera begira, lau urteko zikloa osatu dut nik neuk ere zutabe honetan. Ez daukat ilea hain kizkurtua, eta kenduta daukat ezpaineko piercing-a honezkero. Esango nuke Kataluniako erabakitzeko eskubidearen aldeko erreferendumari buruz idatzi nuen hartaz geroztik aldatuko zela nire idazteko era, eta gaiei begiratzeko moduan ere aldatuko nuela zerbait. Baina, atzera begira, antzekoak izan dira beti gaiak: dela euskara, dela Lasartear identitatea, dela feminismoa... aitzakiak, hamaika: maitasun erromantikoa, kale izendegia, hauteskundeak, Euskaraldia...  

Barrura begira ere egon dira aldaketak, nahiz eta ukitzen eta hunkitzen nauten gaiak horiek berak izan. Nork du aukera halako espazio bat okupatzeko? Norengana heldu da emakume, euskaldun eta gazte honen ahotsa? Zer eragiten dit niri zutabe honen parte izateak? Zenbat laguni pasatu diet testua lehenago idazten dudanaren onespenaren bila? Zenbatetan partekatu dut testua sare sozialetan, eta zergatik egin dut hori? Zenbatetan irakurri dut testua berriro, buruz ikastera arte balizko akats baten bila?

TXINTXARRI-koa ez da urteotan eskaini didaten toki bakarra, ezta agian, nahigabe gehiegi luzatu dudan bakarra ere. Behin toki bat edukita, hortik askatzea ez baita beti erraza. Boterea sentitzea zer den. Batzuetan aintzatespena eta beste batzuetan presioa ekarri du horrek, eta uste dut maiz erreproduzitu duela sexu-genero sistemaren araberako dikotomia hori; espazio publikoa berez maskulinoa izateagatik ezaugarri horren zenbait jokabide nire egitea batetik, eta besteetan nahikoa indartsu ez sentitzeagatik aho txikiarekin esateagatik esan nahiko kontuak, bestetik.

Simone Bilesek azken egunetan erabaki du Joku Olinpikoetako gimnastikako finalak ez jokatzea, osasun mentala lehenetsiz. “Munduaren zama” bere sorbalda gainean sentitzen duela azaldu du sare sozialetan. Eta nirea ez da hainbesterako izango, jakina, baina ziklo honetan ikasi dut batzuetan hobe dela beste batzuek esan behar duten horrentzako tokia uztea eta eremu ez hain publikoetatik ere eraldaketarako eragitea aberasgarria dela, nahiz eta pribatuan eginagatik, ez den aitortza hori jasotzen. Ezetz esaten ere ari gara ikasten, eta gero arteak luzatzen ere bai.

Eskerrik asko, beraz, TXINTXARRI, hori guztia ikasteko biden harlauzetako bat izateagatik. Ur bizietan baino, nahiago orain Kontxako badiaren uretan paseoan aritu. Ea berandu baino lehen Okendo plazan topatzen garen safriduoa-ren konpasekin dantzan.