'NEURE KABUZ'

Burbuilak

Maider Galardi 2020ko urr. 30a, 08:00

Orain astebete Hernanin ginatekeen hiru lagun, beste hainbat kiderekin batera, zaintza lanen inguruko gogoeta egiten, Beterri-Buruntza eskualderako Emagin elkarteak egindako diagnostikoa aztertzen eta proposamen berriak mahai gainean jartzen. Hernanin ginatekeen gure herrietan koronabirusaren kutsatze tasek gora egin ez balute, eta bertan behera geldituko ez balitz hitzordua. “Jardunaldiak atzeratu dituzte”, idatzi zuen U-k Kaixomaitia gure whatsapp taldean, ostiral eguerdian. A-k erabakia zuen ordurako Nafarroko lantokitik itzultzea asteburua elkarrekin pasatzeko.

Ez zen jardunaldirik izan, baina mantendu genuen afaria, eta luzatu zen hizketaldia: hirurok izan ditugu asteotan nork bere pisukideak konfinatuta, kutsatuta edo kutsatze katean egoteagatik. Gurean, erabaki genuen bigarren astean gurasoenera itzultzea, pisukideak bakartzea erosoago pasatu ahal izateko, eta etxe guztia erabili ahal izan zezan; U-k bere etxekideekin erabaki zuen hiruko “burbuila taldea” sortzea emaitzak jaso bitartean; A-k, berriz, hautatu zuen bizikidearekin egitea konfinamendu osoa. 

“Joan zaitezke barazkien otarra hartzera?”, idatzi zuen I-k, bakartuta zegoenean Bizi-lagunak whatsapp taldean. “Zerbait behar du O-k afaltzeko? Ailegatu naiz etxera”, dio J-k.  “Topera zaude, eta etorri etxera bazkaltzera”, gonbidatu izan nau K-k. “A-ren balkoi azpira azaldu gaitezke kasu egitera”, diogu U-k eta biok Nafarroa itxi aurretik. O-k komuna desinfektatu behar duenez, berak garbitu du bi asteotan; I-k eskerrak eman dizkie pisukideei etxeko lanak hiruren artean egin ordez, biren artean egiteagatik.

“Zertaz ari gara zaintza erdigunean jartzeaz ari garenean?”, “Nola egin zaintza lanen demokratizaziorako?”. Horra Hernaniko jardunaldietako hitzaldi eta mahai inguru banaren izenburuak. Egia da: aipatutako inor ez gara guraso, gaur-gaurkoz gutxitan tokatu zaigu odol-familiako nagusiren bat zaintzea, eta prozesua beti ez da erraza; badira talkak, eztabaidak, etxeko lanei eta elkarren zaintzari denbora kopuru diferentea eskaintzeagatik korapiloak. Eginez ikasten da, ordea, eta, gutxienez, zaintza lanen gaineko ikaspen bat ondu dugula ondorioztatu daiteke ostiraleko afariaren ostean.

Zutabea osatzeko ideia igande arratsaldez heldu zait. Alarma egoera iragarri berri dute, I-k prestatu du bazkaria eta haienera joan naiz bakarrik nengoelako, U bazkalostean etxeratu da, ostiralerako prestatutako azenario tarta jan dugu, J etxean ari da hautsa pasatzen, K etorri da, O afariaz arduratuko da, A goiz joan da biharamunean goizean goiz Nafarroara lanera joan behar delako, baina hitz egin du U-rekin telefonoz... Maiatzera arte luzatuko da salbuespen egoera, eta eskerrak kaixomaitiak eta bizi-lagunak ditugun inguruan bizirauteko.