Egutegiak dioenez gaur bezalako egun bat izan zen. Zehatzago: egin bi aste eta bi egun aurrera, eta, ondoren, hemezortzi urte atzera. Zortzi urte bete nituen egun hartan. Alegia: muturra nozilla sandwicharekin zikinduta nuela, eta nire lagunekin altxorraren bila jolasten arituko nintzela arratsaldeko 19:00ak aldera. COVID-19agatik bisitak bertan behera geratu ez balira, gaur bertan ere, ordu horren bueltan aterako lirateke ehundaka euskal herritar Andaluziara—Kordobara, Puertora...—, edo Valentziako Picassent ingurura eta Galiziara. Baina euskal herritar horiek Alcazar eta itsasaldeko paseo gutxi. Batzuentzat 1.988 kilometrora dago Almeria, eta 24 ordutatik hogei pasako dituzte autoan.
2003ko otsailaren 28an ez dakit nik Google Maps existitzen zen ere. Seguraski urtebetetzearen emozioengatik lehertuta egongo nintzen ordurako, eta Albacete non zegoen ere ez nuen jakingo, auskalo. Kontua da bi herrikidek bizia galdu zutela egun hartan; ama-seme batzuk: Argi eta Iñaki. Semea/anaia ikustera zihoazen Almeriara. Kartzelan zegoen. Alegia, etxetik mila kilometrora, eta hamar ordura urrunduta. Eta auto istripu batez hil ziren ama-semeak, Tobarran, Albaceten.
Lasarte-Oriako Udalak egin die orain aitortza, aho batez, urrunketaren biktima izan zirela biak. Eta haiek bezala, apurka ari dira errekonozimendu hori jasotzen Espainiako eta Frantziako gobernuen espetxe politikaren muturreko neurrien ondorioz bizia galdu dutenek. Bada urrats bat, gainontzeko euskal presoak hurbiltzea den bezala. Batzuk ez dugulako Almeria ezagutzen, baina bai Kordobara bidean dauden hamasei ordu eta 1.600 kilometroak. Eta, horrelakoetan, Mezquita eta patio txuri gutxi. Astelehenean egin zuten publiko Lasarte-Orian lortutako akordioa, Javi Gallaga presoaren urtebetetze egunean.
Ederra litzateke nozilla sandwichak dauden merendola batean ospatu ahal izatea, baina, oraingoz, Kordobara bideko restop bateko tostada batekin konformatu beharko.