Zokoilluinbe ere deitzen omen zitzaion toki hari, nahiz eta izendegi ofizialak santuaren izena jaso. Eta eskerrak! Herrian dagoen emakume izeneko kale bakarra baita. Eta herria apaintzen duten eskulturak? Horiek ere gizonek eginak. Hala ikasi genuen aSunak talde feministak orain bi aste Okendo plazan egindako erakusketan.
Baina, era berean, zenbat zoko ilun dituen herri honek. Horiek ere seinalatu zituzten erakusketan. Eta mapa horiek berak dituzte tatuatuta beren gorputzetan gure lagunek. Kartografia inposibleak. Zein emakumek* ez die lagunei eskatu etxera iristerakoan idazteko, baldin eta Oriara, Atsobakarrera, Zabaletara... bazihoazen? Nork ez du pausoa azkartu Mirentxueneako parkean? Nork ez du erabaki hobe zela Kale Nagusian errepidearen ondotik joatea ibai ertzeko paseotik baino? Nork ez du beste lagun bat itxaron etxera joan arte, elkarrekin itzultzeko?
Hiri antolamendua neutroa dela uste duenak, ez daki —edo ez du onartu nahi— neutroa edo unibertsala berez dela patriarkala, arrazista, kapazitista... Eta, beraz, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aurrera ateratzerakoan genero ikuspegia ezinbestekoa dela onartzen ez duenak, muzin egiten dio herritar guztientzat bizigarria den herri bat kudeatzeari. Egia da: aurtengo Plan Orokorraren parte hartze prozesuan egin zen hiri antolamendua genero ikuspegitik aztertzeko mintegi bat. Bost herritarrek hartu genuen parte. Gaur egun 20.000 biztanle bagara, herritarren %0,025ak, eta mintegia egin eta ia urtebetera, ez dakigu zein ondorio izango dituen guk saio horretan esandakoak.
Norberak bere etxetik modu telematikoan egin genuen saioa. Ia urtebete beranduago aSunak taldeak arazoa herriko plazara ateratzeko ausardia izan du. Ez dakigu, ordea, bizigarriagoa den herri bat kudeatzeko modua izango den hamar urtez herriaren urbanismoa norabidetuko duen plan orokorrean.
Oraingoz ziurtatu daitekeen gauza bakarra da aurten ere berdintasun teknikaririk ez dagoela. Eta halakorik gabe, herriko emakumeon* gaizki habitatze hau izango dela kartografia inposible bat, kale itsu bat, karkaba bat: Zokoillunbe.