SERIEAREN BOSGARREN ARGITALPENA

Adopzioak bilakatu du ametsa errealitate

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 10:08

Adopzioan hartutako bi alaben guraso dira Fede Otaegi eta Junkal Perez lasarteoriatarrak. Txinako Hunan probintzian jaioak dira Amane Mei eta Oihana Fu, eta adopzioa prozesuan bizitakoak kontatu dizkiote TXINTXARRI aldizkariari

Ekainaren 8a zen, asteartea, eta txintxarri aldizkariak bazuen goiz horretarako eginkizun bat zehaztua, Zabaleta auzoan. Lantzen ari garen familia eredu ezberdinen gaineko erreportaje sorta osatzeko, auzo horretan bizi den Otaegi-Perez familiarekin egin nuen hitzordua. Euren etxean jaso ninduten, egongelan, goxo, eta egin berri zuten kafe kikara bana zerbitzatuta hasi nintzen euren adopzio-familiaren testigantzaren berri izaten; nire etxean banengo bezala.

“Oso gazte” ezkondu ziren Junkal Perez (Lasarte-Oria, 1963) eta Fede Otaegi (Donostia, 1954) herritarrak, eta ezkondu zirenerako argi zuten ez zirela berehala guraso izango, nahiz eta jakin bazekiten seme-alabak eduki nahi zituztela etorkizunean. Horrela, ezkondu ostean urte batzuk igaro eta gero, haur bat izatea erabaki zuten. Guraso izan nahi duen edonork pentsa dezakeen modu berean, seme edo alabak biologikoki edukiko zituztela uste zuten eurek ere, nahiz eta biologikoak edukitzearekin batera, haur bat adopzioan hartzeko ideia ere ez zuten bazter uzten. Haurdun geratzeko saiakerek, ordea, huts egiten zuten. Saiatu arren ez zuten lortzen, eta adopzioaren aukeran gehiago sakontzen hasi ziren.

Joan ziren lehen aldiz Gipuzkoako Foru Aldundira, baina bertan aurkitutakoak maldan gora jarri zituen herritarrak. Kontatu dute adopzio nazionalean itxaron zerrenda luzeak topatu zituztela, eta haur bat adopzioan hartzea ez zela erraza: “Urte asko itxaron behar ziren, eta horrek zaildu egiten zuen egoera”.

Fede eta Junkalentzat, ordea, adopzioan hartu nahi zuten haurraren jatorriak ez zuen garrantzia berezirik, hortaz,  nazionala ez beste aukera batzuk aztertzen ere hasi ziren. Ez zen erraza izan, ordea: “Prozesu horretan ere zailtasun ugarirekin egin genuen topo. Mundua erori zitzaigun; behin eta berriro galdetzen genion gure buruari ezingo ote ginen guraso izan".

Bitartean, haurdun geratzeko tratamenduekin ere hasi zirela jakinarazi dute, eta, gogoan dute, oraindik ere, zenbaterainoko gogorra izan zen prozesu hura ere : “Saiatu ginen bide horretatik ere, baina ez genuen lortu. Oso gogorra izan zen”.

 

"Madrilgo enbaxadan zegoen itzultzaile baten laguntzerekin egin genuen guztia"

 

Telebistan botatako dokumentala
Tratamenduarekin haurdun geratzeko ahaleginetan jarraitzen zuten bitartean, Txinako umezurztegien gaineko dokumental bat ikusteko aukera izan zuten, telebistan: Las habitaciones de la muerte. "Oihartzun handia izan zuen. Txinan, garai hartan, haur bakarraren politika zegoen indarrean –1979. urtean jarri zuen martxan Txinako gobernuak, jaiotza tasaren gaineko kontrola ezarri eta gainpopulazioaren ekiditea argudiatuz– eta, bertan ikusi genuena oso gogorra izan zen".

Dokumental hori izan zen Otaegi-Perez familiarentzat inflexio puntua: "Haurdun geratzeko tratamenduek emaitzarik ematen ez zutela ikusirik, eta Txinako umerzurztegietan gertatzen ari zenaren jakitun, herrialde horretako haurrak adoptatzea erabaki genuen". Horrela, tratamenduak alde batera utzi, eta berriro ere Gipuzkoako Foru Aldundira joan ziren, Txinako haur baten adopzio prozesua martxan jartzera.  

Ezinbesteko ziurtagiria
Azaldu dute adopzioa martxan jartzeko certificado de idoneidad (egokitasun ziurtagiria) eskuratzea "ezinbestekoa" zela. Eta hori eskuratzeko beharrezko paperak bete, aldundiko profesionalekin eman beharreko pausoak eman, eta beste hainbat tramite egin eta gero lortu zuten ziurtagiria; 1996. urteko maiatzean. Hortik  aurrera, eta prozesuak hala eskatzen zuelako, Txinako gobernuarekin hasi zituzten harremanak, Madrilgo enbaxadaren bitartez: "Madrilen itzultzaile bat zegoen, eta bere laguntzarekin egin genuen guztia". Itzultzailearen laguntzaz Txinara beharrezko dokumentazioa bidali eta handik zetozenak jaso ondoren, bilakatu zen ametsa,lehenengoz, errealitate. Bide horretan murgildu eta urte eta erdi beranduago, 1997. urtean jaso zuten lehen baieztapena: bost hilabeteko haur baten guraso zirela; Amane Meirena.

Lehen bidaia Txinara
Une haiek gogora ekarriz, eta kontakizunarekin aurrera jarraitzeko, elkarrizketa egiten ari ginen egongelako mahaitik jaiki da Junkal, eta zuri beltzean ateratako argazki batekin bueltatu da. Amane Meiren argazki bat da, euren alaba izango zela jakinarazi zieten gutunazalean jaso zutena: "Fax bidez jaso genuen alabaren lehen argazkia izan zen; beti esaten dugu hori izan zela gure ekografia".

Hunkituta jarraitu dute testigantzarekin; Amane Meiren berri izan zuteneko momentua "oso une berezia" izan zela azalduz: "Hamalau urtez guraso izateko ahaleginetan aritu  ondoren gure nahia egi bihurtu zen; oso momentu polita izan zen". Gauzak horrela, urrian Txinako jakinarazpena jaso eta abendu amaieran joan ziren Amane Mei alabaren bila.  

Egongelako mahai gainean pilatutako argazki-albumei begira jarrita erakutsi diote kazetariari Txinako Hunan –bertan jaioa da Amane Mei – hirira iritsi eta alaba besoetan zutela ateratako lehen argazkia. Eta izoztutako une horri begira ekarri dituzte gogora eurekin Txinara bidaiatu zuen beste bikote batek orduan esandakoak: "Gogoratzen dut Amane Mei besoetan nuela esan zidatela oso zoriontsu ikusten nindutela; halaxe nengoen", azaldu du Junkalek.

Hamabost eguneko egonaldia egiteko asmoz joan ziren Txinara, baina gauzak ez ziren aurreikusi bezala joan. Kontatu dute Amane Meiren osasunari behar bezalako arreta emateko lehenago bueltatu zirela Lasarte-Oriara: "Umeez ezer gutxi genekien garai hartan; pentsa, biberoiak ere gaizki prestatzen genituen. Alaba ahul zegoen, eta, gu ez ginen turismoa egitera joan Txinara. Ez geunden horretarako, eta lehenago bueltatu ginen".

Etxean denak pozarren
Ametsa beteta, zoriontsu iritsi ziren Fede eta Junkal etxera, baina kezkatuta ere bai; Euskal Herrira iritsita, Amane Meik ahul jarraitzen baitzuen. Indar guztiak alabaren zaintzan jarri, eta apurka-apurka haurra hobeto zegoela ikusirik goxatu zen Otaegi-Perez familiaren egunerokoa. Hainbeste goxatu zen, ezen, bigarren alaba baten adopzioa martxan jartzera animatu zirela, denbora gutxira.  

Eta, lehen esperientziak emandako jakintzaz baliatuta, bigarrengoari ekin zioten. "Antzekoa" izan zen prozesua, baina, denboran, laburragoa, lehen adopzio prozesua martxan jarri ahal izateko ezinbestekoa zen egokitasun ziurtagiriaren denbora aurreztu baitzuten: "Bi urteko iraungitze data zuen, eta iraungi baino hilabete batzuk lehenago jarri ginen martxan bigarren adopzioarekin".

Berriro ere Txinako gobernuarekin harremanetan jarri, eta bederatzi hilabetera iritsi zitzaien bigarren jakinarazpena; berriz ere Hunan probintziako neskatila baten guraso izango zirela; Oihana Furena. Zortzi hilabete zitueneko alabaren argazkia eskuetan hartuta gogoratu dituzte orduko bizipen haiek.

Negu betean, bigarren bidaia
Alaba gazteenaren bila joandako uneak kontatzeari ekin diote gero; horiek ere ez dituzte ahaztu. Gogoratzen dute negua zela, eta uste baino gehiago atzeratu zela alabaren bila joateko bidaia: "Gabonek bete-betean harrapatu gintuzten, eta hori amaituta, Txinako Urte Berria iritsi zen. Ezinegona eragin zuen horrek gugan, alaba, lehenbailehen, gurekin izan nahi baikenuen".

Eta bigarren bidaia hartan bai; hamabost egun egin zituzten Asiako herrialdean: "Oihana Fu osasunez ondo zegoen, eta, gu ere bigarrengoz ari ginen esperientzia antzekoa bizitzen. Lasaiago geunden eta disfrutatu ahal izan genuen Txinaz ere".

 

"Oso eskertuta gaude auzoarekin, pailazoekin eta ume alaia elkartearekin"

 

Herrian oztopo handirik ez
Bazterkeria egoera nabarmenen lekuko izan ez badira ere, azaldu dute egokitu zaiela hainbat egoera deserosori aurre egin behar izatea: "Begirada eta komentario askoren lekuko izan gara, eta zenbait momentutan, horiei aurre egitea ez da erraza izan. Askotan esaten digute, adibidez, gure alabak oso zortedunak direla gurekin daudelako. Horrelako adierazpenei berehala erantzuten diegu guk, zortea gurea dela esanaz; gu baikara zortedunak Amane Mei eta Oihana Fu gurekin daudelako".

Alabekin txikitatik hitz egin dute adopzioaz, eta gaur gaurkoz ere hitz egiten dutela azaldu dute: "Alabak txikiak zirenetik landu dugu gaia. Adopzioaz hitz egiteaz gain, ipuinak ere irakurtzen genizkien".  Orokorrean herrian, ikastetxeetan eta inguru hurbilean naturaltasunez bizitu dituzte Amane Mei eta Oihana Furen adopzioak, eta horrek "asko" erraztu du familiaren egunerokoa. Zorteko sentitzen dira, esate baterako, Zabaleta auzoko bizilagun izateaz: "Betidanik elkartu izan gara plazan adin beretsuko haurrak genituen sei edo zazpi familia, eta txiki-txikitatik oso integratuak egon dira; guk hortan ez dugu arazorik izan; oso eskertuta gaude".

Eskerrak eman nahi izan dizkiete, baita ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei. "Joxemarik –Porrotx pailazoak– eta bere familiak, esaterako, gure alaben prozesu osoa ezagutu dute hasieratik, eta sekulako laguntza eman digute". Kontatu dute hainbat lanketa egin dituztela sudurgorriekin, besteak beste, Familiak Milakolore ipuin bilduma eta karta jokoarena: "Horrelako gaiak txikitatik lantzea oso garrantzia dela iruditzen zaigu".

Eta ez dute bazter utzi nahi izan Ume Alaia elkartea ere. Adopzio-familien elkartea da, eta Fedek eta Junkalek euren prozesua hasi zutenean Gipuzkoako egoitza oraindik existitzen ez bazen ere, gerora "lotura estua" izan dute bertakoekin: "Ezjakitasun osoz abiatu genuen gure prozesua duela 25 urte. Oso baliagarria eta aberasgarria izan da elkartetik jaso dugun laguntza guztia;  hitzaldi askotan parte hartzeko aukera izan dugu, jende profesional ugari ezagutu dugu, eta abar. Guri asko lagundu digu".

2012an Txinara bidaia
Bigarren alaba adoptatu zutenetik, urtero-urtero dirua aurrezten hasi zen bikotea, etorkizunean, familiak Txinara bidaia bat egiteko asmoz; eta halaxe egin zuten duela zortzi urte. Bi baldintzekin bidaiatu zuten Asiara; euren alabak jaiotako Hunan probintzia eta alabak egondako umezurztegiak ezagutzeko aukera izatea. Eta halaxe egin zuten: "Oso bidaia ona izan zen, eta, uste dugu, gure alabentzat oso lagungarria izan zela". 
Biologiak ez, baina elkarrekiko zaintzak eta maitasunak batzen du Otaegi-Perez familia. Mila esker, laukote.

"Gizarteak tentsio puntu batekin bizi du oraindik ere adopzioa; gaia landu behar da"

Amane Mei Otaegi Perez eta Oihana Fu Otaegi Perez, Junkal eta Federen alabak

 

Gurasoekin "betidanik, naturaltasun eta askatasun osoz" hitz egin dute adopzioaz Amane Meik  (Hunan, 1997) eta Oihana Fuk (Hunan, 1999). Kontatu dute betidanik jakin eta barneratu dutela adoptatuak zirela.

Oihana Furi ahizpa adoptatua edukitzea "lagungarri" izan zaio: "Errazagoa izan da dena; ideia, sentimendu eta esperientzia berdin asko bizitu ditugu, eta hori elkarbanatzeak asko lagundu dit bizipenak konpartitu eta ulertzerako orduan". Amane Meik ere bat egin du ahizparen hausnarketa horrekin, eta gaineratu du "naturaltasunez" eraman duela gaia beti: "Beste edonor bezalakoa sentitzen naiz, eta, adoptatua naizela dakidan arren, horrek ez du nire bizitza baldintzatzen". Azaldu du, bere ingurukoek ere nola bizitzen duten gaia: "Kuadrillakoei ere ahaztu egiten zaie, askotan, adoptatua naizela".

Gurasoek auzoko giroari egin dioten azpimarra berdina egin diote alabek. Oihana Fuk azaldu du txikitan, auzoko lagun taldean ez zuela integratzeko beharrik sentitu: "Beste bat gehiago nintzen. Banekien nire gurasoak nirekin zeudenak zirela, eta, aldi berean, urruti eta ezagutzen ez nituen guraso biologikoak nituela, baina gertaera soil horrek ez ninduen ezberdin sentiarazten, eta gaur egun ere ez". Amane Meik txikitako oroitzapen bat gogora ekarriz jarraitu dio ahizparen hausnarketa horri: "Txikitan, familiaren zuhaitz-genealogikoa egiterakoan, harrotasunez adierazi nuen familia bikoitza nuela".

Auzoan bezala sentitu dira ikastetxean eta herrian ere. "Badakit gure familiak beste familia batzuek ez dituzten ezaugarri batzuk dituztela, baina familia guztiek dituzte ezaugarri bereizgarriak ezta? Familiak anitzak dira, eta gure kasuan, biologiak ez beste indar batek lotzen gaitu; elkarrekiko maitasunak", azaldu du Oihana Fuk.

Zortea "aldebikoa"
Gurasoek alabak euren familiako kide izatearekin zortedun direla azaldu dute, eta alabek ere bat egiten dute pentsamendu horrekin: "Bi aldeek familia bat osatu nahi genuen, eta, zorionez hala izan da; orain osatzen dugun familia osatzeko aukera izan dugu", azaldu du Amane Meik.

Inguru hurbilak adopzioaren gaia eurak bezain natural daramatela azpimarratu dute bi ahizpek, baina ikusten dute ezberdintasun bat ezezagunak diren pertsonekin harremantzen direnean; horrela azaldu du hori Amane Meik: "Galdera gehiago erantzun behar izaten ditut, eta, batzuetan ikusezin bihurtu nahi izaten dut, nabarmendu gabe bizitzeko. Gizartean arrazializatuak garenak nola ikusten gaituzten ohartzen naiz. Arrazializatua den pertsona bat ikusten dugunean, nekez pentsatuko dugu adoptatua izan daitekeela; pertsona horiek bere arraza berekoak diren gurasoen seme edo alabak direla pentsatzeko joera oso nabaria da oraindik ere".

Gizarteak, oraindik ere, adopzioaren gaia "tentsio puntu batekin" bizi duela iritzi du Oihana Fuk, gaia "tabua" balitz bezala: "Gaiaz hitz egin eta normalizatu beharrean, agian minduko nauten beldur gerta daitezke tentsio une horiek". Gaia saihesteak, normalizatu baino, kontrakoa eragiten du: "Landu behar dela uste dut".

Serieko bosgarren familia ereduaren argitalpen honekin amaituko dugu, momentuz, lan hau. Ez dugu itxitzat ematen, ordea; etorkizunean, helduko diogu berriro ere gaiari, eta bestelako familia eredu ezberdinak ezagutaraziko ditugu. Merezi duelako; aniztasunean dagoelako aberastasuna. Bitartean, serie hau argitaratzea posible egin duzuen familiak eskertzea besterik ez zaigu geratzen; eskerrik asko, bihotzez. Bihotz-betegarria izan da, oso aberasgarrria.