SERIEAREN LEHENENGO ARGITALPENA

'Amatxo' eta 'amaren' hiru alaba

Maddi Zaldua 2021ko mai. 14a, 12:00

Sexu bereko bi pertsonek osatu dute Agirre-Mantzizidor familia; Amaiak eta Ainarak. Hiru alaba dituzte eta euren familia-ereduaren berri eman dio Agirrek TXINTXARRI-ri

Elkar ezagutu eta urtebetera erabaki zuten Amaia Agirrek (Villabona, 1977) eta bere bikotekide Ainara Mantzizidorrek (Lezo, 1981) seme-alabak edukitzea; orduantxe eduki zuen "inoiz baino argiago" Agirrek ama izan nahi zuela. Horrela azaldu dio TXINTXARRI aldizkariari, familia eredu ezberdinen inguruko  erreportaje sorta osatzeko elkarrizketa egiteko elkartu direnean. "Erabat arrotza” zitzaien mundu batean murgildu zirela aitortu du; euren ametsa egia bihurtzeko aukera onenaren bila abiatu ziren. 
Haurrak harreran edo adopzioan hartzeko aukera baztertu gabe, bakoitzak biologiko bana edukitzearen aukerari eutsi zioten aurrena. Horrela, osasun-etxe pribatu batera deitu, eta prozesua martxan jarri zuten gaur duela zortzi urte eta erdi. Deia egin eta hilabetera kontsultan zeuden, eta beste hilabeteren barruan, lehen intseminazioa egina.

“Itsu-itsuan” ekin zioten, hasi berri zuten prozesu hari. Ez zuten euren prozesu berdina lehenago bizi eta aholkulari edo bidelagun izan zitezkeen bikote lesbianarik inguruan, hortaz, esaten zietenari “isil-isilik” jarraitu zioten hasieratik. Esperientzia hartatik, ordea, argi ikasi dute, gauzak ez lituzketela orduan bezala egingo egun. Amaiak, beste urtebetez bertso-munduari eusteko asmoz, lehen haurdunaldia Ainarak bizitzea erabaki zuten, eta esperientzia  haren berri eman du.

"Gaur egun ez genuke lehen haurdunaldia orduan egin genuen bidetik egingo"

Lehen intseminazioaren ondorioz, 10 folikulu edo obulu izan zituen bikoteak ernaltzeko prest: “Arrakastaren emaitza zela uste genuen; geroz eta gehiago intseminatu, orduan eta aukera gehiago izango genituela haurdun geratzeko”. Gerora, ordea, aldatu da sinesmen hori. Gaur-gaurkoz, hormonatu zuten kopurua “gehiegizkoa” izan zela azalduz jarraitu dio Agirrek aurreko adierazpen horri. Baina hori ez zuten gertatu zen unean jakin, gerora baizik.

Hamar horietatik bost enbrioi ernaldu ziren, eta, lorpen hura umorez bizi zutela oso gogoan du: “Arrakastaren bide horretan, txisteak egin eta egin aritzen ginen, umorez bizitzen genuen momentu hartakoa, errealitatea zein zen ohartu gabe. Ametsa betetzen ari zen".

Haurdunaldiaren bederatzigarren astean, erredukzio bat egin zioten Mantzizidorri, eta bost enbrioietatik birekin jarraitu zuten haurdunaldia: neskatila eta mutiko batekin.

Bat-batean, errealitate kolpea
Haurdunaldiaren hamabigarren astean iritsi zen “momentu kritikoa”. Tratamendua hasi zuten osasun-etxe pribatuko ohiko azterketa batean esan zieten neskatilak garondo-tolestura handiegia ote zeukan, eta down sindromearekin jaioko ote zen edo ez ziurtatzeko, amniozentesia egin beharko ziotela Ainarari. Proba hori egin ahal izateko diruaz ere hasi ziren hizketan, eta orduan egin zuen "klik" Agirreren buruak: “Une hartan adierazi nion Ainarari zerbait ez ginela ondo egiten ari, dena diruaren bueltan joatea ez zela posible, eta gizarte-segurantzara jotzea erabaki genuen”.

Bertan artatu zituen medikuak Agirre eta Mantzizidorrek  azalpenak entzun, eta kontsultaren zergatia zein zen galdetu ostean, jarri zuen aurpegiak baieztatu zien bi amagaiei ordura arte gauzak ez zirela behar bezala egin.  

Osasun-etxe pribatuak neskatilari egindako diagnostikoa ukatu zuen gizarte segurantzako mediku berriak, baina, Ainarari ekografia egin ostean, mutikoari atzeman zion "kardiopatia larri bat". Orduan jakin zuten jaio eta denbora gutxira hiltzen ez bazen, betiko gaixo-larria izango zela, eta mutikoaren haurdunaldia etetea aholkatu zieten. Horrek, ordea, berarekin zekarren beste arrisku handi bat; gorputzak abortu gisa jasotzea mutikoaren prozesuaren etetea, eta, gorputzak berak, naturalki, neskatila ere kanporatzeko prozesua abian jartzea. "Orduan jaso genuen errealitate kolpea. Bizitzak  hankak lurrean jarri zizkigunean eta konturatu ginenean arrakastaz bost enbrioiekin hasi zena, hutsean geratu zitekeela". Egoeraren aurrean, argi zeukaten helburua: neskatilaren haurdunaldiak ahalik eta gehien egin behar zuen aurrera.

"Batzuetan baduzu zor ez dituzun azalpenak emateko indarra, baina beste batzuetan ez"

Itxarotea, luze 
Hemeretzigarren astean eten zuten mutikoaren haurdunaldia,  eta gerta zitekeen moduan, poltsa hautsi egin zen: "Oso une gogorrak izan ziren. Neskatila erditu egingo zen beldur, Ainara komunera ere ez zen joaten".

Hogeita laugarren astera arte, egunak joan eta etorri ziren, baina aste horretan, mutikoaren gorpua kanporatzen hasi zela antzeman zuen Ainarak, eta bikotekidea etxera heldu bezain laster, Villabonako – garai hartan han bizi ziren– anbulatoriora joan ziren. Artatu zituen emaginak, mutikoaren gorpua atera, eta neskatilaren bihotz-taupadak antzematen zituela ziurtatuta, ospitaleko urgentzietara bideratu zuen bikotea. Pronostikoek zehazten zuten, une batetik bestera Ainararen gorputza neskatila ere kanporatzeko prozesuan jarriko zela. Hori espero zuen bikoteak ere, baina ez zen hala gertatu: "Denon harridurarako, egunak joan eta egunak etorri, neskatilak tripa barruan jarraitu zuen, hiru astez. Ezin genuen sinetsi". 
Hogeita zazpigarren astea bete aurretik sentitu zituen Mantzizidorrek lehen kontrakzioak, eta handik gutxira jaio zen Jare, eta 72 egun inkubagailuan igaro ostean joan ziren, lehenengoz, hirurak etxera: "Urtezahar eguna zen. Beldurrez beteta iritsi ginen etxera, inkubagailuan dena baitzegoen kontrolpean. Pentsa, behin eta berriro jartzen genion alabari sudur azpian behatza, arnasa hartzen ari zela ziurtatzeko".  

Lehen haurdunaldia Ainarak bizi ostean, Amaiak hasi zuen prozesua, Jarek urtebete eta hiru hilabete zituela.

2015. urtean, lehenengo intseminazio saiakeran ez zuen haurdun geratzerik lortu. Hilabetera, bigarren saiakeran hasi berri zela, ordea, bere amari minbizia detektatu eta hilabetera hil egin zen: "Momentu hartan, prozesua bere horretan uzteko erabakia hartu nuen, eta handik urtebetera hasi nintzen berriro". 
Osasun-etxe pribatu batera jo zuten orduan ere, baina ez Jareren haurdunaldiko berera. Norabide hura, ordea, aldatu egin zen bat-batean. Gizarte-segurantzako itxaron zerrendan zegoen Agirre, eta bertatik dei bat jaso zuen eta prozesua bertatik bideratzea erabaki zuten: "Lehen saiakera hartan haurdun geratu nintzen, baina, hamargarren astean, haurrak taupadarik ez zuela esan zidaten eta abortua izan nuen". 
Jarraitu zuen haurdun geratzeko saiakerekin aurrera, nahiz eta, garai hartako familiaren egoera ez zen "xamurra". Haurdun geratu nahian ari zela, Jare alabari minbizia atzeman zioten: "Bizipoz bat ere behar genuen eta saiatzen jarraitzea erabaki genuen". Ez zuen lortu, ordea, eta ibilbide hari amaiera emateko erabakia hartu zuten orduan.

"Sentitu izan dut gizarteak markatzen duenetik ateratzeak sortzen duen zama"

Hiru haur izateko ametsa
Betidanik izan zuten "hiru haur" izateko desira, baina alabaren gaixotasunari aurre hartzeko ahaleginetan murgilduta, Ainarak adierazi zion Amaiari ez zeukala berriz ere haurdun geratzeko inolako gogorik. Gauzak aldatu ziren, aldiz, Jare gaixotasunetik errekuperatzen joan ahala: "Jare osatzen hasi zenean adierazi zidan Ainarak ez zuela lehenengo haurdunaldiaren bizipen eta oroitzapenarekin geratu nahi, eta berriro ere haurdun geratzeko prozesu berri bat hasteko erabakia hartu genuen".

Gizarte-segurantzara jo zuten orduan, baina hemezortzi hilabeteko itxaron zerrenda zegoenez, pribatura joan ziren. Oraingoan, hirugarren osasun-etxe pribatu batera, baina aurretik bizitakoak emandako esperientzia eta jakintzarekin: "Bagenekien zertara gindoazen eta prozesuak nolakoa behar zuen izan". Prozesu hura "oso ondo" joan zen eta horren fruitu dira Mare eta Arai bikiak. Bost urte geroago, baina Jare ahizparen hilabete berean jaio ziren: urrian.

Etxeko seigarrena, beldurra
Amaia, Ainara, Jare, Maren eta Araik osatzen dute Agirre-Mantzizidor familia, baina bada, euren teilatupe berean bizi den  bestelako elementu bat ere: beldurra. "Nik beti esaten dut gu etxean sei garela; gu bostok eta beldurra", azaldu du Agirrek.

Gizarteak markatzen duen korrontearen aurka joateak "beldurra" eragin izan dio zenbaitetan; "ohikotik" ateratzeak sortzen duen zamari egin dio erreferentzia: "Errealitatea onartu nahi ez, eta ezberdina izateak sor ditzakeen beldur eta konplexuak kudeatzea ez da erraza. Barne-borroka askori egin behar izan diet aurre; nire burua lehenengoz lesbiana izendatu nuenean sekulako izerdia antzeman nuen bizkarrezurretik behera. Familia bat osatzea pentsatzen hasi ginenean ere, ezin duzu imajinatu, zenbat negar egin nuen, haiek jaio eta eskolara hasten zirenean, bi amen seme edo alabak izateagatik barre egingo zietela pentsatzen nuen bakoitzean. Jareren gaixotasunaren berri izan genuenean pasa zitzaizkidan txorakeria haiek guztiak".

Bikote homosexualen arteko harreman eta familiak geroz eta ohikoagoak diren arren, oraindik egiteko "borroka asko" dagoela iritzi du. Gaur gaurkoz, jarrera eta begirada "deserosoen" lekuko izatea egokitu zaio eta adibide bat ere jarri du. "Behin, Asteasun, bidegorrian paseora irten ginen gu bostak eta bizilagun bat. Bat-batean, bizilagunaren ezagun emakumezko batekin gurutzatu, eta hark bizilagunari amona egin ote zioten galdetu ostean, bizilagunak ezetz erantzun zien, azalduz, gureak zirela hiru alabak. Berehala iritsi zen emakume haren erantzuna. Bienak ezin zutela izan; izan, bakarrarenak izango zirela: "Deigarria da horrelako erantzunak jasotzea esan dizutenean gureak, bionak direla. Hori gertatzen da, klik egin beharrean, betiko jarrerei eusten dietelako, batzuetan oharkabean. Ikuspegia apur bat irekiko balute...". 
Horrelako jarreren aurrean, askotan "azalpen ugari" eman behar izan dituzte eta hori kudeatzea, hainbatetan "neketsua" egin zaiola aitortu du: "Indartsu nagoenean egiten dut azalpenak emateko ahalegina, nahiz eta ez dizkiodan inori zor, baina, nekatuta nagoenean, ez da erraza zenbait egoerei aurre egitea".

Gazteengandik ere jaso ditu erantzun "desatseginak". Antzematen ditu eurengan jarrera "homofobo, matxista eta arrazistak" eta horrekin "kezka" agertu du: "Irakasle naizen eskolan seme-alabarik ote nuen galdetu zidaten gela bateko ikasleek eta kontatu nienean lesbiana eta hiru alaben ama naizela, te gusta comer los coños erantzun zidan taldeko batek; Horrelako jarrerei aurre hartzea zaila egiten zait oraindik ere, zapuztu egiten naute denbora luze baterako".

Zoritxarrez, jarrera baztertzaileak bai, baina bestelakoen testigu izatea ere tokatu zaiola ere azpimarratu du: "Miresmenetik eta ausardiatik ere jasotzen ditugu mezu asko, baina, hain zuzen ere, ausardiatik bideratzen diren mezu horiek baieztatzen dute, oraindik ere gizarteak nola bizi dituen sexu bereko bi pertsonen arteko harreman eta familiak. Ausardia ikusten bada, ohikotasunetik kanpo dagoen zerbait delako da. Iritsiko da normalizazioa ere".

"Bide luzea dago oraindik egiteko, baina iritsiko da normalizazio hori ere"

Asteasun badago aniztasuna 
Jarek bi amen alaba izatea "oso natural" bizitzen duela azaldu dio Agirrek TXINTXARRI-ri, eta hala baieztatu du txikiak ere; Amaia, "amatxo" eta Ainara, "amaren" alabak. Agirrek uste du bizi diren inguruak ere lagun dezakeela horretan: "Lesbiana-bikote batzuk bizi gara Asteasun, eta horrek ikusgarritasuna   ematen du". 
Jarek hizketan hasteko hasierako lotsak galdu eta ausartu da kazetariari hitz batzuk zuzentzera. Kontatu du bera joaten den eskolan badagoela transexuala den haur bat eta badela hiru ama –bat biologikoa, eta beste biak harrera amak–  dituen harrera haur baten ikaskide ere. Naturaltasun osoz eman du horren berri, hori baita  bere errealitatea, eta ez zaio arrotza.

Berak, gainera, etorkizunean, agian izango du hirugarren harrera ahizpa edo anaiaren bat. Bikoteak familia osatzeko ideiari forma eman nahian hasi zirenetik dauka haur bat harreran hartzeko gogoa, eta, baliteke etorkizunean, euren nahia gauzatzea: "Pare bat aldiz deitu dugu informazio eske. Oraindik ez dugu pausoa eman etxean nahiko lan badaukagulako, baina, agian, noizbait, nork daki".

Zer da ba familia, eskuzabaltasuna eta aniztasuna ez bada? Elkarrizketa hau egiteko Agirre-Mantzizidor familiak bere Asteasuko etxean hartu zuen kazetari hau, beso-zabalik, bere etxean egongo balitz bezala sentiaraziz. Hitzordu hura baino lehen, kazetariak ez zuen inoiz hitz bat elkartrukatu ez Agirre, ezta Mantzizidorrekin ere, eta are gutxiago Jare, Maren eta Arai txikiekin, baina, solasaldia amaitu eta grabagailua itzalita, etxeko terrazan duten ohe-elastikoan saltoka ari ziren umeei begira jarraitu genuen bizitzaz hizketan. Eta, aitortu behar dut, bihotza beteta hartu nuela Lasarte-Oriararako bidea, eta hori eskertzekoa, gutxienez, bada. Mila esker, familia.