SERIEAREN BIGARREN ARGITALPENA

Sei urte elkarren berotasunean

Maddi Zaldua 2021ko mai. 21a, 11:30

Bi neskatilen harrera-familia osatzen dute Olatz Arozenak eta Txarli Martinezek. Sei urte daramatzate elkarrekin bizitzen eta bizipen horien berri eman diote TXINTXARRI aldizkariari

Guraso izateko "beste modu bat" bezala bizi dute Olatz Arozena  (Lasarte-Oria, 1970) eta Txarli Martinezek (Bilbo, 1962) harrera-familia. Zazpi eta zortzi urteko neskatila banaren harrera-familia osatzen dute, duela sei urtetatik. Prozesua abitu zuten lehen unetik argi zuten haurrak harreran hartzearen erabakiak bazuela "konpromiso izaera handi bat", eta, horrela, harrerako haurrek harrera familiak edukitzeko "beharraz jabetuta",  hari horretatik tiraka hasi ziren lehen pausuak ematen.

"Epe luzerako erronka eta konpromisoa" hartuz murgildu ziren lehen, eta, gaur-gaurkoz, bizitzea egokitu zaien esperientzia bakarrean. Eta, azaldu dutenez, "esperientzia polita" izaten ari da: "Asko eskatzen dute, baina eman ere asko ematen dute. Ederra da nola hazten ari diren ikustea, eta beraien erreferentzia nagusiak bilakatu garela ikustea".

Kontatu dute hasieratik izan dutela "erronka bikoitza", harreran dituzten haurrak familia ezberdinetan egon zirelako batetik, eta, Olatzekin eta Txarlirekin lotura finkatu eta garatu behar zutelako bestetik. Eta, finkatutako erronka horiekin aurrera egiten ari dira orain: "Oso ume irekiak dira, biziak eta alaiak eta oso ondo integratu dira gure inguruan: familian, lagunartean, ikastolan eta kalean".

Aldundiko Gizarte Zerbitzuak
Olatzek azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du haurrak harreran hartzeko prozesua: "Aldundiko Gizarte Zerbitzuetara jo behar da; bertako profesionalak dira prozesu guztia gidatzen dutenak".  Gaineratu du, profesional horien bidez, hainbat ebaluazio egiten dizkietela harrera-familia izan nahi dutenei, "egokitasun-maila" baloratzeko. Zenbait formazio saio ere egiten direla kontatu dute: "oso interesgarriak".
Beroa elkartearen berri ere eman du: "Gipuzkoako harrera familien elkartea da, eta hala behar izanez gero, aholkuak emateaz gain, haurrak harreran hartzeko prozesua hobeto ulertzen eta eramaten ere laguntzen dute".

Argitu ditu baita ere haurrak harreran hartzeko dauden aukerak. Urgentziazko harrera da horietako bat. Haurrak egun batetik bestera hartu behar izaten dira, eta, gehienez, sei hilabeteko egonaldia egiten dute harrera-familiarekin. Aldi baterako harrera ere badago. Kasu horretan, bi urtera arteko egonaldiak egiten dituzte haurrek, harrera-familietan. Hirugarren aukera, harrera iraunkorrarena da; "epe luzekoa". Harrera mota horrek "iraupen mugagabea du". Azken motako harrera prozesuan daude Olatz, Txarli eta euren bi harrera-alabak.

"Haurrak zoriontsu hazten ari direla ikusita, prozesu honek merezi izan duela uste dugu"

Kontatu dute harrera-iraunkorreko familian dauden  haurrak, adin nagusitasunera heltzen direnean euren kabuz erabaki dezaketela zein bide jarraitu, hau da, harrera- familiarekin bizitzen segi, jatorrizko familiara itzuli, edo aldundiaren babesarekin euren bidea jarraitzea.

Harremanak, familia biologikoarekin
Olatzek eta Txarlik kontatu digute euren harrera-alabek badutela  harremana euren familia biologikoarekin: "Harrera-familia kasu bakoitzarentzat, bisita-erregimen ezberdina zehazten da; gure kasuan, hamabost egunean behin egoten dira euren jatorrizko familiarekin; bi orduz".
Haurren garapenerako euren familia biologikoen presentzia "garrantzitsua" dela iritzi dute: "Eurek ere, zaindu ezin dituzten arren, maite dituztela sentitzea oso garrantzitsua da. Bisita horien bitartez, familia biologikoekin kontaktua mantentzea bermatzen da; familia gertu sentitzeak, abandonatua izatearen sentimenduak usatzen laguntzen du".

Kontatu dute euren haurrek "pozik" hartzen dituztela bisita egunak: "Gure kasuan, familia ere asko saiatzen dira haurrekin daudeneko momentua atsegin egiten. Gustuko meriendak, opariak, eta abar ematen dizkiete. Hasieran mugituago etortzen ziren bisitetatik, baina, orain, lasaiago etortzen direla sumatzen dugu".

Gizartean, "ezezagutza"
Harrera-familien gaiarekiko, orokorrean, "ezezagutza handia" dagoela uste dute Olatzek eta Txarlik. Gauzak horrela, egokitu zaie "ezjakintasunetik" egindako zenbait adierazpenen lekuko izatea ere, eta horien adibide bat jarri dute: "Hasieran, gurasoei haurrak horrela nolatan kendu zizkieten galdetuz hurbiltzen zitzaigun jendea". "Eskuzabaltsun handia" erakusten ari direla adierazten dietenak ere badituzte inguruan, eta baita ere "Haurrak familia-biologikora bueltatzen direnean zer?", galdetzen dietenak, nahiz eta aitortu duten normalean ez dutela "asmo txarrik" sumatu galdera horietan. 
Azken galdera horren gainean, ordea, ez dute gehiegi pentsatzen: "Urte hauetan guztietan egunero egiten duguna euren barruan geratuko dela espero dugu; eraiki dugun lotura betiko izango dela. Haurrak gurekin zoriontsu hazten ari direla ikusten dugunez, guretzat prozesu honek merezi izan duela eta bere fruituak eman dituela uste dugu".

Gaiarekiko lanketa
Ikastetxean, besteak beste, familia ereduen gaia lantzeak, eredu ezberdinak egon badaudela ikustaraztearekin batera, "hobeto ulertzen" ere laguntzen dutela uste dute Olatzek eta Txarlik: "Gure haurrek orain badakite familia-eredu ezberdinak daudela. Bi ama eta bi aita dituztela esaten dute orain, baina, hasiera, egoera normala ez zela adierazten zuten, eurak egoera hori bizitzen ari ziren bakarrak izango balira bezala. Familia eredu tradizionaletik kanpo ikusten zuten euren burua". 

Ikastetxean txikitatik haurrekin gai hauek lantzeak "berebiziko garrantzia" du Olatz eta Txarlirentzat: "Txikitatik egiten bada lanketa haur horiek euren ingurune hurbilean onartuak direla sentituko dute, eta horrek asko lagunduko die inolako etiketarik gabe hazi eta garatzen".