Pentsa zein zaila izan daitekeen aita edo ama etxetik kanpo, urrun duten familien egunerokoa. Distantziek, ordea, ohi baino gehiago ere batu ditzake senideak, baina, hutsunea, sumatzen da, ezinbestean. Horrelako egunerokotasunean bizi da Fernandez Iradi-Fresneda sendia. Ibon Fernandez Iradi aitak, Ainara Fresneda amak eta Lizar eta Harri semeek osatzen dute familia hori. Aita espetxean dago, Lannemezanen berez (Frantzian), eta Parisko La Santen zenbait egunez, baina etxekoengandik gertu. Gurasotasuna nola bizi duten kontatu diote, txintxarri-ri.
Kartzelan ezagutu zuten elkar Fresnedak eta Fernandez Iradik, eta hantxe hartu zuten familia bat osatzeko erabakia, nahiz eta umeak, ama espetxetik irtenda zegoela jaio ziren: "Espetxean geundela erabaki genuen, erabaki hark izan zitzakeen muga guztiekin", azaldu du Fresnedak.
"Espetxeak baldintzatuta, guraso izateko erabakia hartzea ez zen erraza izan"
Aitortu du ez zela erabaki erraza izan, espetxea baita bere familia baldintzatzen duen faktore nagusietako bat, baina, zailtasunak zailtasun, aurrera egin zuten: "Ibonen kartzelaldia luzea izango zela jakinik, haurrak izango genituen edo ez erabakitzeko unea iritsi zen. Espetxearen baldintza hor egongo zela kontziente ginen, horrek egoerari ematen dion gordintasun eta gogortasunarekin, baina, aurrera egiteko erabakia hartu genuen, eta pozik gaude horrekin".
Egunerokoan bezala, haurdunaldia eta erditzea bezalako une "berezietan" bikotekidearen hutsunea antzeman duela kontatu du: "Une horiek oso hunkigarriak dira, eta nik ez nuen bikotekideren presentzia fisikorik izan, nahiz eta Ibonek beti egiten duen gertu egoteko ahalegina".
Bikotekide eta aitari bisitak
Urte luzez hamabost egunero joan izan dira bikotekide eta aita bisitatzera; bi astean behin ikusten zuten laurek elkar. Azken urteetan, ordea, Frantziako espetxeek "aukera berri bat" eman diela kontatu du Fresnedak: "Egun bateko edo bi eguneko bisitak egiteko aukera izan dugu, kartzela barruan dagoen apartamentu batean". Bisita mota hori, ordea, hilabetean behin egiteko aukera dago, hortaz, Lizarrek eta Harrik hamabost egunean behin ez, hilabetean behin ikusi dute aita, azken urteetan.
Orain, aldiz, bizi ditugun pandemia garai hauek ere eragin diete elkar ikusteko hitzordu horiei. Fresnedak kontatu duenez, apartamentuko bisitak eten egin dituzte, eta bestelako bisitetara ere ezin dute haurrek joan. Gauzak horrela, zortzi hilabete dira semeek aita ikusi ez dutela. Bisitan joan ahal izateko aukera heldu bitartean, telefonoz eta gutun bidez soilik izaten dute elkarren berri, baina, gauzak ondo bidean, ekainaren 18an izango dute, berriro ere, aitarekin "etxetxoan" elkartzeko aukera.
Bisitetara joateko bidaiak ere ekarri dituzte gogora erreportaje hau prestatzeko elkarrizketan. "Bisita lehenbailehen hasteko irrikaz egiten ditugu bidaiak; elkar besarkatzeko gogoa sentitzen dugu, eta haurrak ere oso pozik, urduri eta aitarekin zertara jolastuko diren pentsatzen joaten dira".
"Zortzi hilabete dira, covid-19aren ondorioz Lizar eta Harrik, aita ikusi ez dutela"
Etxean, hutsunea
Egunerokoan bikotekidearen eta aitaren "falta" sumatzea ez da erraza Fresnedarentzat, baina, bereziki zenbait egoeratan egiten zaie zailago. Adibideak ere jarri ditu: "Etxean, haurrek Ibonen behar handiagoa sentitzen duten momentuak gogorrak dira. Bere gaixotasunaren sintomak areagotzen ari direla jakiten dugun bakoitzean ere, inpotentzia sentimendua sortzen da gugan". Eguneroko "egoera zailetan" ere nabaritzen dute bikotekide eta aitaren beharra; semeak gaixorik daudenean, oporraldietan, eta abar. "Zoritxarrez ez dugu beste egoerarik ezagutu, eta momentu on zein txarretan beti dugu Ibon falta zaigunaren sentsazio hori".
Aita kartzelatik aterako zain
Lizar eta Harrik egunero-egunero erakusten dute aita espetxetik ateratzeko borondatea. Horrela azaldu du euren ama Ainarak: "Espetxearen presentziarekin hazten ari dira gure semeak; zoritxarrez ez dute beste egoerarik ezagutu. Askotan galdetzen didate, adibidez, aita noiz aterako den kartzelatik".
Aita espetxean egoteak zenbait kezka sortzen badizkie senideei, zer esanik ez, kasu horretan, preso dagoen senidea gaixorik dagoenean. Hori da Ibonen kasua, gaixorik dauden hamazazpi euskal presoetako bat baita Fernandez Iradi. Esklerosi anizkoitza dauka eta kezka gehigarri horrekin bizi dute egunerokoa bere bikotekide eta semeek.
Presondegian zegoela gaixotu zen Fernandez Iradi, eta eritasun hori "kronikoa eta neurodegeneratiboa" dela azaldu du Fresnedak. Kartzelako baldintzak, gainera, ez dira gaixotasuna zaindu eta bizi kalitate hobeago bat izateko egokiak, eta, gaur gaurkoz, "atzeraezinak" diren ondorioak jasaten ari dela azpimarratu du. Gaixotasun hori espetxetik kanpo pairatzea "arazo larria" bada, zer esanik ez gaixo dagoena kartzelan badago. Dena den, goraipatu du bere bikotekide Ibonek eritasunari aurre hartzeko ateratzen duen gogo eta indarra: "Ibon beti saiatzen da bere egoerak ahalbidetzen dion bizitza ahalik eta aktiboena edukitzen".
"Momentu on zein txarretan, beti dugu ibon falta zaigunaren sentsazio hori"
Gizartearen ikuspegia
"Babes handia" ematen dien "ingurune hurbil" bat badutela nabarmendu du Fresnedak. Kontatu du, Lesakan bizi direnez, eta herri "txiki" bat izanik, denek badutela euren egoeraren berri, eta horrek ahalbidetzen dituela zenbait egoera. Semeek, esaterako, lagunekin eta ikastolan hitz egiten dutela euren aitaren egoeraz.
Elkartasuna adierazten dieten "jende multzo bat" ere badute ondoan, baina, ikusten du baita ere, bere bizitzan bestelako "arazo handiak" dituzten pertsonak ere: "Horiek nahikoa lan badute, egunero aurrera egitearekin; gu kontziente gara, gure arazoak ez direla beste batzuenak baino handiagoak edo larriagoak".
Azkenik, identifikatu ditu baita ere, "euren zilborretik harago" begiratzeko ezintasunak dituztenak.
Orain ekainaren 18ra begira daude Ainara, Lizar eta Harri; bikotekide eta aita bisitatzera joateko egunaren zain. Denbora luzea eta gero, laurak elkarrekin egoteko aukera izango dute, laster.
Gainerako gurasoek lortu nahi dituzten helburu berdinak, baina oztopo ezberdinak
Espetxean guraso izatea "zailtasunez betetako bide bat" dela kontatuz hasi du Ibon Fernandez Iradik Lannemezango espetxetik erreportaje hau osatzeko txintxarri-ri bidali dion idatzia.
Kontatu du, guraso izatea planteatu zuten momentuan, "ziurtasun osoz" zekiela bere seme edo alabaren bizipen eta pasarte asko galdu egingo zituela, edota bera ikustera joateko bidaia "amaigabe eta etengabeak" egin beharko lituzketela. Horrekin batera, jakin bazekien baita ere, egunerokoan bere beharra izango zuten momentu askotan, ezintasunaren sentimendua loratuko zela beregan, eta, bisitak, espetxea bezalako leku "arrotz" batean izango zirela.
Erabakia hartzeko oztopoen zerrenda "luzean", gogora ekarri ditu, euren kasuan ez bezala, semea edo alaba espetxean bertan jaiotzea tokatu zaien gurasoak.
Orain arte egoera erraza izan ez bada ere, are "korapilatsuagoa" bilakatu da azken urtean. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, espetxeak ixteko erabakia hartu zuten Espainiako zein Frantziako estatuek: "Hori izan zen hartu zuten lehen neurrietako bat, eta kartzelan gaudenokiko duten begirunea ikusita, irekitzen azkenetarikoak". Azpimarratu du bera preso dagoen Lannemezango espetxean baino "egoera okerragoan" dagoenik egon badagoen arren, 2020. urteko urriaz geroztik semeak ikusi gabe dagoela.
Ulertzen du pandemia ez dela erraz kudeatu daitekeen egoera bat, baina, neurriak hartuta euren egoera "pixka bat" arinduko lukeen edozein proposameni ezezko biribila eman diotela azaldu du, eta, are gehiago zaildu du horrek gurasotasuna: "Mugatua zen gurasotasuna, kasik ezerezean geratu zaigu, eta ez dugu Noiz ikusiko dugu aitatxo berriro? edo Aitaxo aurten zu ikusteko aukera izango dugu? bezalako galderentzako erantzunik izan.
Bere bikotekide Ainarak bere elkarrizketan aipatu du Ibonek espetxean egonda ere egunerokoari aurre egiteko ateratzen duela indar eta gogoa, eta testu hau osatzeko bidali duen idatzian ere, azpimarratu nahi izan ditu espetxean guraso izatearen alde garratzenekin batera, gozotik ere badutenak; hala nola, espetxean guraso izateko eta bizipen horiek sortzen dizkion aukerak: "Orain artekoak idatzita, batek pentsa dezake espetxean guraso izatea tragedia hutsa dela, baina, kartzelako zirrikituek uzten didatenean, guraso bezala sentitzen ditudan betebehar, kezka eta asmoei bide emateko aukera ere izaten dut". Eta hasi da betebehar, kezka eta asmo horiek zerrendatzen.
Kezkak, pozak eta helburuak
Edozein gurasok izan ditzakeen "kezka eta asmo" berdinak sentitzen ditu Fernandez Iradik espetxean egonda. Adibidez, semeak gaixotu direlako edo min hartu dutelako, edota egunerokoan litxarreriak jaten dituztelako, edo tabletean denbora gehiegi jolasten aritzea eurentzat ona ez dela ulertarazi nahi dielako, eta baita ere "bisita luzera" ikastolan ondo ulertu ez dituzten etxeko-lanak ekarri eta horiek egiten lagundu nahi dielako.
Edozein gurasok euren seme-alabengatik senti dezaketen "tristura eta poz" berdinekin ere bizi du berak aitatasuna: "Lagunekin urtebetetze bat ospatu eta primeran pasa dutela esan didatelako, edota irakasleak ikastolan ongi dabiltzala aipatu digulako, edota bihurrikeria handiegia egin dutelako, edota arratsalde oso bat errekan jolasean pasa dutelako".
Eta, noski, edozein gurasok izan ditzakeen helburu berdinak ere baditu Fernandez Iradik ere: "Egunetik egunera pertsona hobeak izan eta egiten duten horretan arduratsuak izan daitezela".
Espetxean egotearen "oztopoa", berriz, ezberdina da beste edozein gurasorekin alderatuz. Hala ikusten du berak: "Edozein guraso eta haurrek ez dituzte guk ditugun oztopoak". Eta zailtasun guztien gainetik, bere semeak "osasuntsu" hazten ari direla jakiteak "asebetetzen" duen arren, muga horiek inoiz onargarriak izan ez direla iritzi du: "Konponbidean jartzeko urgentzia dago". Hori iritsi bitartean, ordea, amesten jarraituko duela azaldu du: "Bisita eremuko atea zabaldu eta irribarre bat ahoan, besoak zabalik nigana korrika ikusten ditudan momentua itxaron eta une horietan sentitzen dugun poztasun eztandarekin amesten jarraituko dut".
Erreportaje hau aitzakia hartuta laburtu ditugu Lesaka, Lannemezan eta Lasarte-Oria arteko distantziak, une batez. Eskerrik asko, familia zuen prestutasun eta laguntzagatik. Ametsa errealitate bilakatzear da.