SERIEAREN BIGARREN ARGITALPENA

Beroa ematea, jatorrira itzultzeko

Maddi Zaldua 2021ko mai. 21a, 11:30

Bi aldiz izan dira hiru haurren harrera-familia Mertxe Rodriguez eta bere bikotekidea. "Ezohiko" kasuak bizitzea egokitu zaiela kontatu dio Rodriguezek TXINTXARRI-ri

Gaur hamabost urte ezagutu zuen lehen aldiz Mertxe Rodriguezek (Lasarte-Oria, 1968) Beroa elkartea. Pirritx eta Porrotx pailazoen lagun Marimotots hezurmamitzen du Rodriguezek, eta hain zuzen ere, pailazo gisa lanean ari zela eduki zuen Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea ezagutzeko aukera. Eta, orduantxe sortu zitzaion haur bat harreran hartzeko harra barruan: "Pailazoekin familia ereduen gaineko bilduma bat lantzen ari ginen orduan, eta proiektu haren parte zen Beroa elkartea".

"Aspaldi" hartu zuen Rodriguezek ama-biologikoa ez izateko erabakia, baina, aitortu du buruan beti izan duela bueltaka haurrak harreran edo adopzioan hartzearen ideia. Buruko ideia eta asmoak gehiegi pentsatzen direnean, ordea, batzuetan ez da horiekiko erabakiak hartzeko une egokiak topatzen sekula, eta hori da, modu batean Mertxeri eta bikotekideari gertatu zitzaiena, behin betiko erabaki hartu zuten arte: "Gauzak asko pentsatzen dituzunean, inoiz ez duzu horiek aurrera eramateko momentu egokirik ikusten. Gure kasuan, lana zela, edo beste edozein aitzakia zela, ez genuen haur bat harreran edo adopzioan hartzeko une egokirik ikusi denbora askoz".

Erabakia hartzeko "denbora luzea" behar izan zuten arren, duela bospasei urte hartu zuten erabakia: "Gaiari muinetik heldu eta esan genion gure buruari, zergatik ez? Eta galdera horri ezezko borobil bat emateko erantzunik ez genuela ikusirik, aurrera egitea erabaki genuen". Orduantxe erabaki zuten haur bat harreran hartzeko prozesua martxan jarri eta bide berri hari ekitea.

Gogoan du Rodriguezek harrera-familiak kudeatzen dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko profesionalekin egindako  informazio-bilera batekin hasi zela guztia. Bertan haur bat harreran hartzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkietela eta han jasotakoarekin aurrera egitea erabaki ostean, prozesuarekin aurrera jarraitzeko izapideak edo beharrezko paperak bete behar izan zituztela.

Azterketa psikotekniko bat ere egin behar izan zuten, eta, horren ostean, baita etorkizunean, harrerako haur baten guraso zirenerako, zenbait kasu teoriko-praktikoren formazio saioa ere.

Lehen "erradiografia"
Prozesu horretan bildutako  informazioarekin, harrera-haur eta familien arteko harremanak kudeatzen dituzten ordezkariek lehen "erradiografia" bat egiten dute: "Jasotzen dute harrera-familion informazioa eta horren arabera, familia horietara egokitu daiteken kasuak bilatzen dituzte".

Puntu horretara iritsita, Rodriguez eta bikotekidearen lehen kasuan, hilabeteko haur bat harreran hartzeko deia jaso zuten. Hasieran sustoa hartu zutela aitortu du, ez baitzuten jaioberri bat harreran hartzeko ideia buruan, baina, hasierako "beldur eta kezkei" aurre egin eta baiezkoa eman zuten: "Bost urtetik zazpi urte bitarteko haur  baten harrera-familia izateko ideia egin genuen, eta, bat-batean, hilabete batekoarekin etorri ginen etxera; oso pozik, oso polita izan da".

Etxean bi izatetik hiru izatera pasa, eta egokitzapen prozesuari martxa hartzen ari zirela, zortzi hilabetera, haurra familia-biologikoarekin itzuliko zela jakinarazi zieten, ordea.Denboran, harrera prozesu hark ez zuen bikoteak aurreikusi zuena bezainbeste iraun, baina bizitako hilabeteak "oso intentsoak" izan zirela azpimarratu du: "Guretzat berria zen haur bat etxean hartzearen esperientzia, egun batetik bestera gainera.

Lehenengo esperientzia  hark bultzatuta, bigarrengoz beste haur bat hartzera animatu ziren, eta sei hilabete itxaron ostean, bi anai-arreba hartu zituzten etxean. Haur horietako batek zortzi hilabete zituen orduan, eta, besteak, aldiz, bi urte eta erdi. Aurreko esperientziaren antzera, ordea, uste baino lehenago itzuli ziren haurrak familia biologikoarekin; urte eta erdi harrera familian egon eta gero.

" Prozesu honetan beharrezkoa izan da konpromiso kolektiboa; komunitate lan bat da eta horrela bizi izan ditugu guk. Bakarrik ezin izango genukeen"

Rodriguez eta bere bikotekideak harreran izan dituzten haurrek, astero bisitatzen zituzten euren familia biologikoak. Rodriguezek berak kontatu du lehenengo bisitak "arraro eta deserosoak" izan zirela, izan ere, berak eta bere bikotekideak ez zuten haurren familia-biologikoarekin harremanik. Denborak aurrera egin ahala, ordea, familia-biologikoa ezagutzeko aukera eman zieten, eta orduan "errazagoa" bihurtu zen egoera. 

Esperientzia "ezohikoak"
Euren bi esperientzien berri eman ostean, kontatu du Rodriguezek eurenak bezalako kasuak ez direla "ohikoak". Urgentziazkoak ez diren kasuetan, iraunkorrak izaten baitira egonaldiak. "Gureak, hasiera batean epe luzerakoak baziren ere, denbora labur batean itzuli ziren, haurrak, euren familia-biologikoetara".

Bizitako bi esperientziak bere bizitzako "abentura potenteenak" izan direla azaldu du Rodriguezek, hala neurtzen baitu berak bizitza; abenturatan. Eta gaineratu du, "hamarrekoak" izan direla biak ala biak: "Guk gure helburua beti izan dugu oso garbi. Gure nahia izan da haur horiei, egunen batean, posible bazen euren familia-biologikoekin bueltatzen laguntzea. Izugarrizko ahalegina eta saiakera egin dugu, berriz ere unitate-familiarra izatera bueltatu zitezen. Bizitza hau oso luzea da, eta bidean zulo asko daude. Nork esaten digu, zulo horietako batean eroriko ez garenik inoiz? Guk horrela ulertzen ditugu familia horiek; momentu batean zulora erori dira eta, gizarteak lagundu egin behar die hortik ateratzen. Harrera-familia da hortik ateratzen laguntzeko baliabide bat".

Helburua hain zuten garbi, ezen harrera epeak amaituta, haurrak euren familia-biologikoetara bueltatzeak zoriontsu ere sentiarazi dituela: "Bihotza badugu, eta noski, pena ematen duela. Gureak balira bezala zaindu eta maite ditugu, baina helburua bete dugu, eta horrek oso pozik sentiarazten gaitu aldi berean". Gaur-gaurkoz harreman "oso polita" mantentzen dute hiru haurrekin eta euren bi familiekin, eta etorkizuneko ateak itxi ez dituzten arren, harrera-familiaren ibilbideari, momentuz behintzat, amaiera eman diotela jakinarazi du.

Komunitate lana
Eskerrak emanez amaitu du elkarrizketa. Eskertu ditu bizi-esperientzia horietan ondoan izan dituen lankide, senide, lagun eta irakasleak, besteak beste. Azpimarratu du, haur bat harreran hartzeko prozesua abiatu zutela, jakinik prozesu hura ez zela euren lana soilik. Horrela, prozesua abiaan jarri aurretik, lankideen artean azaldu zuen nahia Rodriguezek: "Malgutasun pixka bat behar nuen etxean, haurrekin egon ahal izateko, eta inolako arazorik gabe, izugarrizko laguntza eman zidaten". 

Familian ere kontatu zuen abiatzear zuen prozesua, eta guraso zein anai-arreben aldetik ere babes handia jaso zuela azaldu du. Eta euren inguruari ere egin dio azpimarra. Haurrak harreran egon bitartean haurtzaindegian eta herriko ikastetxeen aldetik jaso duten laguntza ere "izugarria" izan da: "Oso ondo hartu zituzten haurrak". 

Elkarlana izan dela nabarmendu du: "Denon arteko elkarlan bat izan da; auzoarena, bizilagunena, plazarena . Prozesu honetan beharrezkoa izan da konpromiso kolektiboa; komunitate lan bat da eta horrela bizi izan ditugu guk. Bakarrik ezin izango genukeen, hortaz, mila esker bidelagun guztiei".